«Ekosistema konplexuago batera pasatzea da helburua»
Basogintza hamaika ertz dituen arloa da eta Tantai Baso Jabe Kooperatibako Markel Arriolabengoak neurrizko esku hartzea eta estaldura jarraituko basogintza aldarrikatu ditu baso autoktonoei buruzko jardunaldian, Andoainen.

Markel Arriolabengoa Andoainen izan zen urriaren 25ean bestelako basogintza eredu baten aldeko hitzaldian. 2023an Tantai Baso Jabe Kooperatiba sortu zuten, irabazi asmorik gabeko ekimena. Kooperatiba horrek baso jabe pribatu eta publikoak, langileak eta norbanako zein enpresa laguntzaileak batzen ditu. Bazkideen basoen kudeaketaz arduratzen dira, eta dagoeneko 1.000 hektarea baino gehiago kudeatzen dituzte Euskal Herrian. Bertako espeziez osatutako basoak sortzea proposatzen dute, aniztasun handiagokoak egituran eta espezie konposaketan, eta mozketak bakarrik bakanketa bidez egiten dituzte.
2018 inguruan krisialdian sartu zen basogintza eredutik aldendu beharra azaleratu zuen Arriolabengoak. Izan ere, adituek ziurtatu dutenez, kanpoko espezieen eredu intentsiboak dira ekosistemak kudeatzeko modu zaurgarrienak.
Eredu intentsiboak lurra pobretu du, ekosistemak ahuldu ditu, espezie aniztasuna murriztu du eta, horrek guztiak, aldakortasun handiko egoera honetan, eragin du baso askok porrot egitea.
Gainera, Arriolabengoak ziurtatu zuen gaur egungo basogintza ez dela batere errentagarria, oso larri dabilela ekonomikoki, langileak asko estutzen direla eta inguruak ez daudela batere zainduta.
ZEIN DA PROPOSAMENA?
Horren aurrean, «ekosistemako prozesu naturalak errespetatzea eta haiei balioa ematea oinarritzat duten beste basogintza ereduak» proposatzen dituzte kooperatibatik: «Helburua da kanpoko espezieez osatutako monolaborantza batetik, ekosistema konplexuago batera pasatzea».
Estaldura jarraituko basogintza ereduan zentratuta daude, «ekonomikoki ere aukera oso aproposa izan daitekeelako». «Gakoa ekosistema ulertzea da, eta zenbat eta hobeto ulertu, orduan eta hobeto kudeatuko da», adierazi zuen Arriolabengoak.
Baso heldu egonkorrak lortzeko zenbait urtean behin mozketak egitearen alde agertu zen baso langilea.
Basoaren ezaugarrien eta helburuen araberako esku hartzea aldarrikatu zuen Arriolabengoak eta, horretarako, zenbait adibide aurkeztu zituen. «Arraseko mozketa egin bada, batzuetan landaketak egiten ditugu eta beste batzuetan ez. Berezko basoa indar handiz badator ez dugu landaketarik egiten eta bestela bai».
Teknika egokienak probatzen dabiltzan honetan, landaketak ilaratan egitearen alde egin dute, kudeaketa erraztu, hobetu eta merkatzeko. Gainera, azaldu zuenez, ilaratan landatzeak ez du esan nahi basoa hala egongo denik hemendik 50 urtera, tartean mozketa selektibo batzuen eraginez ez baitira dinamika homogeneoak gauzatzen eta berez etorritako espezieak ere badaudelako.
Kontziente dira, gainera, gizakiaren esku hartzeak badituela zenbait muga: «Landaketetan basoetako genetika ahultzeko arriskua dago. Mintegi gutxi daude eta leku beretik ekarritako haziak zabaltzeak kalte egin dezake.
Apustua, beraz, argia da: ekosistema erresilienteak sortzea. «Eszenatoki nahiko berria da denontzat eta argi izan behar da zer helburu ditugun eta horren araberako erabakiak hartu», argitu zuen.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
