GARA
DONOSTIA

Martutenen iritsi berriei begirako harrera antolatzeko taldea sortu dute

Martuteneko institutu zaharrean bizi ziren 111 pertsonak irtenarazi zituztenetik astebete igaro denean, Donostiako auzoan Martu Harrera Taldea aurkeztu dute. Helburua auzora etorri berriei informazioa ematea da.

Aurkezpenean azaldu zutenez, hainbat eragilek osatzen dute taldea: Sarroeta Auzo Elkartea, Arantzazuko Ama Ikastola eta Guraso Elkartea, Etxarriene Auzo Elkartea, Ongi Etorri Eskolara, Hazi Berri Elkartea, Harrera Donostia, Martuteneko Herri Eskola, Martu Jaiak, Martuko Gazteak, Aizkorri Scout Taldea, Caritas eta Martuteneko bizilagunak.

Auzoan harrera komunitarioa bermatzeko beharra Haur eta Nerabeentzako Tratu on Martutene taldetik abiatu zen 2021ean, aurkezpenean azaldu zutenez.

Aurtengo otsailean boluntarioen talde berritua sortu zen auzora iritsi berri diren pertsonak detektatzeko eta horiek informazio-gunera gonbidatzeko. Bertan, astean behin, kideek gida azalduko diete.

Ongietorri- eta informazio-guneak zenbait zerbitzu eta baliabide eskainiko ditu, tartean pertsonei komunitatean bizitzen laguntzeko aholkularitza, orientazioa eta laguntza. Azaldu zutenez, xedea da «ingurune atsegin eta seguru bat sortzea», iristen diren pertsonek «beren bizi-kalitatea hobetzeko behar dituzten oinarrizko baliabideak eskura ditzaten».

«Baliabide-gida tresna baliotsua izango da gure komunitatean laguntza eta baliabideei buruzko informazioa bilatzen duten pertsonentzat. ‘Ongi etorri Martutenera!’ gidan informazio erabilgarria aurkituko duzu», esan zuten aurkezpenean.