M.A.

Ajoarriero, alioli edo halal, Euskaltzaindiaren hiztegian

Euskaltzaindiak berritu egin du, beste behin, bere hiztegia, urtean birritan egiten dituen ohiko eguneraketen bidez. Azken bi ekinaldietan 1.500 forma berri gehitu ditu eta, horrela, orotara, 52.000 forma baino gehiago bildu ditu dagoeneko. Aurtengoan sukaldaritzarekin lotutako hiztegia ontzean eta eguneratzean jarri du arreta berezia.

Euskaltzaindiaren hiztegiaren eguneratze prozesua etengabea da, eta helburua da euskararen erabileraren eta gizartearen bilakaeraren argazki zehatza eskaintzea. Miriam Urkia hiztegiaren arduradunaren arabera, hiztegia oinarri sendoa duen lan kolektiboa da, baina etengabe berritu behar da. «Azken sei hilabeteetan formak zuzendu, osatu eta egokitu ditugu; hiztegi batek bizirik egon behar du, eta gure lana hobekuntzan jarraitzea da», adierazi du.

Arestian aipatu azken bi eguneraketetan, Euskaltzaindiak 1.500 forma baino gehiago egokitu edo osatu ditu, eta adiera, adibide eta esaera berriak gehitu. Hala, gaur egun, hiztegiak 70.000 adiera, 116.000 adibide eta 519 atsotitz jasotzen ditu. 2016. urtean argitaratu zen azkenekoz paperean, eta ordutik sei hilean behin eguneratzen da, urtarrilean eta ekainean, hain justu.

Hiztegiaren bilakaerak hizkuntzaren bizitasuna islatzen du, eta azken hilabeteetan hainbat forma berri gehitu dira, hala nola botox, bazterketa sozial, somnanbulu, karbono-14, eutsi goiari, plugin, spoiler, ludopata, justaposizio, txute eta zeladore. Euskaltzaindiaren arabera, helburua ez da soilik hitz berriak gehitzea, baizik eta lehendik dagoen edukiari sakontasuna eta zehaztasuna ematea.

SUKALDARITZA TERMINOAK

Azken eguneraketan, Euskaltzaindiak arreta berezia jarri nahi izan dio sukaldaritzarekin lotutako hiztegigintzari, izan ere, arlo horretan hutsune nabarmena antzeman dute. Urkiak azaldutakoaren arabera, oraingoan sukaldaritzari lotutako azpikontzeptuetan sakondu dute, eremu horretan gabezia handia zegoelako eta hitz asko corpus orokorretan galduta zeudelako.

Eguneratze horretan lehen aldiz jaso da hainbat elikagai, plater eta sukaldaritza teknikaren terminologia, besteak beste: ajoarriero, guakamole, alioli, broxeta, errukula, fideua, fumet, halal, carbonara, kinoa, pisto eta entsalada errusiar. Horrez gain, Euskal Herriko gastronomiarekin lotutako beste zenbait forma ere gehitu dira, hala nola, saltsa bizkaitar, txipiroi(-)tinta eta opil industrial.

Urkiaren esanetan, «sukaldaritzako lexikoak euskararen eguneroko erabileran presentzia handia du, baina orain arte ez zegoen modu sistematikoan bilduta». Euskaltzaindiak, beraz, euskararen erregistro informal eta herrikoiak jasotzeko urratsa egin du, gaur egungo hizkuntzaren isla osatuagoa eskaintzeko asmoz.

GARAI BERRIEN BEHARRAK

Azken eguneratzean gehitutako hitzek erakusten dute euskarak gizartearen aldaketetara egokitzeko gaitasuna duela. Globalizazioaren ondorioz zabaldutako hainbat forma (ziborg, topless edo reggaeton…) hiztegiaren parte dira jada, eta euskararen dinamismoa eta moldatzeko gaitasuna agerian uzten dute.

Azkenik, esan beharra dago terminologia berria txertatu eta eguneratzeaz gainera, Euskaltzaindiaren hiztegi digitalak bilatzaile zehatzagoa eta bilaketa aurreratuen aukerak gehitu dituela, hitzak eta haien esanahiak errazago aurkitzeko. Hobekuntza horiek hiztegi digitala tresna erabilgarriago eta irisgarriago bihurtu dute, eta gaur egun euskararen ezagutzarako erreferentzia dira.



Sukaldaritzari lotutako sarrera eta azpisarrera berriak

ahuntz(-)gazta

ajoarriero

ajoarriero bakailao

alioli

anakardo

arrautzesne

arroz(-)odolki

azafrai(-)izpi

azkenburuko

azukre beltz

azukre zuri

baba berri

banilla(-)leka

baratxuri fresko

behi(-)gazta

broxeta

boilur beltz

boilur zuri

carbonara

carpaccio

cherry tomate

donut

entsalada errusiar

entsalada misto

errukula

eskalibada

eskalope

espelta

falafel

fettuccini

fideua

fruitu lehor

fumet

gainberotu

gainerre

gazta urdin

glas azukre

guakamole

halal

hazi(-)olio

hidroponiko

hostopil

hummus

irris(-)esne

kalderete

kanela(-)zotz

karamelizatu

kinoa

koipegabetu

koipegabetzaile

kukurutxo

kurkuma

kurrin

mascarpone

moldeko ogi

mortadela

mozarella

natxo

ogi arrailetan pasatu

ogi birrindutan pasatu

ogi zahar

oliba(-)olio birjina

paella(-)ontzi

panaxe

panettone

pastel(-)krema

piper txorizero

piperbeltz beltz

piperbeltz berde

piperbeltz zuri

piperrauts beltz

piperrauts gorri

pisto

potxa

prekozinatu

raf tomate

risotto

roquefort

salmorejo

salteatu

saltsa berde

sueztitu

tartaleta

tenpura

tiramisu

txilindron

txokolatina

zapore(-)indartzaile