Nagore BELASTEGI

Euskal amerikanuen «biblia», euskaraz behingoz

50 urte igaro dira William A. Douglassek eta Jon Bilbaok, Renoko unibertsitatearen babespean, «Amerikanuak: Basques in the new world» lana argitaratu zutenetik. 1986an gaztelaniara itzuli zuten, baina orain arte ez da sekula euskaratu. Asun Garikanoren ardura izan da hori. Aurkezpenean, Douglass bera ere egon zen.

Goian, William A. Douglass (erdian) eta Jon Bilbao zenaren semea, izen  berekoa hau ere (eskuinean), Asun Garikanok euskaratu duen liburuaren  aurkezpenean.
Goian, William A. Douglass (erdian) eta Jon Bilbao zenaren semea, izen berekoa hau ere (eskuinean), Asun Garikanok euskaratu duen liburuaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN - Monika DEL VALLE | FOKU)

Asun Garikano itzultzaileak duela 50 urte William Douglassek eta Jon Bilbaok 1975. urtean argitaratutako “Amerikanuak: Basques in the new world” liburua euskaratu du eta atzo aurkeztu zuen Durangon. Bere ustez, gizarteak diaspora egon badela dakien arren, «uste dutena baino askoz gehiago da», eta hori argi gelditzen da “Amerikanuak: Euskaldunak mundu berria” lanean, bost mendeko migrazioaren historia lantzen delako, Kolonen lehen bidaiarekin hasten dena.

Izan ere, euskaldunak esploratzaileak izan ziren, misiolariak, urre bilatzaileak... «Gold rush horren testigantza ugari ditugu, tartean William Perkins kanadarrak kontatu zuen istorioa», esan zuen Kaliforniara urre bila joan zirenen inguruko pasarteari erreferentzia eginez. Hor kontatzen da nola euskaldunak «harrigarriak» iruditzen zitzaizkion Perkinsi: «Baketsuak dira baina haserretuz gero, arriskutsuak. Atletikoak eta indartsuak dira. Lan gogorra egin ostean, beraien denbora-pasak dira toka, burdin luzeak jaurtitzea eta harri astunak jasotzea». Biolinez jotako kantu ezaguna zabaldu zen Durangoko Arte eta Historiako Museoko azken solairuan, «txin txin, txin txin, diruaren hotsa...», urre bila eta bizitza hobeago bat eraikitzeko intentzioarekin ozeanoa zeharkatu zutenak gogoan.

MITXELENAREN GOMENDIOZ

Garikanoren aurretik, duela 50 urte argitaratu zen liburu haren sortzailea den William Douglass, eta Jon Bilbao zenaren semea -Jon Bilbao hori ere- izan ziren hizlari. «Ez dut duda izpirik ere ‘Amerikanuak’ biblia moduko bat dela, eta gainera gazte mantendu dela», esan zuen Jon Bilbao semeak.

Douglass pozik agertu zen euren liburua euskaraz argitaratu delako behingoz, 50 urteren ostean, «hori Euskal Herrian gertatu diren aldaketen isla» delako. Izan ere, 1986an argitaratu zen gaztelaniazko bertsioa, baina orain arte ezin izan dugu amerikanu haien jatorrizko hizkuntzan irakurri. Era berean, kontatu zuen liburuak, berez, Nevadako Elko konderriko euskaldunen inguruko ikerketa bat izan behar zuela. «Jonek euskal europarren ikerketa historikoa egin zuen eta nik liburuaren bigarren partea, ikerketa antropologikoa, artzain artean egin nuen landa lanean oinarrituta».

Liburuaren jatorria oso lotuta dago Renoko unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroaren sorrerarekin. Douglass antropologia ikasten ari zela, Etxalar eta Aulestin izan zen, eta ikasketak amaitzean, Renon Euskal Ikasketen programa abiatzeko eskatu zioten, baina galduta sentitzen zen. «Etxalarren ikertzen ari nintzenean, Donostiara joaten nintzen maiz eta Koldo Mitxelena ezagutu nuen, eta hark esan zidan Jon Bilbaorekin harremanetan jarri behar nuela, AEBn zegoelako. Behin Washingtonera joan behar nuen, topaketa batera, eta Mitxelenari esan nion hari abisatzeko, eta horrela ezagutu genuen elkar. Berak beti izan zuen euskal ikasketen zentro bat sortzeko ilusioa, saiatu zen New Yorken eta Indianan, baina ez zuen lortu. Berak bazekien nola gauzatu. Niri egindako enkarguaren berri eman nion, eta esan zidan prest zegoela AEBko ekialdean zuen lan ziurra uzteko, gurekin etortzeko. Horregatik, dekanoari esan nion Jon Bilbao kontratatzen ez bazuten, ni beste unibertsitate batera joango nintzela», eta horrela hasi zen bien arteko harreman profesionala eta bizitza osorako iraun zuen adiskidetasuna. «Anaiak ginen, aita eta semea bezalakoak; ni aita, bera baino gazteagoa izan arren», esan zuen txantxetan.

Jon Bilbaoren semeak gogoan du Douglass ezagutu zuen lehen eguna. «Gizon altu bat etorri zen etxera. Zaharra zela iruditu zitzaidan, baina 30 urte inguru izango zituen», bota zuen honek ere txantxari helduz. «Adin eta aurrekari desberdinak izan arren, primeran egin zuten bat. Nire aitak sekulako konfiantza zuen Billengan», kontatu zuen Bilbaok.

Azkenik, Bilbaok esan zuen aitak kontatu ziola liburuari izenburua jartzea kostatu zitzaiela, eta editorearengana joan zirenean, liburua amaituta, hark «nola deitzen diezue etorri diren euskaldunei?» galdetu ziela, bada «amerikanuak», eta horrela jarri ziotela.

BASAMORTUKO OASIA

Museoa Atarte gunearen egoitza izan da egun hauetan, eta goiko solairuan hitzaldiak zeuden bitartean, beste bi pisuetan euskal irudigileei eskainitako espazioak zeuden. Museoaren lasaitasunetik azokaren erdigunera bueltan, Landakon azken orduei zukua ateratzen zebiltzan euskal sortzaileak.

Izaro, gure euskal Mariah Carey, diskoak sinatzen zebilen. «Mallabia Carey deitzen didate», zioen gabonetako disko bereziari erreferentzia eginez. Estudiokoa eta Kursaalean zuzenean grabatutakoa ere bazituen salgai, eta biniloak agortuta zituen.

Latzeneko kideak ere bazeuden euren itzulerako diskoarekin. «Gozamena da ‘Denboraren Orbainak’ diskoak izan duen harrera. Gaur gure fitxaketa berria hemen dago, Yerko Ortiz. Berarentzat berria da hemen egotea, baina guretzat ere bai, nolabait, denbora asko pasa delako», esan zuen Aitor Uriarte Oñatiko metal taldeko ahotsak.

Literaturara salto eginez, Elkarren standean Katixa Agirre eta Karmele Jaio buru-belarri zebiltzan liburuak sinatzen. Haiekin zegoen Xabier Mendiguren editorea: «Euskara eta kultura protagonista bilakatzen dira egun hauetan, urte osoko basamortuan oasi bat bezala».