Mikel Urdangarin zinema dokumentalean murgildu da «Itsasora» filmarekin
Mikel Urdangarinek Mendi Film Jaialdian estreinatuko du «Itsasora» film dokumentala, abenduaren 5ean. «Itsasoa ez da eszenatoki bat, ispilu bat baizik»; ideia hori da filmaren abiapuntua eta Unai Basurko nabigatzailearen mundura bidaiatzea proposatzen du.

Mikel Urdangarinek zinemarako jauzia egin du “Itsasora” dokumentalarekin, eta ez edonola, gainera: film luze honen gidoia, zuzendaritza eta soinu-banda hartu ditu bere gain. Lana abenduaren 5ean estreinatuko da Bilboko Euskalduna jauregian, Mendi Film Jaialdiko Sail Ofizialean, eta proiekzio honek hasiko du, gainera, jaialdiaren egitaraua.
«Itsasoa ez da eszenatoki bat, ispilu bat baizik»; Amura Produkzioak-eko arduradunek aurreratu zutenez, ideia horretatik abiatzen da euskara hutsean filmatutako lan hau, eta Zornotzako kantari eta musikariaren «orain arteko proiekturik pertsonalena eta diziplina anitzekoena» da.
Musikak proiektuan duen garrantzia nabarmendu zuten bereziki. Dokumentalerako berariaz sortua izan da; hau da, «ez da akonpainamendu hutsa, baizik itsasoaren isiltasunarekin hitz egiten duen eta zeharkaldiaren pultsu emozionala markatzen duen funtsezko elementu narratiboa», eta, beren hitzetan, idazketaren, zuzendaritzaren eta konposizioaren ardura hartuz «erabateko koherentzia artistikoa» eman dio filmari, «bere sentikortasun berezia plano eta nota bakoitzean inprimatuz».
Filmak “Aitzaki” belaontzian barneratzea proposatzen dio ikusleari, Mikel Urdangarinek eta Unai Basurko nabigatzaileak elkarrekin egingo duten bidaian. «‘Itsasora’ genero dokumentaletik harago doa, eta euskal nabigazioaren erreferente horren aitorpen zintzoa da. Filmak Unairen balentria ozeanikoa azpimarratzen du eta urrats bat harago doa nabigatzailearen ariman sakonduz, baina hori abiapuntua baino ez da; beragandik haratago doan unibertso handiago bat ezagutzera gonbidatzen gaitu», azaldu zuten.
Era berean, zehaztu zuten itsas zabalean egingo duten elkarbizitza horren ondotik Basurkoren «giza erretratua» marraztu nahi izan duela Urdangarinek, «ozeanoa bere etxe bihurtu duenaren jakinduria eta bizi-filosofia» azaleratuz. «Obrak egungo gizartearen lehorreko paradigmak itsasoaren bestelako kodeekin kontrajartzen ditu: «Urak batzen gaitu; lurrak, berriz, banandu», agertu zuten.
GIZA ARIMAREN ESPLORAZIOA
«Atmosfera eta hausnarketa lehenesten dituen sentsibilitatearekin zuzenduta, ‘Itsasora’ ez da nabigazioari buruzko film bat bakarrik; giza arimaren esplorazio bat da», azpimarratu zuten, eta aurreratu zuten “Aitzaki” belaontzian egin duten zeharkaldiaren bidez, ikuslea bultzatu nahi dutela gizarte modernoak bere bizilekuarekiko duen «deskonexioaz» hausnartzera.
Narratibari dagokionez, lurraren eta itsasoaren arteko dikotomian jarri du begia Urdangarinek, lehorreko bizitza eta itsasokoa bata bestearen aldamenera eramanez. «Lehorreko bizitza -presak, egoak eta mugek markatua- itsasoko bizitzaren aurrean, non errespetua, egokitzapena eta apaltasuna nagusitzen diren gainezka egiten digun natura baten aurrean», zehaztu zuten Amuratik.
Ikus-entzunezko ekoiztetxea Urdangarinek eta Amaia Ocerin kultur eragileak sortu zuten «eduki zainduak, hurbilekoak eta nortasun kultural sendokoak» sortzeko bokazioz. «Amura gauzak kontatzeko dugun beharraren hedadura naturala da. ‘Itsasora’-rekin musikaren edo hitzaren bidez egin ohi dugun erantzunen bilaketa ikusizko hizkuntzara eraman nahi genuen. Adiskidetasunetik eta munduari beste ikuspegi batetik begiratzeko desiotik sortutako proiektua da», nabarmendu zuen ekoiztetxeak.
Dokumentala, esan bezala, abenduaren 5ean estreinatuko da Bilbon Mendi Film Jaialdian, eta estreinaldirako sarrerak eskuragarri daude https://mendifilmfestival.com webgunean zein Euskaldunako leihatiletan.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
