Ernaik azken ekintzak bere gain hartu eta kriminalizazioa salatu du
Azken astean ikur espainiar eta frankisten aurka burututako ekintzak aldarrikatu ditu Ernaik. Halakoak eginez «Euskal Herriaren ukapena salatu eta independentziaren aldarrikapena eztabaida publikoan kokatu» nahi du gazte erakundeak. Euskal Herriaren eta gazteen bizitza duinaren aldeko borrokari eutsiko diola berretsi du.

Ernaiko 100 militante inguruk, atzo Deustuko frontoian batuta, beren gain hartu zituzten azken asteetan izandako protesta ekintzak, eta horiek baliatuz euskal gazteria kriminalizatzen ari direla salatu zuten.
Ribabellosako Osborneren zezenaren adarrak, Igeldon militar karlista baten omenez zegoen gurutzea, Gasteizko alkate frankistaren izena duen kaleko plaka eta Euskal Herriko zenbait eraikin publikotako bandera espainolak kendu edo eraitsi ostean Durangoko Santa Ana plazan aurkeztu zituen Ernaik larunbatean, 1978ko Konstituzio espainolaren egunean. Ekintza horiek zalaparta handia sortu dute, eta espainiar eta eskuineko alderdiek ez ezik, EAJk ere Ernairen kontra egin du azken egunetan.
Ekintza horiekin «Euskal Herriaren ukapena salatu eta independentziaren aldarrikapena eztabaida publikoan kokatu» nahi duela argitu zuen atzo Ernaik.
«EZ LERRATZEA LERRATZEA DA»
Izan ere, Euskal Herria «bidegurutze batean» dagoela ohartarazi zuen. «Eskuin muturraren eta faxismoaren erasoaldia bizi dugu mundu osoan, espainiar zein frantziar estatuetan, eta, ondorioz, baita Euskal Herrian ere. Krisi anitzak bizi ditugu; krisi ekonomikoa, ekosoziala, gerrak... Eta guzti horren aurrean, Euskal Herriak ez du burujabetza maila nahikorik. Horrek gure herriaren biziraupena bera kolokan jartzen du. Herri gisa ukatuak eta belaunaldi gisa muturreko egoera baten aurrean aurkitzen gara», azaldu zuen Amaiur Egurrola bozeramaileak.
Testuinguru horretan, bere hitzetan, «ez lerratzea lerratzea» da. «Duela hilabete gutxi Imanol Pradales EAEko lehendakariak ‘garai ilun’ gisa izendatutako garaiotan, ez dago erdibideko posizio posiblerik; bi aukera besterik ez daude: eskuin muturraren erasoaldira batu, Euskal Herria saldu eta ezberdintasun sozialak areagotu baino egiten ez duen eredu sozial eta ekonomikoa babestea, edo egoeraren jabe egin, arduraz jokatu eta urrats bat aurrera egitea. Bestela esanda, faxismoari aurre egin, gure herriaren askatasunaren alde borrokatu eta gazteon bizitza duinak defendatzea», aldarrikatu zuen Ernaik.
KRIMINALIZAZIOAREN AURKA
Alde horretatik, harrigarritzat jo zuen «duela hilabete gutxi ‘garai ilunez’ mintzo ziren berberak, interes elektoral hutsengatik, PP bezalako alderdi atzerakoi eta espainolista bat zilegitzeko eta ezker independentismoa higatzeko eginahalak egiten aritzea».
Hala ere, gazte independentistak ez direla «probokazioetan eta kriminalizazio kanpaina antzuetan» eroriko esan zuen argi Egurrolak: «Erantzukizunez jokatzea dagokigu, garaiak eskatzen baitu begirada norberaren zilbor eta interes alderdikoietatik altxatzea eta herri honen mesedetan jokatzea».
Horiek guztiak aintzat hartuta, borrokan jarraitzeko deia egin dio Ernaik euskal gazteriari. «Garai honek ardura eta borroka eskatzen ditu, eta guk ez dugu hutsik egingo. Beraz, herri hau defendatu eta gazteon bizitza duinen alde lan egiteko prest gaude. Espainolismo ultra borrokatu eta faxismoari lekurik txikiena ere ez diogu utziko. Gure miseriaz aberasten direnen aurka borrokatuko gara. Etxebizitza duinaren alde bultza egingo dugu. Eta, oro har, gure herria eta herriko gazteria defendatuko dugu», azpimarratu zuen Egurrolak.
Datozen asteetan 70 herri baino gehiagotan Independentzia Eguna ospatuko du Ernaik. Bilbon, mobilizaziora deitu dute abenduaren 20rako “Ekinez egina. Gazteok Independentzia” lelopean.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
