Lakua: «Euskara normalizatzeko sistema kolokan gelditu daiteke»
«Euskararen judizializazioaren eta instrumentalizazioaren aurrean gaude», adierazi zuen atzo Lakuak. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak izapidea hasi du Enplegu Legearen 187.5 artikuluaren konstituzio aurkakotasuna planteatzeko, Administrazioko lanpostuetan hizkuntza eskakizuna ezartzera behartzen duelako.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak Lehendakaritzan egindako agerraldian adierazi zutenez, Gobernuak ez du arrazoirik ikusten gaia Auzitegi Konstituzionalari helarazteko, eduki hori ez delako berria. «1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legean dago, baita 1989ko Funtzio Publikoaren Legean ere. Auzitegi Konstituzionalera joan ziren biak eta hark konstituzionalak zirela ebatzi zuen».
«ERABAKI DEIGARRIAK»
2024ko otsailean Lakuak dekretu bat onartu zuen sektore publikoan euskara normalizatzeko, eta PPk eta Voxek errekurtso bana ezarri zuten 2025eko martxoan. Udaberrian, Auzitegiak gai horiek ebatzi zituen: PPrenak aurrera egin zuen. Voxek, berriz, bi errekurtso jarri zituen, bat Voxek berak eta bestea Amaia Martinez legebiltzarkideak. Voxena partzialki mugatua gelditu zen; Martinezena artxibatua.
Ordura arte prozedurak nahiko bide ohikoari jarraitu ziola adierazi zuen Ubarretxenak. Azarotik aurrera, ordea, «oso deigarriak» diren erabakiak hartu direla esan du. Auzitegiaren osaera aldatu du salak, eta bi errekurtsoak elkarrekin prozedura berean sartzea erabaki du, eduki, helmen eta argudiaketa ezberdinak izan arren. Zalantzazkoa iruditzen zaio hori Lakuari eta, ondorioz, errekurtsoa aurkeztu du. Hori gutxi ez eta «konstituzio aurkakotasuna irekitzeko probidentzia eman du salak, inork eskatu gabe».
«EGOERA LARRIA»
Bengoetxeak «egoera larria» dela azpimarratu zuen, «sektore publikoan euskara normalizatzeko sistema osoa kolokan» gelditu daitekeelako. Esplikatu zuen sarri bi kontzeptu nahasten direla: hizkuntza profila edo hizkuntza eskakizuna eta derrigortasuna. «Profila lanpostuaren ezaugarri bat da, maila, titulazioa eta eginkizunak bezala. Derrigortasunak data bat ezartzen dio postu bakoitzari, eta horrek finkatzen du zein datatik aurrera den euskararen ezagutza derrigorrezkoa».

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
