«Non dago gidaria?» galdetzen duen autobus bira abiatu da Donostiatik

Autobus bat pankarta batekin: «Hemen ez dago gidaria. Non dago?». Helmuga jarri ohi duen pantailan «Mikel Zabalza 40 urte gogoan». Hala abiatu zuen autobus bira Intxaurrondotik Mikel Gogoan ekimenak, Egiari Zor Fundazioaren, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen eta Dbuseko langile batzordearekin batera. Galdera potoloa da, baina geltokiz geltoki argitzeko eta egia, justizia zein erreparaziora iristeko bidea egiteko prest daude.
Lau hamarkada igaro dira Mikel Zabalza orbaizetarra eta Donostiako Udaleko langilea bere etxean atxilotu eta bizirik eraman zutenetik. Intxaurrondon bertan elkartu ziren atzo lankideak, senideak eta Donostiako Udaleko ordezkari politiko ugari -EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos- egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko. «Tortura eta tratu txarrak estaltzeko indarrean segitzen duten babes tresnek desagertu behar dute, hala nola Sekretu Ofizialen Legeak», egin zuten aldarri eta egia aitortzeko deia egin zieten Estatu espainolari zein Guardia Zibilari: «Justiziari eta erreparazioari bidea ireki behar zaie, zigorgabetasuna amaiarazi ahal izateko».
Guardia Zibilaren kuartelaren parean egin zen ekitaldia, eta oroitu zuten «lege antiterroristaren pean» Zabalza kuartel horretara eraman zutela, «inkomunikazioa, iluntasuna, ezjakintasuna, izua eta mina» pairatu zituen lekura. Harekin batera Idoia Aierbe bikotea, Manuel Bizkai lehengusua, Jon Arretxe eta Mikelen bi anaiak ere atxilotuak izan zirela ekarri zuten akordura, eta guztiek jasan zituztela torturak. Berri lazgarri horrekin batera, albiste ofiziala: «Guardia Zibilak Zabalza, Endarlatsan balizko zulo bat ikuskatzera eraman eta han zela, Bidasoa ibaira jauzi egin eta ihes egin zuen». Gobernuaren bertsio maltzur horrekin abiatu zen Zabalzaren kasua.
Lehen mobilizazio horietan ikusi zen lehenengoz autobusa Donostia zeharkatzen, Gobernu Zibilaren inguruan edo Udaletxe parean geldirik, pankarta batekin: «Hemen gidaria falta da, non dago Mikel?».
URRATS GEHIAGOREN ESKE
40 urte daramatza autobusak bidea egiten. Lehen geltokia: gorpua berreskuratzea. «Lorpen bat, tristea, baina lorpena, Mikel desagertuen zerrenda osatzera kondenatua baitzen, bertsio ‘ofizial’ maltzur hori betikotuz». Aitortzaren geltokia ere igaro du autobusak, bidean trabak topatu arren, Nafarroako Gobernuak, Lakuakoak eta Donostiako Udalak Estatu espainolaren bortizkeriaren biktima gisa aitortu baitute, bide juridikoen atea itxita badago ere.
Memoriaren geltokian ere izan da autobusa, eta Altzan zein Orbaizetan urtero egiten zaizkion oroimen ekitaldiak gogoratu zituzten, baita Donostiako Udalak egindakoak ere. 40 urte beranduago parean dute autobusa: «Euskal Herrian torturatuak izan diren pertsona guztiak presente ditugula erakusteko, eta bide luze hau egin ondoren oraindik azken geltokira iritsi ez garela adierazteko. Azken finean, dagokionak, Espainiako Gobernuak alegia, erantzun gabe segitzen du: Hemen gidaria falta da: Non dago Mikel? Non dago egia?».
Geltoki berri batera abiatu da autobusa: «Testigantza darama bere barnean eta dei egiten diegu tokian tokiko herrikideei eta bereziki gazteenei hura bisitatzera». Abenduaren 14an amaituko da bira Donostian. Dbuseko langileek, orain 40 urte bezala, autobusa eramango dute Kotxerasetik Bulebarrera, eta bertan egingo diote harrera autobusari.
«EGIA JAKITEKO EDOZEIN PAUSO ONGI ETORRIA DA»
Idoia Zabalzak azpimarratu zuen 40 urte pasatu badira ere mezua ez dela aldatu: «Egia, justizia eta aitortza eskatzen dugu». Sekretu Ofizialen Legearen inguruan urratsak egiteko aukera nola hartzen duten galdetutakoan argia izan zen: «Egia jakiteko edozein aurrerapauso ongi etorria izango da. Ez dakit zein mailatan eragingo liokeen gure kasuari zehazki, edo oro har tortura sufritu duten guztiei; izan ere, tortura praktika orokorra eta orokortua izan da denbora luzez. Segurtasun indarren egiteko moduak argitzen lagun dezake, lege batekin gauza asko argitu daitezke eta ongi etorria izango da».
Urte hauetan guztietan jasotako babesa eskertu zuen: «Oraindik badago gure memorian, eta inoiz argitu nahi badugu, ezinbestekoa da kasua ez ahaztea».

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
