Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
DEVIL IN DISGUISE: JOHN WAYNE GACY

Biktimen ahots isilduen oihartzuna

AEBko historiako serieko hiltzaile basatienetakoa izan zen Wayne Gacy. Gutxienez 33 gizon gazte bortxatu eta hil zituen 1972 eta 1978 artean. Datu ikaragarri horiek ‘‘Devil in Disguise: John Wayne Gacy’’ telesailean azaltzen badira ere, ikusleak ez ditu hilketak bertatik bertara ikusiko.

True crime generoko beste hainbat izenbururen kontrara, aipatu telesailak morboa saihesten du; biktimak jartzen ditu erdigunean eta ez du hiltzailea erromantizatzen. Giza dramaren lurraldean sakontzen du eta egindako kaltearen benetako dimentsioan.

Zortzi ataletan zehar, telesailak biktimei eta euren familiei omenaldia egiten die: atal bakoitzean biktima baten istorioa azalduko da, eta amaieran haren izen-abizenak eta benetako irudiak erakutsiko zaizkio ikusleari.

Protagonista ilunaren azalean Michael Chernus aktorea sartu da. Gacy kezkagarri bat eraiki du, hain justu ez delako “munstroa izaten” saiatzen, gaizkiaren hutsalkeriara jotzen du: gizon traketsa, desatsegina, bere maskara sozialaren atzean ezkutatzen den izaki arrunt eta iluna. Maskara hori, ordea, maskara baino ez da; eta Michael Chernusen jarreran, irribarre deserosoetan eta begirada hutsaletan agerian geratzen da hori.

Eszenaratzea funtzionala da, arrandiarik gabea, baina, aldi berean, eraginkorra: tonu hotzak, grisak, gela estuak, eta esan gabekoaren presiopean desegiten direla diruditen aldirietako etxeak.

Sotiltasun horrek bikain funtzionatzen badu ere, zenbait ataletan erritmoa apur bat moteldu egiten da; muntaketan guraizekada bat sartu izan balute, narrazioak arintasun apur bat irabaziko luke, seguruenik.

Hala eta guztiz ere, erritmo horrek berak laguntzen du, neurri batean, telesailaren izaera isil eta neurritsuan.