Hernanik txotx garaian 60 autobuseko muga jarriko du eta tasa bat kobratuko die
Txotx garaia hastear dela, Hernaniko Udalak neurri berriak aurkeztu ditu, sagardotegirako plana egiten duten bisitarien eta herritarren arteko bizikidetza sustatzeko: sar daitekeen autobus kopurua mugatu dute, horiei tasa bat ordainaraziko diete eta kalean pixa egiteagatik jartzen zen isuna gogortu dute.

Txotx garairen kudeaketa hobetzeko hiru aldaketa aurkeztu ditu Hernaniko Udalak. Neurri «zehatzak» dira, trafiko antolaketari eta elkarbizitzari lotutakoak, eta 2026ko urtarriletik aurrera jarriko dira martxan, Xabier Lertxundi alkateak iragarri zuenez.
Aurkeztutako neurriak sagardoaren kulturaren eta txotx garaiaren inguruan Hernaniko Udalak egindako diagnostiko eta hausnarketen ondorio dira. «Gaia modu integralean lantzeko lehen urratsa 2024an egindako diagnostikoa izan zen eta udal ordezkari ezberdinen adostasuna jaso zuten irizpideek», zehaztu zuen alkateak.
Horrela, aurretik indarrean zeuden hiru udal ordenantza partzialki egokitu ditu Udalak, txotx garairako neurri berriak txertatu ahal izateko.
Ordenantza aldaketa horietako bik zuzenean eragingo diete Hernanira etortzen diren autobus antolatuei: 2026ko urtarrilaren 24tik maiatzaren 9ra bitartean, Hernanira etortzen diren autobus antolatuak derrigorrez Ibaiondo industrialdean aparkatu beharko dira. Bestetik, herrira joaten diren autobus antolatuek tasa bat ordaindu beharko dute: 35 plazatik gorakoek, 100 euro, eta 34 plazara artekoek, 60 euro.
Izan ere, txotx garaian Hernanira autobus antolatuan joan nahi izanez gero, berau aparkatzeko erreserba egin beharko da, nahitaez. «Horretarako web aplikazio bat garatzen ari da Hernaniko Udala. Urtarrilaren 12tik aurrera egongo da funtzionamenduan», esan zuen Lertxundik. Erreserba kopurua Ibaiondo industrialdeko autobusen gunearen araberakoa izango da, «mugatua, 60 autobus ingururentzat».
KALEAN PIXA EGITEAGATIK, ISUN HANDIAGOAK
Hirugarren neurri zehatza kalean pixa egiteagatik jartzen diren isunei buruzkoa da. Orain arte, arau-hauste horregatik jartzen zen 200 euroko isunak, azkar ordainduta, %70eko murrizketa zuen; 2026ko urtarriletik aurrera, berriz, %50eko murrizketa izango du azkar ordaintzen bada, eta ondorioz, lehen 60 euro ordaintzen zena, 100 euro ordainduko da aurrerantzean.
Txotx garaia oso garrantzitsua da Hernaniko herriarentzat, bai alde kulturaletik, bai ekonomikotik. Hala ere, larunbatetan Hernanira etortzen den bisitari kopuruak ezinegona ere sortzen du herritar askoren artean, eta Udalak esku hartzea erabaki du.
Hernaniarrek sagardotegi denboraldian euren ohiko bizitza egin ahal izateaz gain, sagardoaren kultura ezagutzera datozenei beste modu bateko gerturatze aberasgarriagoa eskaintzea ere bada helburua, alkateak azaldu zuenez.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

Euskal partaidetza nabarmena MASS jaialdiaren bigarren edizioan

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»
