Mila alegazio aurkeztu dituzte Lakuan Arabako Lautadako makroproiektuen aurka
Arabako Lautadan azken urteetan makroproiektuak ugaritu direla salatzeko agerraldia egin zuen Biharko Lautada plataformak. Mila alegazio berri aurkeztu zituzten Lakuan eta Araba ez dagoela salgai salatu zuten Artiumen.

«Arabako Lautada arrisku larrian dago makroproiektuen inbasioaren ondorioz. Zentral eoliko eta fotovoltaikoak, tentsio handiko linea berriak, abiadura handiko trena, mega-bateriak, Olaztiko erraustegia…», adierazi zuen atzo Biharko Lautada plataformak Lakuaren aurrean. Izan ere, mila alegazio gehiago aurkeztu zituzten eskualde horretan eraikitzen ari diren makroproiektuen aurka.
Azken urteetan makroproiektuen aurka aurkeztu diren ia 60.000 alegazioei gehitu zaizkie atzo aurkeztutako mila horiek. «Alegazio hauek Asparrenan, Zalduondon eta Donemiliagan ezarri nahi dituzten ‘Asparrena’, ‘Katarri’ eta ‘Igorita’ izeneko proiektuen kontra aurkeztu ditugu», zehaztu zuten agerraldian. Azken urteetan martxan jarri dituzten proiektuen berri eman eta horiek herritarrentzat kaltegarriak direla azaldu zuten atzokoan: «Elgea eta Urkillako mendilerroak jada txikitu dituzte 78 aerosorgailuz osatutako zentral eoliko amaigabe baten ondorioz, Aizkorri-Aratz parke naturalaren mugan».
Azken hilabeteetan beste «mehatxu larri bat» agertu dela ohartarazi zuten: Olaztiko Cementos Portlanden hondakinen errausketaren proiektua. Duela zazpi urte herritarren aurkakotasun handiagatik baztertu zela azaldu zuten, eta, orain, proiektua berriro itzuli dela eta horrek Lautadako herritarren osasuna arriskuan jartzen duela.
«ARABA EZ DAGO SALGAI»
Era berean, lurraren defentsaren aldeko kolektibo sozialek Artium aurrean salatu zuten Lakuaren Itun Soziala «aitzakia» dela energia berriztagarrien makroproiektuak «inposatzeko». Labrazan berehala abiatzekoak diren obrak eta alderdi politikoen jarrera kritikatu zituzten.
“Araba ez dago salgai” lelopean egin zuten Artium pareko elkarretaratzea, izan ere, Lakuak Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren Itun Sozialari buruzko tailerra antolatu zuen bertan. «Lakuak hausnarketarako eta herritarrak sentsibilizatzeko tailerrak sustatzen dituen bitartean, praktikan, ingurune naturalak suntsitzen dituzten makroproiektuetan oinarritutako eredua bultzatzen jarraitzen du», salatu zuten.
Labrazako zentral eolikoaren makroproiektuaren egoera azpimarratu zuten, eta ohartarazi zuten laster jasoko duela behin betiko obra baimena, eta jada makineria ikusi dutela ingurua egokitzen. EAJ eta PSOE kritikatu zituzten, eta Iberdrola bezalako enpresekin dituzten lankidetzak seinalatu. Bestalde, EH Bilduk Oiongo Udalean izandako jarrera aldaketa ere salatu zuten «makurtu izana» leporatuz.

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL
