GARA
DONOSTIA

Sei gazte epaitegira deklaratzera deitu dituzte Guardetxearen alde protesta egiteagatik

Udaltzaingoa gazteen kontra oldartu zen.
Udaltzaingoa gazteen kontra oldartu zen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Sei gazte deitu dituzte abenduaren 9an epaitegian deklaratzera iragan maiatzaren 29an Donostiako Udaleko osoko bilkuran Guardetxearen egoerari buruzko protesta egiteagatik, atzo Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) aditzera eman zuenez.

Gogoratu zuten, Guardetxearen esleipen baldintzak adosteko auzoko hamahiru elkarteren izenean Udal Gobernuari eskaera egin ostean, erantzunik jaso ez zutenez, bilkurara bertaratu zirela.

«Egun hartan ordea, Udaltzaingoa bertaratu ginen gazteon aurka oldartu zen eta haiek sortu zituzten istiluen ondorioz, sei gazte epaitegietatik deklaratzera deitu dituzte desordena publikoak eta autoritateari atentatua eragitea egotzita», azaldu zuten, bai eta espetxe zigor eskaerak izan daitezkeela ere.

«Ezin dugu asmakeria polizial hau modu isolatuan ulertu. Azken urteotan agerikoa bihurtu da egiturazko krisi kapitalista baten aurrean gaudela, eta beste bizi eredu bat antolatzen dugun espazioen aurka egiten dela», esan zuten.

Oroitu zuten Guardetxeak hamarkada batez erabilera autogestionatua izan zuela, 2019an Udalak itxi zuen arte. Sei urtez abandonatua izan zen eraikina. Gazteek Guardetxea berreskuratu eta auzolanean konpondu zuten, bertan Alde Zaharreko gaztetxea martxan jarri eta ekimen ugari antolatzeko.

Gauzak horrela, hilaren 9an elkarretaratzera deitu dute 09.00etan Donostiako epaitegian. «Behin itxi zuten Guardetxea, baina ez diegu berriz ixten utziko», gaineratu zuten.