EH Bilduk osoko zuzenketa jarri die Gipuzkoako aurrekontuei
Osoko zuzenketa aurkeztu zien atzo EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiak 2026rako proposatutako aurrekontuei. Hala ere, lanean jarraitzeko konpromisoari eutsiko dio koalizio subiranistak. Datorren astean Aldundiko ordezkariekin bilduko dela iragarri zuen.

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die Aldundiaren 2026ko aurrekontuei, «Gipuzkoako lehen indar politikoa izateak eta lurraldeko herritarren gehiengoa ordezkatzeak ematen duen arduratik».
«Hain zuzen, ardura horretatik azken asteotan EH Bilduk ahalegin zintzoa egin du Aldundiak aurkeztutako aurrekontua hobetzeko, ekarpen zehatzak eginez, eta herri-akordio zabalak josteko», gaineratu zuen ohar batean, eta kritika ere egiten zuen.
«Aste honen hasieran bertan, esaterako, EH Bilduk, aurrez egindako galderen erantzunak jaso gabe ere, 52,3 milioi euroko proposamen integrala helarazi zion Aldundiari», kexatu zen.
Dena den, EH Bilduk lanean jarraitzeko konpromisoari eutsiko diola eta ildo horretan datorren astean Aldundiko ordezkariekin bilduko dela iragarri zuen, aurrekontuen gaia lantzen segitzeko. Halere, atzo zuzenketak aurkezteko epea amaitzen zela jakinik «prebentzioz» osoko zuzenketa aurkeztea erabaki zuen.
«Ikusteko dago Aldundiak lurraldeko alderdi atzerakoi eta erresidualen eskutik egin nahi ote duen bidea, gipuzkoarren gehiengoaren nahiei bizkar emanda», nabarmendu zuen koalizioa subiranistak. EH Bilduk ez du «inolaz ere» babestuko «zaintza sisteman aldaketa estrategikoak baztertzen dituen aurrekontu bat. Edo enpresa txiki eta ertainen akonpainamendu publikoa aintzat hartzen ez duena, edo euskara sustatzeko plan indartsu bat aurreikusten ez duena, edo etxebizitzaren arazoa konpontzeko konpromisorik jasotzen ez duena, besteak beste».
«Hala ere, Aldundiak orain arte erakutsitako jarrera aldatzen badu eta negoziazio zintzo bati bide ematen badio, EH Bilduk osoko zuzenketa erretiratzeko konpromisoa hartzen du, gipuzkoarren beharrei erantzungo dien aurrekontua lortzea helburu hartuta», ohartarazi zuen.
69 ZUZENKETA
Bestetik, Elkarrekin Podemosek 69 zuzenketa egin dizkio guztira Gipuzkoako Aldundiak proposatutako aurrekontu proiektuari. 50 milioi euroko aldaketak proposatu zituen. Handienak, 29 milioi eurokoak, zaintzekin lotura zuzena du. Zehazki, Aldundiaren zaintza-sistemaren koordainketa berrikustea proposatu zuen Podemosek.
Horri dagokionez, taldeko bozeramaile Miren Echevestek adierazi zuen Aldundiak «lidergo papera» jokatu behar duela negoziazio kolektiboa errazteko eta Gipuzkoako egoitzetarako eta eguneko zentroetarako sektore-hitzarmen bat bultzatzeko eta baldintza oso prekarioak gainditzeko.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
