GARA
GASTEIZ

Behatokiak Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko eskatu du

Behatokiak Gasteizko Parlamentuan aurkeztu ditu Euskararen Telefonoaren bidez jasotako herritarren salaketak. Horiek azalduta, Enplegu Publikoaren Legea errotik aldatu behar dela esan du, hizkuntza eskubideen urraketei behar bezala aurre egite aldera.

Agurne Gaubeka, Gasteizko Parlamentuan.
Agurne Gaubeka, Gasteizko Parlamentuan. (HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA)

Hizkuntz Eskubideen Behatokia Gasteizko Parlamentuan izan zen atzo, EAEko Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko eztabaidaren harira irekitako prozesuan parte hartzen. Bertan, Behatokiak martxan daramatzan ia 25 urteetan milaka herritarrek helarazitako hizkuntza eskubideen urraketak mahai gainean jarri eta horiek herritarrengan dituzten ondorioez mintzatu zen. Horrez gain, hizkuntza eskakizunak ingurune soziolinguistikoaren arabera malgutzeak sortzen dituen arazoez ere jardun zen.

Asteartean Ibone Bengoetxea Lakuako Gobernuko eledunak azaldu zuenez, «arlo publikoan euskara normalizatzeko sistema osoa kolokan geldi daiteke» azkenaldiko epaiengatik. Bestetik, egun berean Kongresu espainolean Pedro Sanchezen inbestidura babestu zuten taldeek herritarren eleaniztasuna bermatzen duen Lege Organikoaren proposamenaren alde bozkatu zuten, PSOE barne.

Testuinguru horretan, Euskararen Telefonoaren bidez herritarrek jarritako salaketen adibideak eman zituen Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak, eta «antzeko egoerak urtero errepikatzen» direla gogorarazi zuen. «Urraketa bakoitzaren atzean salatzen ez diren beste hainbat daudela kontuan izan behar da eta hainbat esparrutan herritarrari erreparoa ematen diola bere eskubideak exijitzeak», gaineratu zuen. Hainbatetan administrazioa bera da herritarrak gaztelania erabiltzera behartzen dituena, gainera.

Behatokiak agertutako kasuetatik ondorioztatzen da zerbitzu publikoetan euskara erabiltzerakoan edo informazioa euskaraz jaso nahi izatean herritarrek ezintasun, oztopo, muga eta bestelako albo-kalte eta ondorioak pairatu behar izaten dituztela; esaterako, hizkuntza hautua egiteko eskubidea ukatu eta gaztelania erabiltzera behartzen dituzte, edota zerbitzua behar baino beranduago jasotzen dute.

HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BERMEA, ALDAKORRA

Horretaz gain, hizkuntza eskakizunak ingurune soziolinguistikoaren arabera malgutzeak arrisku eta kalteak dituela esan zuen Gaubekak. Izan ere, neurri horren arabera, zerbitzua euskaraz nahi duten herritarrei ez zaizkie eskubide eta kalitate berak bermatzen herri edo lurralde-eremu guztietan.

«Ehundaka aldiz erantzun zaigu Eusko Jaurlaritzatik hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa edo irizpideak birgogoraraziko zaizkiela langileei», gogoratu zuen Gaubekak, baina «oraindik lanpostu askotan euskararen ezagutzarik ez izatean, irizpide horiek ezer gutxirako balio izaten dute». Ildo horretatik, euskararen kontrako epaien gaiari helduz, hainbat lan-poltsatan euskararen ezagutza eskatzearen aurkako sententziek egungo egoera larritzen dutela esan zuen. Bere hitzetan, euskararen ezagutza gutxien bermatuta dagoen eremuetan, justizian kasu, ez da onargarria euskara planaren arabera 2033rako hizkuntza eskakizuna ezarria eta egiaztatua duten lanpostu kopurua oraindik %70ekoa izatea. Horiek hala, «Enplegu Publikoaren Legea errotiko aldaketaren noranzkoan jarri beharra» aldarrikatu zuen Gaubekak.

«Euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideen bermea gizarte osoan gauzagarria izan dadin, administrazio publikoa eredu izan behar da, eta horrekiko arduraz jardutea eskatzen diogu Legebiltzarrari», nabarmendu zuen Behatokiko zuzendariak.