LANIN, LAN MUNDUAN EUSKARA SUSTATZEKO ZERBITZUA OIARTZUNEN
Enpresa txiki eta ertainetan euskararen erabilera areagotzeko Oiartzungo Udalak abian jarri duen LANIN egitasmoan dagoeneko 65 enpresak baino gehiagok parte hartu dute. Horietako batzuek HARROBI aitortza-diploma edo BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzea lortu dute.

Lan mundua da seguruenik euskaraz gutxien egiten den arloa, nahiz eta enpresak herri euskaldunetan kokatuta egon. Oiartzun da egoera hori bizi duen adibideetako bat, oso herri euskalduna izanik ere, euskara gutxi erabiltzen den industriagune handiak dituelako. Egoera horri buelta eman nahian, Udalak LANIN zerbitzua jarri zuen martxan 2016. urtean, enpresa txiki eta ertainei euskararen erabilera handitzen laguntzeko helburuarekin, kontuan hartuta herri horretan tamaina horretako 500 enpresa daudela, 3.000 langile ingururekin.
Eginkizun horretaz Ahize AEK-ko hizkuntza-aholkularitza zerbitzua arduratzen da eta, hamarkada honetan, Oiartzunen dauden enpresa txiki eta ertainei lagundu die. Horri esker, euskara lan munduan sustatzeko ekintza ugari egin dituzte 65 enpresak baino gehiagok, eta pozik agertu dira lortutako emaitzekin.
«Proiektuaren muina Oiartzungo arlo sozioekonomikoan hizkuntzaren kudeaketa egokia egitea da, enpresa txiki eta ertainei beraien jardueran euskara txertatzeko aukera emanez», azaldu dute Araitz Mugurutzak eta Mikel Urdangarinek, LANIN zerbitzuko aholkulariek.
HIRU EGINKIZUN NAGUSI
Zerbitzuak hiru arlo nagusi ditu: informazioa eta sentsibilizazioa, ahalik eta enpresa gehienetara iristeko; euskara sustatzeko tresna eta baliabideen lanketa; eta komunikazioa, egindako urratsei ikusgarritasuna emateko.
LANIN zerbitzuko arduradunen lehen eginkizuna, beraz, aholkularitzaren berri ematea da, bai herrian ezartzeko baimena eskatu duten enpresa berriei, baita dagoeneko lanean ari direnei ere. Behin egitasmoan parte hartzera animatzen direnean, LANIN zerbitzuak enpresaren diagnostikoa egin eta lan-lerro nagusiak finkatzen ditu, ondoren euskara sustatzeko tresna eta baliabideen lanketa hasteko: hizkuntza ohiturak aldatzeko teknikak, webgunea euskaratzeko aholkuak eta hizkuntza teknologiek eskaintzen dituzten abantailen azalpena (itzultzaile neuronalak, audioak transkribatzeko tresnak, zuzentzaileak...).
Horrekin batera, langileentzako trebakuntza ikastaroak ere sustatzen dituzte LANIN egitasmoaren barruan eta ziurtagiriak lortzeko laguntza eskaintzen dute, baita dirulaguntza deialdien ingurukoa ere. «Enpresa bakoitzaren beharren arabera, eskura dituzten dirulaguntzen berri ematen diegu eta, behin aukeratuta, laguntza horiek eskuratzeko prozesuan ere laguntzen dugu».
«Azken finean, euskara plan oso bat egiteko aukera ez duten enpresa txiki eta ertainei euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza bihurtzeko aukerak aztertzen laguntzen diegu», azaldu dute zerbitzuko aholkulariek.
Enpresek lortzen dituzten aurrerapenei ikusgarritasuna emateko, komunikazio estrategia osoa ere badu LANIN zerbitzuak. Horrela, Oiartzun LANIN bloga, buletina eta podcasta sortu ditu. Blogean eta buletinean Oiartzualdeko arlo sozioekonomikoko albisteak zabaltzen dituzte, eta podcastari dagokionez, Oiartzun irratian hilean behin atal berri bat publikatzen dute, betiere egindako lanak ezagutzera emateko.
BIKAIN ZIURTAGIRIA
LANIN egitasmoan parte hartu duten enpresen artean dago Ekolur Ingurumen Aholkularitza. Orain dela bi urte zerbitzuak proposatutako neurriak ezartzen hasi zenetik, 22 langile eta horietatik %60 euskal hiztunak dituen enpresa honek pauso handiak eman dituela onartu du Estela Cuevas enpresako ordezkariak. «Bi urte hauetan asko aldatu dugu lan egiteko modua, gauza txikienetatik hasita, bai gure arteko jardunean, baita hornitzaileekin eta bezeroekin ditugun harremanetan ere», adierazi du.
Horrela, prestatzen dituzten txostenak gero eta gehiago euskaraz dira eta horretan zerikusi handia izan du hizkuntza teknologien erabilerak. «Orain txostenak euskaraz prestatzeko ahalmen osoa dugu. Udal erakundeei gehienetan euskaraz edo ele bietan bidaltzen dizkiegu, eta enpresa pribatuekin ahal den guztietan egiten saiatzen gara».
Enpresaren izena ere euskaratu dute, egoitzako zein autoetako logoetan, baita web orrialdean ere. Horretarako, Oiartzungo Udalak emandako dirulaguntzak oso mesedegarriak izan direla onartu du Cuevasek.
Egindako urratsak ez dira alferrikakoak izan: Ekolurrek BIKAIN Ziurtagiria lortu berri du, alegia, enpresa batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen agiri ofiziala. Hil honen 16an egingo den ekitaldian jasoko dute.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
