Iraia CAMBRA
DONOSTIA
Interview
Anari ALBERDI
Musikaria

«Zibilizazioa bera da barbarierik handiena munduarentzat»

“Giza zarata” bira amaitzear den honetan, “Txikizio hau dena” abesti berria aurkeztu du NAIZ Irratian Anari Alberdi Santestebanek (Azkoitia, 1970). Belaunaldi arteko elkarlanaz, ekologiaz, matxismoaz eta etorkizuneko sortze prozesuez mintzatu da. Bira amaitzera doa, baina bere iturriaren emaria ez da agortu. Lasaitu eta idaztera doa azkoitiarra.

(Monika DEL VALLE | FOKU eta NAIZ IRRATIA)

 

Sortze prozesuaren etenik gabe baina erritmoa leunduta, “Giza zarata” birari puntua jarri aurretik, Anari Alberdi aro berri baten atarian dago. NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan da; bira amaieraz hitz egiteaz gainera, “Txikizio hau dena” eta “Ez nengoen han” abestiak aztertu ditu. Bi lan horiek agerian uzten dute bere ahots politiko eta poetikoaren indarra: natura, paisaia, kapitalismoa, beldurra eta gorputzen eguneroko geografia zeharkatzen dituen begirada zorrotza. Bilboko Kafe Antzokiko azken kontzertuaren atarian, agurra baino gehiago, jarraipenaren hasiera da hau.

Urte eta erdiko bira baten ostean, nolako aroa izan da hau zuretzat?

Urte eta erdi ederra izan da. Diskoa otsailaren 29an atera zen, eta hasieratik askatasun handia sentitu nuen. Neure burua beste era batera entzuteko beharra neukan eta disko honek hori eman dit: barneko hesiak eta topiko pertsonalak apurtzea. Gero etorri ziren Belakorekin egindako “Deus ex machina” eta beste hainbat esperientzia, eta sortzaile gisa urte oso emankorra izan da, bai diskogintzan eta bai zuzenekoetan.

Belakorekin egindako kolaborazioa egin zenuela urtebete pasatxo igaro da. Nolakoa izan zen hura?

Oso esperientzia ederra. Hasieran kontzertu bakarra egiteko ideia zegoen, eta hortik hainbat gehiago sortu ziren. Denboraz larri ginen eta Josuri proposatu nion abesti bat sortzea. Ederra izan zen: jendeak harrera zoragarria egin zion eta guk ere asko gozatu genuen. Belaunaldien arteko topaketa polita ere izan zen haiekin bizi izandakoa.

Blues Hotsak jaialdian jo berri duzu orain. Bluesarekin ez dakit loturarik baduzun. «Blue», tristea izatearekin akaso gehiago?

Akaso bai. Jazzaldian ere izan ginen, pentsa! Beti egiten dut txistea, jazza eta inprobisazioa oso lotuta daudela esaten denean; guk ere asko inprobisatzen dugu. Ez zait gustatzen dena gehiegi entseatzea, gustatzen zait gero haustea. Horregatik sentitzen dut lotura bat bluesarekin eta jazzarekin.

Azkenaldian «Txikizio hau dena» kaleratu duzu. Nondik dator abestia?

Askotan pentsatu izan dut abesti hau duela 30 urte hasi nintzela idazten. Orduan ere bazegoen autobia edo AHTren aurkako giroa, eta lau hamarkada geroago antzeko borrokak ditugu. Azken urteetan, inguruan ditudan pertsonak eoliko handien proiektuek harrapatu dituzte euren baserri inguruan. Distopia kutsua hartu du denak. Horregatik sortu dut, behin abiatu eta geratzen ez dakigun txikizio honi buruz.

Letran bi munduren arteko talka ikusi dut: natura zaharra eta mundu moderno suntsitzailea. Ados zaude?

Bai, erabat. Kantuaren lehenengo zatia horretaz doa. Behor edo moxal baten irudi atenporal batetik abiatu nintzen: bera antzinatik dator, trostan, betiko bideetan. Baina ez daki edaten duen erreka kutsatuta dagoela edo egun sargoriek zerbait adierazten dutenik. Barkamen bat idazten ari nintzela pentsatzen nuen, baina ez nuen konnotazio kristau horretan sartu nahi. Behin eta berriz irekitzen dugun ate horretatik, icebergak urtzen ari dira, eta animaliak ez dira konturatzen.

Baina, zaharraren eta berriaren arteko kontrastea ere egiten duzu. Abesti honetan, zer da berria, jaio berri den mundu zikin hau?

Lehen esan bezala, gu gara berriak mundu honetan. Beraz, kasu honetan, berria dena gure zibilizazioa dela esango nuke. Baina baita barbariea ere. Zibilizazioa eta ankerkeria kontrako hitzak direla pentsatzen da beti, baina nire ustez zibilizazioa bera da barbarierik handiena munduarentzat.

Zure ustez, zein da kapitalismoak naturari eta gizakioi egiten digun zauri handiena?

Handiena? Desberdintasun ekonomikoa. Gutxiengo pribilegiatu baten ongizatea bermatzeko milioika pertsona txiro bizitzera kondenatzea. Eta horrekin lotuta, naturaren suntsiketa. Energia garbiaren izenean egiten ari diren proiektu askok ez dute ekologiarekin zerikusirik; negozio hutsak dira. Gezurrak eta hitzak erabiltzen dira diskurtsoak manipulatuz: nor da “berdeago”, nork du zilegitasun handiagoa… Falazia hutsa da askotan.

Zaharra hitza behin eta berriro agertzen da kantuan. Zer da zuretzat «zaharra»?

Behor hori atenporala da, 10.000 urteko trostan datorren izaki bat balitz bezala. Gu, aldiz, oso berriak gara: gizakiaren zibilizazio industrial eta teknologikoa oso gutxi irauten ari da eta dena txikitzeko kapaz da. Hor dago kontrastea. Gure paisaia eta lurraldea kolokan jartzen ari diren proiektuen aurrean galdera asko egin behar dira.

Tekno-zibilizazioaren abiadura ere aipatzen duzu. Zer arrisku ikusten diozu?

Abiadura bera arriskutsua da. Haize errotak edo plaka erraldoiak jartzen badituzu, ez da soilik ekologia kontua, paisaiaren eta lurraldearen eskubidearena ere bada. Argindarra behar dela esaten da, baina norentzat? Zer sostengatzeko? Ordenagailu kuantikoak? Dena garapenaren izenean justifikatzen da, baina nor dago prest benetako galderak egiteko? Horregatik idatzi nuen abestia: merezi duelako galderak planteatzea.

Abestiaren bukaerako esaldia oso bortitza da: «Zu inork ez zaitu maite, jendeak dirua maite du». Zer adierazi nahi zenuen?

Egia bat da: kapitalismoaren oinarria desberdintasuna eta diruaren nagusitasuna da. Bakoitzak bere erosotasuna defendatzen du, eta askotan hitzekin egiten dira tranpak: energia berdea, ekologia… Horren atzean negozio hutsa dago. Gezurra eta manipulazioa dira sistema honen oinarri. Munstro bat da, eta munstro horretan bizi gara.

Azter dezagun beste bat: «Ez nengoen han». Zer esan nahi zenuen izenburuarekin?

«Utzi mezua seinalearen ondoren» esaldiarekin lotuta dago. Zerbaitek erabat transformatzen zaitu, gaupasa baten ostean etxera zoaz eta telefonoan deiak dituzu, baina ez zeunden han. Etxera iristean bezperako bisita duzu zain. Bizitzaren desinkronizazio bat, nolabait. Ez dut interpretazio zehatzik ematen; entzuleak egin behar du bere erara.

Kantuak egoera mental lausotu bat iradokitzen du. Hori zen helburua?

Bai, goizeko seiak moduko “desordua” interesatzen zitzaidan: berandu eta goiz batera den une horiek. Zerbaitek eraldatu zaituen eta denbora bera ere arraro bihurtzen den momentua.

Hutsune fisiko eta emozionala aipatzen duzu. Bakardadea aukeratua da edo ez?

Kantu honetan hutsuneak lotura du orduarekin eta toki horrekin. Goizeko seiak tren estazio batean emakume bat bakarrik sartzen bada, beldur handia sentitzen du. Horrek markatzen du gure geografian dagoen beldur estrukturala. Denok bilatzen dugu lehen bagoira joatea, seguruago sentitzeko. Oso errealitate normalizatua da, baina gutxi hitz egiten da horretaz.

Zergatik aukeratu zenuen trenaren barrualdea beldurraren geografia marrazteko?

Bizipen pertsonala da, baina kolektiboa ere bai. Hamalau urterekin kalean ibiltzen hasi nintzenetik beldur hori ez dut gainditu, eta emakume askok partekatzen dute. Gaueko ordu txikietan etxera itzultzea, inor ez egotea… Hor sortzen da beldurra, ez gorputzean gordetzen den zerbait delako, baizik eta gizarteak ezartzen dituen arriskuengatik.

Kanta honetan agertzen den kaxa horiak zer sinbolizatzen du?

Garai honen ankerkeria sintetizatzen du. Goizeko ordu biak dira, euria ari du, eta norbait bizikletan doa kaxa horiak entregatzera, ez dakizu nork eskatuta eta zer apetarekin eta ezta zer daraman kaxa horietan ere. Kapitalismo basatiaren irudi gordina da: gure kapritxo txikien atzean beste norbaiten kondizio gogorrak daude.

Zergatik da hain beldurgarria kantuaren bukaerako «bezperako bisita»?

Bizitzan gertatu ahal zaizun zerbait delako, zure denbora eta bizitzarekin erabat desinkronizatzen zaituena. Entzuleak bere irudia jar dezala.

Gaur, azaroak 27, Bilboko Kafe Antzokian emango duzu bira honetako azken kontzertua, eta sarrerak agortuta dauzkazu. Nolako itxiera izango da?

Kafe Antzokia gure katedrala da. Baina ez da puntu bat; puntu eta jarrai edo puntu eta koma bat izan dadila nahi dut. Erritmoa jaitsiko dut, baina sortzen jarraituko dut. Idaztea, testu etzanak egitea, liburu bat lantzea… Horretan jarraitzeko gogoa dut. Urtarrilean eta otsailean azaro honetan izan ditugun bezalako goiz hotzak etortzea besterik ez dut behar. Sekulako plazera ematen dit horrek.

Eta bira luzatzeko tentaziorik izan duzue?

Ez. Ez geneukan ezkutuko datarik. Egiaren aldekoak gara. Batzuetan antolatzaileen aldeko estrategia manipulatzaileak egoten dira, baina guk ez dugu horretan parte hartzen.

Anari Alberdi, mila esker.

Eskerrik asko zuri.