WILLY ROUX-MAITE UBIRIA
KAZETA

Itxaronaldi luzea amaituta, Bonnat-Helleu museoak berriz ireki ditu ateak

Hamalau urte baino gehiago luzatu diren birmoldatze lanen ondotik Baionako hiriak erronka gainditu du. Bonnat-Helleu museoa inauguratu dute eta gaurtik aitzina publikoarentzat zabalik izanen da. Kazetarien bisita dela-eta Barthelemy Etchegoyen-Glama zuzendariak azaldu zuenez, «bakoitzak eskura dezakeen museo bat» irudikatzen du, «ez gotorleku bat, baizik eta leku abegitsu bat».

Inaugurazio ofizialaren aitzin, hedabideentzako museoaren bisitan harturiko irudia.
Inaugurazio ofizialaren aitzin, hedabideentzako museoaren bisitan harturiko irudia. (Guillaume FAUVEAU)

«Paris eta Madril arteko museorik ederrena» izanen da, itxaronaldi luze eta kostu handiarekin bada ere, Baionak berreskuratu duen museoa. 7.000 obra ikusgai jarriko dituen Bonnat-Helleu museoa inauguratu zuten atzo, eta gaurtik aitzina bere ateak irekiak izanen dira publiko zabalarentzat.

Leon Bonnat bildumagile handia izan zen, eta hiria ondasun horren jabe bilakatu zen haren dohaintzari esker 1922an. «Leon Bonnaten dohaintza eta ondoren Paul Helleuk egindakoa kultura deszentralizatzeko ekintza aitzindari gisara uler daiteke», iradoki zuen Charline Claveau Akitania Berriko lehendakariordeak eta Kultura alorreko arduradunak.

Bere erranetan, 2014an gauzatu zen itxieraren ondotik, «Akitania Berrian azken hamarkadan eginiko museo baten birmoldatzerik handiena» izan da, hiriko agintariei buruhauste franko eragindakoa ere, azkenik burutu den egitasmoa.

Izan ere, «eskualdetik harago ere» proiektuak duen garrantzia azpimarratzera heldu zen inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen Rachida Dati, frantziar Kulturako ministroa. Jean Rene Etchegarayk harrera egin zion museoan sartzean, eta barruan iragan zen ekitaldiaren atarian ohorezko aurreskua jaso zuten agintariek zein museoko arduradunek.

Inaugurazio egunean bertan, azken urteotan eginiko oharra plazaratu zuen Baionako udal oposizioak: bere kexa agertu zuen birmoldatze lanek izan duten iraupenaren eta kostuaren inguruan (29 milioi); eta horiei gehitu behar zaie museoan erakutsiko diren obrak zaharberritzeko lanen lau milioi euroko kostu gehigarria.

Bere eszenografia modernoari esker, Bonnat-Helleu museoak bere inguruarekin elkargune, eztabaida eta elkarrekintza gune bat izateko bokazioa duela adierazi zuen bere zuzendari Barthelemy Etchegoyen-Glamak.

«Bakoitzak eskura dezakeen museo bat» irudikatzen du, «ez gotorleku bat, baizik eta leku abegitsu bat». Kazetarien bisita dela-eta, cicerone lanetan jardun zuen museoko arduradunak inaugurazio ofizialaren bezperan.

Bisitaria obraz obra eramanen duen ibilbide batean sakondu eta garaiko kodeak uztartu ditu aro berri baterako prest den Bonnat-Helleu museoak. «Jendeak buruan edo begietan dituen eskema bisual batzuen berri eman nahi izan dugu. Horrek Netflix edo Instagram sareetan pentsarazten du, lasaigarria da», azaldu zuen Helene Ferron kontserbatzaileak.

Esaterako, XVIII. mendeko erretratu bat eskultura moderno baten ondoan atzeman daiteke, nortasunari, botereari eta bakoitzaren buruari begiratzera bultzatuz. Ibilbide artistiko pertsonal bat eraikitzeko aukera emanen zaie bisitari guztiei, «sare sozialetan norberaren eszenaratzea ohikoa den garaian, beren lotura emozional eta intelektual propioak josi ahal ditzaten». Milatik gora obra eta 21 aretorekin, eskaintza trinkoa du museoak. «Amarruak aurkitu behar dira bisita luzeegia ez bilakatzeko», aitortu du Sarah Narok, museoko kultura bitartekariak.

LEON BONNAT MINTZATZEN ZEN HIZKUNTZA, EUSKARA

Kultura adierazpenari, aro historikoari eta ikusleriaren osaketari buruz bidegurutzeak xerkatuko ditu museoak. Hala, Bonnatenak eta Helleurenak ziren bildumak sorkuntza garaikidearekin uztartuko dira, Point de Vue karrikako festibala zubi gisa baliatuz. Mugak gaindituz «lurralde osoko» publikoari begi kliska eginen diote museoko arduradunek. Bidaia horretan hizkuntzak badu zer erran. «Bonnat-Helleu museoan euskara ez da ahantzia izan», nabarmendu zuten.

Izan ere, mugak gaindituz bisitariak erakartzeko asmoa agerikoa da. Orientabide eta azalpen panelak frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz ezarri dituzte. Audiogidak, berriz, bost hizkuntzatan eskuragarri izanen dira, izan ere, ingelesa eta gaskoia gehitu dituzte. «Euskara toki guztietan izatea ez da hobari bat, baldintza kultural bat baizik», azpimarratu zuen Helene Ferron museoko kontserbatzaileak. Bisitak euskaraz antolatuko dira, hain zuzen ere, «Leon Bonnat mintzatzen zen hizkuntzan».