Azoka eten da, Palestinari «ez zaituztegu bakarrik utziko» esateko
Etenaldia egin zuen atzo Durangoko Azokak, eta kulturaren munduari eman zion ahotsa Palestinako herriari hitz egiteko. «Gelditzeko beharra sentitzen genuen, “genozidioari ez” esatearekin batera, pentsamenduak mugitzeko eta ekintzak aktibatzeko», esan zuten Gerediaga Elkartetik, eta plaza bete baten aurrean azken mezu bat: «Ez zaituztegu bakarrik utziko».

Ateak itxi zituen Durangoko Azokak atzo arratsaldean, ordu erdiz «kultura erdigunean jarrita», genozidioa arbuiatzeko eta Palestinako herriari elkartasun mezua helarazteko. Hutsik geratu ziren Landako guneko pasabideak eta jendetza bildu zen plazan jarraian, Kulturaren mundua protagonista izan zuen ekitaldian parte hartzeko.
Gotzon Gomez Gerediaga Elkarteko presidentearen hitzekin abiatu zen ekitaldia tximinia zaharraren ondoan. «Euskal kulturaren erakusleiho honetatik munduari ere begiratzen diogu, eta aurtengo edizio honetan, tarte batez bada ere, gelditzeko beharra sentitzen genuen», adierazi zuen.
Durangoko Azokak etenaldiarekin bidali nahi duen mezua eta horren bidez bilatzen zuten deia ere zehaztu zuen: «Palestinako genozidioari ezetz esateko, pentsamenduak mugitzeko, ekintzak aktibatzeko, palestinarrei mezu bat bidaltzeko: “Ez zaituztegu bakarrik utziko. Kulturgintzatik ere, zuekin gaude”».
Durangoko Azokaren egitarau osoa eten zen 14.00etan, eta parte hartzen ari diren 136 eragile batu ziren etenaldira.
Poesia eta musika uztartu zituen ekitaldi bati eman zion hasiera Asun Elorriaga Gerediaga Elkarteko kideak. Elkarretaratzeak iraun zuen bitartean, Danele Sarriugartek, Itxaro Bordak, Josu Goikoetxeak, Ainhoa Urienek, Leire Bilbaok eta Erika Lagomak atzoko ekitaldirako propio sortu zituzten poemak entzun ziren. Hitzak eta bertsoak ankerkeria, kolonialismoa eta genozidioaren irudiak josten joan ziren. Ez ziren entzungai izan ziren lan bakarrak izan: Laura Mintegik, Gotzon Barandiaranek, Eider Beobidek eta Maria Osesek Rikardo Arregiren, Nazim Hikmeten, Mosab Abu Toharen eta Mohamed el-Kurden poemak ere errezitatu zituzten.
Jatorri palestinarreko Hawari ahizpek irakurri zuten arabieraz azken poema Landako plazan: Mahmud Darwixen “Lur honen gainean”. Esanezin talde gipuzkoarrak jo zuen zuzenean ekitaldia itxi zuen abestia, eta haiek ere mezua utzi zuten. Taldeko abeslariak esan zuenez, «gutxiegi izan daiteke kantu bat, baina «egin dezakegun gutxienekoa ere bada».
Bi aldarrikapenen inguruan bildu ziren atzo euskal kulturgileak eta kulturazaleak. Palestinaren genozidioa arbuiatzeko izan zen bat, eta euskal presoen eta errefuxiatuen eskubideen aldeko adierazpena ere izan zen Landakon.
«ETXERA» KANTARI, SALBUESPENAREKIN BUKATZEKO
“Kantuz” topaketa egin zuen Sare herri ekimenak atzo Durangon, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarrikapenei euskal kantagintzak eman dituen doinuak eta letrak abestuz. Euskal Herriak ortzimugan duen beste hitzordu batean jarri zuten azpimarra: Bilboko presoen aldeko manifestazio handia. Urtarrilaren 10ean izango da, eta “Ezin da gehiago luzatu” leloak zabalduko du martxa. «Konponbideak, bakeak eta bizikidetzak» kaleko mobilizazioaren bultzada behar dute prozesuaren «azken txanpari» ekiteko, haien esanetan.
Bilboko deialdi handiaren harira, Bego Atxa Sareren bozeramaileak gogoratu zuen aurrerapen handiak egon direla azken urtean presoen auzian, baina arrazoi handiak daudela oraindik urtarrilaren 10ean Bilboko kaleak betetzeko, batetik salbuespenean oinarritutako espetxe politikaren ondorioak indarrean daudelako oraindik; bestetik, «preso eta erbestean jarraitzen dutenentzako irtenbide justu eta aurrerakoia» lortu behar delako. «Eta hori berehala egin behar da, berandu gabiltzalako», erantsi zuen.
Atxak azaldu zuenez, salbuespen neurriek bere horretan jarraitzen dute oraindik «legegintza, justizia eta espetxe eremuetan» eta «egoera hau ezin da gehiago luzatu». Zehaztu zuen, halaber, «euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsaren aldarrikapen horrekin batera, indarkeria ezberdinak jasandako guztien eskubideak eta sentimenduak» aitortu behar direla. «Guztiek merezi dute beren mina aitortzea eta konpontzea», azpimarratu zuen.
«Uste dugu orain asko luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesuaren azken zatia bideratzea dagokigula», nabarmendu zuen Sarek, eta, era berean, azpimarratu zuen «aurrera egiteko garaia» dela, urrats berriak behar dituena. Zehaztu zuenez, legedia aplikatzeak izan behar du lehen urratsa, «salbuespenik gabe» eta «preso edo erbestean jarraitzen dutenentzako irtenbide justu eta aurrerakoia» eraikitzeko.
Ehun kulturgilek baino gehiagok Sarek Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egin eta adierazpena egin dute. «Luzamendutan ibiltzeak kaltea besterik ez dakar. Eskubideak urratzen dituelako. Konponbidea atzeratzen duelako. Bakearen ifrentzuan idazten jarraitzea delako. Elkarbizitzaren kaltetan delako», diote atzo ezagutzera eman zuten testuan.
«Minaren sorrera ezin da gehiago luzatu. Zaurien sendaketa ezin da gehiago luzatu. Jarreren hurbilketa ezin da gehiago luzatu. Indarkerien ondorioak jasan dituztenen eskubideen errespetua eta aitortza ezin da gehiago luzatu. Eta euskal preso, erbesteratu eta deportatuen egoera ezin da gehiago luzatu», irakurri zuen Unai Iturriaga marrazkilariak Durangoko ekitaldian.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
