GARA
TREBIÑU

Europan fabrikatutako motrailurik zaharrena aurkitu dute Trebiñun

EHUko ikertzaileek parte hartu duten proiektu bati esker, Goi Pleistozenoaren amaieran datatutako motrailu bat aurkitu dute Trebiñun. Analisien arabera, landareak prozesatzeko erabili zen, ezkurrak ziurrenik, baina beste aukera batzuk ezin daitezke baztertu.

Trebiñuko Martinarriko historiaurreko aztarnategian aurkitutako tresnak.
Trebiñuko Martinarriko historiaurreko aztarnategian aurkitutako tresnak. (EHU)

Europan fabrikatu eta erabilitako motrailu edo errota zaharrena aurkitu dute Martinarriko (Trebiñu) historiaurreko aztarnategian. EHUk adierazi duenez, Goi Pleistozenoaren amaieran datatutako tresna da, eta agerian uzten du landareek historiaurreko gizakiaren dietan zuten garrantzia.

Martinarrin tresna espezifiko bat aurkitu ondoren, seguruenik landare produktuak manipulatzeko erabilia, Alfonso Alday eta Adriana Soto kide dituen EHUko Geografia, Historiaurre eta Arkeologia saileko taldeak ikerketa proiektu bat diseinatu zuen, tresnaren eginkizuna ulertzeko.

Babestu eta teknika ez-erasokorrekin garbitu zen, trazeologia bidez aztertu zen eta haren sedimentuaren laginak hartu ziren, fitolitoak eta polena analizatzeko eta aztarnategiko beste lurzoru batzuenekin konparatzeko.

Tresnaren morfologiak, higadura patroiek eta analisi bioarkeologikoek iradokitzen dute landareak prozesatzeko erabili zela, ezkurrak ziurrenik, baina ezin daiteke baztertu beste produktu batzuk prozesatzeko ere erabili zela. Ebidentzia etnografikoek diote ezkurren kontsumoa ohikoa zela Martinarrikoa bezalako testuinguru ekologikoetan.

«Ezkurrak biltzen ziren ziurrenik Martinarri inguruan, eta haien prozesamendua konbinatzen zen aztarnategi eremuan egiten ziren beste jarduera batzuekin; besteak beste, ehiza, lanabesen fabrikazioa, animalien zatiketa eta larruen prozesamendua. Ziurrenik, lan neketsuenak kanpamentuan bertan egiten ziren», adierazi zuen Aldayk.

Martinarriko motrailua birziklatze funtzionaleko kasu bat da, ehotze lauza bat berrerabili zelako, motrailu bihurtzeko, eta landareak prozesatzeko teknikak aldatu zirela adieraziko luke horrek. Motrailuarekin batera, birrintzeko elementua ere aurkitu zen.

Datu horiek aditzera ematen dute klima eta paisaia aldaketen ondorioz giza komunitateak eredu ekonomiko berriak garatzen ari zirela, hazkunde demografikoak, mugikortasun eredu berriek eta nitxo ekologiko berriak ustiatzeko interesak akuilatuta. Era batean edo bestean, estrategia berri horiek eragina izan zuten gizakien eta landareen arteko erlazioan.

«Martinarriko motrailuarena bezalako aurkikuntzek -ezaugarri hauetako Europako zaharrena- adierazten digute giza komunitateek ahalegin handiak egin zituztela euren dietan landare baliabide prozesatuak sartzeko, ekonomia neolitikoa iritsi baino askoz lehenago», azpimarratu zuten.