Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Tunelean begirik ez, zubian sobera!

Usteak ustel, zati edo oso baina sarritan ustel! Eta orduan ustekeria, ustelkeria! Total, normala da ustelkeriarik gabeko nazioarteko eguna ez izatea, egunero ageri baita han-hor ustezko ustelen bat albiste. Hemen bueltan, urrunera gabe, tunelak susmo bide. Ustez, gainkostua ekarri behar dute holako lanek, aurreikusi gabeko gastua ezin delako aurretik ikusi, are gutxiago begirik gabe. Nik normala ikusten dut gainkostua ohikoa izatea tunelen lanetan. Izan ere, kolpea behar du izan enpresa eraikitzaile serio batentzat mendiaren larrua zulatzen hasi eta hara! Barruan arrokak! Eta barrurago zer eta arroka gehiago! Eta gainera gogorrak! Eta gehiago, failen ezean etenik ez! Eta iluna...!

Zeinek pentsatuko, kanpotik ikusita, mendiak arrokaz puztuta egongo zirela! Demontre! Geologia madarikatua! Plaka tektonikoak hormara! Zer zeukan buruan Jaungoiko hark atsedena hartu aurretiko ustezko lan aste hartan? Eta uholde handia izan zenean ere, zer egin zuen morroiak Noeren arkara hurbildu aurretik? Harira, Murgoitio, tunelen harira! Ez ote zen lurpea hutsa? Ustezko huskeria horretatik zinezko ustelkeriara 0 kilometro, tuneletan! Zubibideak, ostera, demokratikoak dira; kasurako, asteburu honetakoa, beheko Estatuaren konstituzioari esker. Izan ere, zubien lanetan begi bistakoa da gainditu behar den arroilaren nondik norakoa; arazoa, izatekotan, zenbat begitako zubia izango den zehaztea da. Tuneletan ez diren begiak zubietan sobera. Amen!

Hariz aldatuta, Obelix gomutan! Zenbat basurde balizko basoetan gorpu! Kausa auskalokoa, oraindino, bide bazterreko ogitartekoren bat agian; ume garaiko Yogi artza bera ere gomutan! PP arazo, peste porcina edo. Eta Durangon azoka. Kultura artetik harago joateko bestelako plazak ere behar, artearen oasian isola ez dadin, kultura.