Antxoa gazteen kopurua bikoiztu egin da Bizkaiko Golkoan
Antxoa gazteen kopurua nabarmen hazi da aurten Bizkaiko Golkoan; hala erakutsi du Lakuako Gobernuak eta AZTIk egindako ikerketak. Orotara, antxoa gazteen biomasa 544.781 tonakoa da, batez besteko historikoaren bikoitza. Irailaren 5etik urriaren 10era bitartean jaso zituzten datuak.

Bizkaiko Golkoan antxoa gazte kopurua nabarmen hazi da; batez besteko historikoa bikoiztu egin da, Lakuako Gobernuak eta AZTI zentroak Juvena 2025 kanpainan egindako ikerketak.
Lortutako estimazioek ugaritasun maila hori berresten dute: antxoa gazteen biomasa 544.781 tonan kokatzen dute. Kopuru horrek igoera nabarmena agertzen du, 2024an erregistratutako 255.344 tonekin alderatuta.
Irailaren 5etik urriaren 10era bitartean garatutako Juvena kanpainaren emaitzek 2026ko kostako arrantza-kanpainarako errekrutamendu ona aurreratzen dute, eta maiatzean Bioman kanpainak markatutako aurreikuspenak berresten dituzte. AZTIk berak gidatutako beste kanpaina horrek antxoa helduen biomasa eta arrautza ekoizpena handia zela zioen.
Lakuako eta Estatuko gobernuen jarraipen programen esparruan kokatutako bi azterlan hauek espeziearen bizi-ziklo osoaren argazkia erakusten dute; funtsezko informazioa da Kantauri itsasertzeko elikagai baliotsuenetako honen kudeaketa moldakor eta iraunkorra bermatzeko.
«2025eko datuek argi erakusten dute espeziearen egoera ona, eta berriro ere azpimarratzen dute arrantza kudeaketa ezagutza zientifikoan oinarritzea zein garrantzitsua den», adierazi zuen Leandro Azkue Lakuako Gobernuko Arrantza eta Itsasertzeko Garapeneko sailburuordeak. Juvena eta Bioman serieen konbinazioari esker, errekrutamendua eta izakinaren (stockaren) bilakaera zehaztasunez zenbatetsi daitezke; funtsezko informazioa da hori Itsas Ikerketarako Nazioarteko Kontseiluak (CIEM) egiten duen ebaluazio zientifikorako.
BALDINTZA ONURAGARRIAK
Aurten Juvena kanpainak emandako antxoa kopuruen datuak -38.160 itsas milia karratuko azalera hartu du aztergai- udaberrian jaiotako ale gazteen biziraupen bikaina berresten du, eta antxoa larbak eta gazteak garatzeko baldintza ozeanografiko oso onuragarriak egon direla agertzen du.
«Antxoa europarra bizi-ziklo laburreko eta urtez urteko aldakortasun handiko espeziea da, Bizkaiko Golkoko baldintza ozeanografikoen oso mende dagoena. Bi eta hiru urte arteko bizi-zikloa du, eta bere ugalketa faktore hauen menpe dago: uraren tenperatura, elikagai eskuragarritasuna eta ozeano korronteak, besteak beste. Horregatik alda daiteke horrenbeste bere biomasa urtetik urtera», azaldu duen Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak (CEO).
Aztertutako antxoa gazteen batez besteko luzera 6,3 zentimetrokoa izan da (seriearen batez bestekoaren azpitik); hori errunaldiaren biziraupen handiko urteetan ohikoa da.
«Kanpaina hauek informazio zientifikoa ematen jarraitzen dute, eta argi erakusten dute zientziaren, administrazioaren eta arrantza sektorearen lankidetza eraginkorra dela», gehitu zuen Pozok.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
