GARA
DONOSTIA

Patrika saila eta logo berria dakartza Alberdania argitaletxeak

Norabide berria hartu du Alberdania argitaletxeak. Horren isla dira logo eta Patrika sail berria. Egile-saiakera literario laburrak hartuko ditu bildumak, garai bateko Zerberri sailari jarraipena emanez. Santi Leonek, Katixa Dolharek eta Gorka Bereziartuak ondutako lanak emango dio hasiera. Bigarrena Markos Zapiainek idatzi du.

Markos Zapian, Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua, atzo.
Markos Zapian, Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua, atzo. (Jon URBE | FOKU)

«Alberdania argitaletxeak, hogeita hamar urte luzez, helburu nagusi bat izan du: literatura ona publikatzea (han eta hemengo literatura, euskaraz nahiz gaztelaniaz). Literatur testu ona, hala ere, erabat alferrikakoa litzateke, biltzen duena ere, babesten duena −paper, tipografia, azala, diseinu− eskasa izango balu. Horretan ere saiatu da Alberdania azken hiru hamarkadan, liburuek barrua eder baina kanpoa ere halakoa izan zezaten. Adin bateko irakurle literaturazaleen artean gogoratzen dira 90eko hamarkadan argitaletxeak kaleratu zituen liburuez», adierazi dute.

Liburuaren sektoreak bizi dituen aldaketak ere azaleratu dira. Testuinguru honetan argitaletxeak garai berria bizi du. «Jorge Gimenez Bech sortzailea 2023an zendu zenetik, etapa berria jarri du martxan, garai bateko izpiritua berreskuratu eta XXI. mendeko irakurleari literaturarik onena eskaintzeko. Azken bi urteetan Oier Etxebestek hartu du argitaletxearen gidaritza».

Norabide berri horren lehen emaitza da argitaletxearen logoaren berritzea. «Argitaletxea 1993an jaio zenetik logo berdina izan du, Antton Olariagak diseinatutako irudi jada klasikoa. Baina garai berriek apustu berriak eskatzen dituzte, baita estetikoak ere».

PATRIKA

Logoa estreinatu duten bi liburuek sail berria ere abiatu dute: Patrika. «Autore-saiakera literario laburrak hartuko ditu bildumak, eta pixka batean Alberdanian argitaratu zen Zerberri sailaren segida hartu du; 1998tik 2006ra martxan egon zen, guztira 40 titulu bildu zituena».

Saila abiatuko duen aleak hiru egile dakartza: Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua. «Jon Miranderen jaiotzaren ehungarren urtemuga betetzen den honetan, haren obra eta figura aztertu dute hiru idazleok, bakoitzak bere prismatik, baina oro har literatura eta moralaren arteko auzia agerian jartzen duen autorea den neurrian. Saileko bigarren alea ere ez da nolanahikoa, Markos Zapiainek idatzi baitu, eta bere autobiografia erlijiosoa dela esan genezake; hau da, Zapiainek erlijioarekin, sinesmenekin eta batez ere laikotasunarekin izan duen esperientzia kontatzen digu, pasarte biografikoak hausnarketa filosofikoekin nahastuz, anekdota ustez hutsalenak hausnarketa politiko zorrotzenekin». Urtean lau bat izenburu ateratzeko asmoa dute, bi udaberrian, beste bi udazkenean. Diseinuari dagokionez, hain justu, Alberdania argitaletxearen lehen urteetako diseinuaren erreplika izango dute liburuok, baina XXI. mendera egokituta: azala bertikalki moztua, alde bakoitzean kolore bana, eta berritasun nagusia, liburuaren izenburua nahiz egilearen izena bertikalean. Behean, eskuinean, Alberdaniaren logo berria. Logo eta sail berrien diseinua aurrerapen bat baino ez direla argitu dute. «Bilduma klasikoetan ere (euskarazko nahiz gaztelaniazko narratiba, poesia, saiakera) diseinua berritu egingo dugu. Baina diseinu berri hori ikusteko udaberrira arte itxaron beharko dugu, orduantxe kaleratuko ditugu-eta bilduma klasikoen diseinu berria eramango duten lehen liburuak. Gauza onek beren denbora eskatzen dute».