Euskararen etorkizuna, arnasguneen zaintzari lotua
«Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean» nazioarteko konferentziara bertaratu ziren aditu eta hizlariek ezinbestekotzat jo zuten euskararen etorkizuna arnasguneen zaintzan eta garapenean oinarritzea.

Urriaren 16 eta 17an egin zen Azpeitian arnasguneen inguruko nazioarteko konferentzia, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Soziolinguistika Klusterrak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Coppieters Fundazioak sustatuta, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren babesarekin. Euskal Herriko ikerlari eta adituak ez ezik, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia eta Hego Tiroleko hizlariak ere bildu zituen konferentziak bi helburu nagusirekin: arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziaz gogoeta eragitea Europako hizkuntza gutxituen eremuan, eta arnasguneetan hizkuntza gutxituek duten egoera soziolinguistikoa indartzeko proposamenak eta neurriak plazaratzea.
Konferentziaren antolatzaileek nabarmendu zuten arnasguneak desagertuz gero biziberritze prozesuan atzera egiteko arrisku larria dagoela, eta hizkuntza gutxituen kasuak erakutsi duela hori gerta daitekeela. Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak azaldu zuenez, «lege babesa eta politika aurrerakoiak behar dira erdarek bereganatutako funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko eta garapen jasangarria sustatzeko». Segurolaren arabera, «euskara erdigunean jarriko duten politikak demografiari, ekonomiari, lurralde antolaketari, hirigintzari eta kulturari eta beste hainbat arlori begira planifikatu behar dira».
Biltzar horretako lehen saioan, Cynog Prys eta Rhian Hodges Galeseko ikerlariek herrialde horretako arnasguneetan egiten ari diren esku-hartze sozio-ekonomikoak azaldu zituzten, lan kontratazio irizpideen bidez hizkuntza erabilera sustatzeko helburua dutenak, hain zuzen. Hala, Arfor delako proiektua jarri zuten adibide gisa. Horren bidez, gazteak dentsitate handiko eremuetan mantentzea eta enplegu elebiduna sustatzea lortu nahi dute, arnasguneak indartzeko eta berriak sortzeko. Aipatu proiektuaren bi baliabide ere aurkeztu zituzten: batetik, praktika onen gida eta, bestetik, galestar hiztunen tipologiaren eredu bat.
Bestalde, Italiako Hego Tiroleko Mattia Zeba ikertzaileak hizkuntza minorizatuen lege-babesaren aukerak eta mugak azaldu zituen. Besteak beste, ladineraren kasua nabarmendu zuen. Haren arabera, herrialde horretako probintzia bakoitzak lege-babes maila desberdina du, eta hori hizkuntzaren normalizaziorako oztopo da. Era berean, Serbiako Voivodina pronbintziako Adrian Borkak hizkuntza gutxituen politikaren aplikazioa azaldu zuen, bertako sei hizkuntza ofizialen erabilera bermatzeko egiten duten lana aurkeztuz.
USTE ETA TERMINO OKERRAK
Hurrengo eztabaidan, berriz, Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia eta Mikel Artola aritu ziren euskarak erdigunerik ba ote duen ala ez hausnartzen. Ildo horretan ohartarazi zutenez, “euskararen periferia” kontzeptuak hizkuntza politikaren erronka estrukturalak ezkutatzen ditu. Euren esanetan, azkenaldian erabiltzen den diskurtso horrek komunitatea zatitu eta aurreiritzi kolonialak indartzen ditu, baina arnasguneak, ordea, zentro naturalak dira, hizkuntza biziberritzeko motorrak.
Horrez gain, gaineratu zuten euskara ez dela inoiz botere hizkuntza izan; arnasguneetan diglosia gogorra bizi dela eta zenbait diskurtso euskara eta euskalgintza ezagutzen ez dutenen ahoetan sortzen direla eta komunitate kohesioa kaltetzen duela.
Konferentzian parte hartu zuen, era berean, Iñaki Iurrebaso soziolinguista eta UEMAko ikerlariak; hark egindako ikerketa baten datu zehatzak aurkezteaz gainera, arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzean betetzen duten funtzioaz jardun zuen. Izan ere, haren ikerketek erakutsi dute euskalduntze politiken inpaktua indartsuagoa dela zona euskaldunagoetan. Haren arabera, etxean euskara jaso ez duten euskal hiztunek euskararen erabilera maila handiagoa dute arnasguneetan, eremu erdaldunetan baino; bost edo sei aldiz handiagoa, hain zuzen.
Horrela, euskararen indarberritzea lurralde estrategiaren bidez egin behar dela ondorioztatu zuten, zona euskaldunagoak lehentasunezko motor bihurtuz. Iurrebasok bost irizpide nagusi zehaztu zituen: esku-hartze orokorra, modulu egokituak lurraldean, motor-lidergoa arnasguneetan, arreta berezia lurralde euskaldunenei, eta zona horiek baliabide eraginkor bihurtzea gainerako eremuentzat.
ONDORIO NAGUSIAK
Konferentzia amaitzeko, antolatzaileek ondorioak irakurri zituzten. Miren Segurolak nabarmendu zuen ikerketek eta estatistikek erakusten dutela arnasguneak ezinbestekoak direla: «60ko hamarkadatik aurrera aurrerapausoak eman ditugu erabileran eta ezagutzan, baina arnasguneetan ez dugu aurrera egin. Proiekzioek are ondorio ilunagoak iragarri dizkiete eremu hauei. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu. Lurralde estrategian oinarritutako politika berri bat adostu eta martxan jarri behar dugu, arnasguneetan hasi eta eremu erdaldunenetara iritsiz».
Segurtasun eta parte-hartze berri horien bidez, konferentzian izan ziren kideek berretsi zuten euskararen biziberritzea komunitate, lege eta politika koordinatu baten bidez soilik lor daitekeela, arnasguneak sendotuz eta zona erdaldunetara hedatuz. «Etorkizuna gu guztion esku dago; elkarlanean eta adostasunarekin, euskararen nagusitasuna lurralde eremuetan bermatzea posible da», amaitu zuen Segurolak.
Europa mailako hizkuntza gutxituen biltzarra Nafarroan
Euskarabideak eta Nafarroako Euskara Institutuak antolatuta, NPLDren (Network to Promode the Linguistic Diversity) urteko bilera egin zuten maiatzean. Bertan izan ziren, besteak beste, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Euskara kontseilaria, baita Europako hizkuntza gutxituen gaian adituak diren hainbat hizlari ere.
Aurtengo konferentzia “Hizkuntza gutxituentzako bizitasun handiko eremuen garapen jasangarria” izenburupean egin zen eta bertan hizkuntza gutxituen eremu biziak garapen jasangarrirako eredu gisa aztertu zituzten. Era berean, jardunaldi horietatik atera zuten ondorioetako bat izan zen hizkuntza gutxituetako hiztunen kontzentrazio handia duten lurraldeak hizkuntza eta lurralde garapen iraunkorrerako eredu izan daitezkeela.
Biltzarrean parte hartu zutenen artean izan zen Sabrina Rasom italiarra; hark ladinera hitz egiten den eremuan egiten ari diren esperimentu kulturaniztunaren esperientzia azaldu zuen. Era berean, Galesetik etorritako Simon Brooks eta Elin Haf Gruffydd Jonesek dentsitate linguistiko handiko eremuen eta komunitateen berpizte kasuak azaldu zituzten. Euskal Herriko ordezkariak ere izan ziren hizlari: UEMAko Irati Odriozolak eta Leitzako Kristina Urrutiak euskararen eta kulturartekotasunaren kudeaketa jorratu zuten, eta UEMAko eta Arantzako Udaleko Goizane Aranak eta Leire Mitxelenak, berriz, Hizkuntza-Inpaktuaren Ebaluazioaren emaitzak aurkeztu zituzten. M.A.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
