Azokaren hauspoa eta sortzaileen prekaritatea
Siadeco etxeak Durangoko Azokaren inguruan egindako ikerketa ezagutzera eman zuen atzo. Bisitari fidelak, euskaldunak eta kulturazaleak ditu Azokak, haien sosak oro har bertan uzten dituztenak, batez ere literaturan. Baina, adi sortzaileei: euskal kultura maila gorenera eramateko bidea egiten dutenak prekaritatean bizi dira.

Azokako edozein egunetan -baita hura bukatzen denean ere- ohikoa izaten da salmenten eta bisitarien profilen inguruko eskaner moduko bat egitea, norberarena Azokaren inguruko jakintzarik pisutsuena balitz bezala.
Jendez mukuru dago Landako. Gerediaga Elkartea Siadecok egindako ikerketa aurkezten ari da eta leihoaren beste aldera dagoenari erreparatzen diozu disimulurik gabe. Bikote gazte bat igaro da, haur nerabeekin doan ama, zure gurasoen adinekoak diruditen lagun batzuk haien aurretik... Jende gutxi ikusten duzu bakarrik eta denekin sentipen berbera duzu: euskal kulturaren tenplura denok etorri nahi izaten dugula. Baina, egiaz, zein da bisitariaren profila? Zein da sortzaileen egoera? Zer diote eragileek?
Hiru ikerketa esparru horiek erabili ditu Siadeco etxeak, iazko datuak kontuan izanda, Azokaren inguruko ikerketa zabal bat osatzeko. Asmoa, bi galdera nagusiri erantzuna ematea: zergatik eta zertarako etortzen dira Azokara?
Mami interesgarria jaso du ikerketak, aztertutako esparrua, 2018an ez bezala, nabarmen zabaldu baita aurtengoan. Ikerketak argi utzi du 60 urte bete dituen Azoka euskal kulturarentzat hauspo garrantzitsua dela, izan ere, urteko kultur jazoera garrantzitsuena da bisitari gehienentzat. Azokara bertaratzen den gehiengoa euskalduna da eta euskal kulturaren ohiko kontsumitzailea ere bai, eta urteko euskarazko kultur kontsumoaren zati handi bat Azokan bertan eskuratzen du.
Ikerketaren arabera, bisitari fidelak ditu Azokak, gehiengoa oso maiz gerturatu izan baita urteroko euskal kulturaren hitzordura. 800 bisitariren gaineko lagina hartuta, gazteen presentzia ere nabarmena da Landako inguruetan, eta target horretan, batez ere emakumeena, non proportzioa %65era iristen den. Bisitarien bi herenak 45 urtez azpikoak dira.
MAILA BIKAINA, BAINA PROFESIONALTASUNIK EZ
Euskal kulturgintzak urte osoan duen hitzordu nagusia osasunez ondo dagoela esan daiteke, baina katebegietako baten egoera prekarioa ere agerian utzi du Siadecoren ikerketak. Sortzaileen artean gutxiengoa dira sorkuntza bizibide dutenak, gehienek beste ogibide bat behar dute bizitzeko -%20k bakarrik du lanbide bakartzat- eta %55ek urteroko diru sarreren %20 baino ez du jasotzen sorkuntza lanetatik.
Euskal ekoizpenaren loraldiaz hitz egiten den egun hauetan, zalantzarik gabe, kontuan hartzeko datua da. Izan ere, maila gorenekoa da euskal kulturaren egungo ekoizpena, baina zinez urria portzentaje handi batek bere sorkuntzatik jasotzen duen dirua.
Alde guztientzat da Azoka plaza oso garrantzitsua eta birika kulturala da, bai sortzaileentzat eta bai eragileentzat. Aipagarria, halaber, sortzaileen herena 35 urtez azpikoa dela.
MERCHANDISINGA, EROSKETA EREMURA
Erosketei dagokionez, salmentak mantendu egin dira, gutxi gorabehera, baina salmentaren zati handi bat literaturan egiten da. Estatistikak dio Azokara bertaratzen diren lagunak literaturazale handiak direla eta ia %20k urteko euskarazko liburu guztiak Durangoko Azokan erosi ohi dituela. Egoera desberdina da musikaren alorrean. Merkatuak bestelako argazki bat erakusten du. Bisitarien %60k ez du euskarazko diskorik erosi Azokan eta, datuek diotenaren arabera, gehiengoak musika dohainik kontsumitzen du.
Alde horretatik, merchandisingaren alorreko salmentak estatistiken barruan sartu dira aurtengo ikerketan. Gazteen erosketen zati handi bat eremu horretara bideratzen da eta paradigma berri bat marrazten du kontsumo kulturalaren esparruan.
Azken hiru urteetako salmenta bilakaerari dagokionez, galdekatutako eragileen %26k igo egin dela azaldu dute; jaitsi egin dela esan dute %25ek; eta berdin mantendu dela %21ek.
Datu horrek zalantza piztu du zure baitan, jakin baitakizu badirela aldeak salmahaiz salmahai, alegia, batzuek besteek baino gehiago saltzen dutela eta pertzepzioa ere diru sarrerena bezain desberdina izango dela. Zeure buruarekin eztabaidan trabatu zara testu hau idazten jardun zaren bitartean, eta ohartzerako Laura Mintegik eta Urtzi Urrutikoetxeak harrapatu zaituzte, oharkabean, Euskal PENi buruzko gogoeta betean. Grazia egin dizu Mintegiren ironiazko aipuak, gorroto duelako PEN hitza deklinatzea, eta lurrera ekarri zaitu Azokako zenbakiekin muntatu duzun bakarkako bataila horretatik. Euskal PENen historia azaldu dute: hiru aldiz sortua, eta Txomin Peillen du ohorezko lehendakari.
Gazteek merchandisingean kulturan bertan baino gehiago gastatzearen datuak berriro eman dizu ukabilkada bat garunean, eta Mintegik eta Urrutikoetxeak esan dute aire berriak behar dituztela, ateak zabalik dituztela parte hartu nahi duen ororentzat.
Zetak taldeak momotxorro bati haien izena jarri eta Madrilgo saio batean erakutsi izanaren inguruko eztabaida bolo-bolo dabil sareetan; musika plataforma digitaletan entzuten duen alabak Süneren kamiseta edo poltsa erostea eskatu dizu eta zuk kutuna duzun idazleren batekin joan nahi zenuke bazkaltzera. Zerk egiten gaitu azokartarrago, kulturazaleago edo... normalago?

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
