Gogotsu eta prest agertu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistak
Abenduaren 20an jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala eta atzo aurkeztu zuten Bilboko Casillan. Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa lehiatuko dira eta Arantza Plazak izango du irabazleari txapela jartzeko ardura.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren atarian elkartu ziren atzo zortzi finalistak Bilboko Casillan: Aitor Bizkarra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Txaber Altube eta Xabat Galletebeitia.
Abenduaren 20an izango da finala, 17.00etatik aurrera, eta ohiko bi ataletan jokatuko da. Lehen atalean puntu gehien lortzen duten biak pasatuko dira bigarren atalera eta saio osoko puntuazioak batuko dira txapelduna zein den erabakitzeko.
FINALISTEN ADIERAZPENAK
Finalera heltzeko hiru saiotan izan da Aitor Bizkarra, eta, «nahiko lasai» hasi bazen ere, txapelketak aurrera egin ahala «tentsioak eta sufrimenduak gora egin» dutela esan zuen atzo. «Ez dakit finalaz gozatuko dudan; beharrera eta jokora joateko eta neure onena emateko asmoa daukat», ziurtatu zuen.
Hirugarren finala izango du Aitor Etxebarriazarragak. Urte «apur bat gorabeheratsuagoa» izan duela aitortu zuen, baina finalerdiko bi saioetan «gorputzaldi oso onarekin» sentitu dela eta finalari begira horri eutsi nahi diola adierazi zuen.
Gorka Pagonabarragak aurtengo txapelketak «hotz» eta «ondo mentalizatu gabe» harrapatu duela onartu zuen: «Aurrera jarraitzeko nire buruaren kontra egin behar izan dut, baina gaur Casillan sartzerakoan ilusioa piztu zait eta finalera gogotsu heltzea lortuko dudala uste dut».
Haurdunaldian heldu da Jone Uria finalera, eta txapelketan zehar «bizipen asko eta desberdinak» izan dituela esan zuen. «Beldur puntu batekin heldu nintzen txapelketara. Ez hainbeste bertsotan nola nenbilenagatik, baizik eta fisikoki nola erantzungo nion. Bietan ondo sentitu naiz eta pozik nago. Orain arteko zapore on horri eutsi nahi nioke finalari begira», azaldu zuen.
Oihana Bartrak hasiera batean ez zuela txapelketan parte hartu nahi aitortu zuen, «baina negazio fase hori pasa eta gero, bidean, motibatzea lortu dut eta finalaurrekoetan gustura ibili naiz eta behin finalera helduta oso gogotsu eta lasai samar nago».
Onintza Enbeita da finaleko beteranoena. 2018an, txapela lortu duen lehen emakumezkoa bihurtu zen. Aurtengo finalera gogotsu heltzen dela argi utzi zuen: «Hemen egon nahi dut demostratzeko nire buruari eta Bizkaiari txapelketa askoz leku habitableagoa eta gozagarriagoa dela orain dela 25 urte baino. Oso pozik nago urte hauetan izan diren aldaketengatik, diskurtso eta kantatzeko modu diferenteengatik... eta abenduaren 20an horrek denak nire gorputza zeharkatzea nahi dut».
Lehenengo finala izango da, aldiz, Txaber Altuberentzat. Aurtengo txapelketan bere burua «gutxiago egurtzea» lortu duela esan zuen atzo. «Finalerako oso gogotsu nago, momentu on batean heldu naizela uste dut eta dena emateko prest nago», gaineratu zuen.
Urte askoan bere buruarengan konfiantza izateko arazoak izan dituela aipatu zuen Xabat Galletebeitiak. Erronka hori izan du txapelketan zehar, eta finalerako prest dagoela azpimarratu zuen.
Horietatik irabazle ateratzen denari Arantza Plazak Zamorak (Gizaburuaga, 1958) jantziko dio txapela. Bertsolaritzaren transmisioan egiten den lanari gorazarre egin nahi dio Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Arantza 2004an hasi zen lehen eskoletan bertsolaritza irakasten eta 2022ra arte behar horretan aritu da.
Idoia Anzorandia Kareaga eta Igor Menika Bengoetxea ariko dira finaleko gai-jartzaile beharretan.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
