Kritika soziala alboratuta, irakurlea «dibertitzera» dator Jon Arretxe
Jon Arretxek “Txerriak eta loreak” eleberri beltza argitaratu du. Txistor lapurreta batetik abiatuta, Sakana, Gasteiz eta Basauri ditu eszenatoki eta Zuriñe Ruiz de Gordoa Down sindromedun emakume indartsu eta zorrotza, protagonista. Emakumeen papera azpimarratzekoa da Inazio Mujika Iraola editorearen esanetan.

Toure detektibearen sailari atsedena emanda, beste eleberri beltz bat argitaratu du Jon Arretxek Durangoko Azokaren atarian. “Txerriak eta loreak” izenburupean, txistor lapurreta batekin abiatzen da istorioa, Sakanan. Oraingoan, ezagunak dituen tokiak aukeratu ditu: Sakana, Gasteiz eta Basauri.
Atzo aurkeztu zuen lana Donostian, Erein argitaletxeko editore Inazio Mujika Iraolarekin batera. Azken honek azaldu zuenez, Arbizuko industriagunean gertatzen den lapurreta xumeak «ustekabeko bide ilun batzuk» irekiko ditu eta «pertsonaia arriskutsuen arteko kate kriminala» abiatuko du. Horrela, bere hitzetan «korala» den nobela honetan udaltzainak, txistorgileak, enkargu ilunak egiten dituztenak eta «mafia txikiak» ageri dira.
Beraz, argitalpen berri honetan «etorkin, etxegabe, prostituta edo bestelako biztanle zaurgarrien ordez, negozio aitorrezinetan diharduten bertoko aberats eskrupulugabeek hartuko dute protagonismoa», laburbildu zuen argitaletxeak. «Ezohiko nobela da, laburra eta pertsonaia bereziz hornitua: Zuriñe Ruiz de Gordoa gasteiztar mandatugile bitxia, Gabriel Abrisketa basauriar enpresari ustela, Fermin Bakaikoa arbizuar txistorgile iluna... Harridura, dibertimendua eta ustekabeak ziurtatuta daude», gaineratu zuen.
Hortaz, «kritika sozial gutxien daukan nobela» da “Txerriak eta loreak”, Jon Arretxek zehaztu zuenez. «Nire helburu nagusia irakurlea eta jendea dibertitzekoa izan da -esan zuen-, kritikatik aldentzeko beharretik» abiatu delako.
Pertsonaia nagusia, protagonista, Zuriñe Ruiz de Gordoa arabarra da. Down sindromea du eta judoka, indartsua eta «bereziki zorrotza da», aurreratu zuen Mujikak.
Emakumeek eleberrian duten protagonismoa ere azpimarratzekoa dela esan zuen editoreak, eta, Ruiz de Gordoaz aparte, garrantzitsua da Iratxe ere, mafiosoaren alaba.
Jon Arretxe idazlearen iritziz, pertsonaia «interesanteena» da Ruiz de Gordoa, ez duelako inoiz aurkitu horrelakorik nobela beltzetan. Gaineratu zuenez, «badauka potentziala» beste eleberri batzuetarako. Sail baten lehenengoa izan daitekeen honek askatasuna eman dio Arretxeri idazteko garaian. «Kortse bat kentzearen antzekoa izan da», azaldu zuen. Izan ere, Toureren istorioarekin «nahiko baldintzatuta nengoen», baita hizkuntza aldetik ere. Oraingo honetan errazagoa izan zaio Sakanako, Gasteizko edo Basauriko euskaran erregistroak ongi bereiztea. «Oso gustura idatzi dut nobela hau», esan zuen Donostiako aurkezpenean.
Gustura egin badu ere, atzeko lan handia izan du idazten hasi aurretik. Ideia idazle kanariar batek eman zionez geroztik, dokumentazio lana egin behar izan du; txistorgintza ofizioaren inguruan ere bai, baina batik bat Down sindromedun pertsonen ezaugarriak ongi ezagutzeko. Horretan lagun izan du Paz Velasco kriminologo espainola.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
