Athletic-Real Madril: zauriaren gainean piko egin nahi dute lehoiek
Pasa den denboraldian lehoiek mendean hartu zuten Real Madril San Mamesen (2-1) eta madrildarren bolada txarra baliatu nahi dute aurten ere.

Athleticek zazpi eguneko maratoiari ekingo dio gaur. Lehenik, Real Madrilen bisita jasoko du, urtarrilean bi taldeek jokatuko duten Superkopagatik aurreratu baitute dema. Ondoren, Atletico Madril izango dute aurkari larunbateko partidan. Eta, amaitzeko, datorren asteazkenean PSGren aurka jokatuko dute, hain zuzen, pasa den edizioko Txapeldunen Ligako irabazlea berau.
Izan ere, Levanteri irabazi izana bultzada bat izan da taldearentzat, lehen aldapari heltzeko. Lehoiek ez zuten irabazten etxetik kanpo abuztuaren 31tik, eta, valentziarren gainetik pasa ondoren, bolada txarra eten zuten. Gainera, Nico Williamsek distira egin zuen, eta jokoan hobekuntza bat nabaritu zen.
Konfiantza berreskuratzeaz gain, Valverdek Laporte eta Galarreta sartuko ditu deialdian, Levanteren aurka kanpoan geratu ostean. Haatik, Sancetek dema galduko du, zigortuta. Oroitzapen onak datozkie burura lehoiei Real Madrilen aurkako azken partida gogoratzean. 2024ko abenduko lehen asteazkenean jokatu zuten pasa den denboraldiko partida San Mamesen, eta talde bilbotarrak mendean hartu zituen madrildarrak, Berenguerren eta Guruzetaren golei esker. Mbappek huts egin zuen 11 metroetatik, Julen Agirrezabalak asmatu baitzion jaurtiketa.
ZALANTZAK MADRILEN
Xabi Alonsoren proiektuak oraindik ez du behar bezala funtzionatzen ezta konbentzitzen Madrilen. Izan ere, entrenatzaile tolosarrak kolpe latzak jaso ditu azken hilabeteetan: Atletico Madrilen aurka (5-2) eta Liverpoolen aurka (1-0).
Hain justu ere, Ingalaterran izandako porrot horretatik aurrera, Madrilek ez du garaipena ezagutu Ligan; Rayo Vallecano, Elx eta Girona izan ditu aurkari eta denetan berdindu du. Horren ondorioz, lehenengo postua galdu egin du, Bartzelonaren mesedetan. Horregatik, erabakigarria izan daiteke Alonsorentzat gaurko partida.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

Euskal partaidetza nabarmena MASS jaialdiaren bigarren edizioan

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»
