Marcel PENA
EUSKARAREN OSPAKIZUNA

Kafe Antzokia, 30 urte Bilbo euskalduna izan dadin lanean

1995eko abenduaren 15ean zabaldu zituen ateak Kafe Antzokiak Bilboko Abando auzoan, hirian euskarazko aisialdian sumatzen zen hutsunea betetzeko. 30 urte geroago, Gabriel Aresti euskaltegia abiapuntu izan zuen proiektu hau beste esparru batzuetara ere zabaldu da, Zenbat Gara euskaltzaleen elkartearen eginahalari esker.

Ondoko orrialdean, Kafe Antzokiaren 15. urteurrena, 2010ean. Goian, Done Bikendi kaleko eraikina artxiboko irudi batean.
Ondoko orrialdean, Kafe Antzokiaren 15. urteurrena, 2010ean. Goian, Done Bikendi kaleko eraikina artxiboko irudi batean. (Monika DEL VALLE, Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Euskara dela gure territorio libre bakarra idatzi zuen Joseba Sarrionandiak. Duela 30 urte, 1995eko abenduaren 15ean, Bilboko euskaldunen eta euskaltzaleen «territorio libreak» ateak zabaldu zituen Abando auzoaren bihotzean, aisialdia eta euskaltzaletasuna batzeko. Hiru hamarkada geroago, Kafe Antzokiaren proiektua eredu bilakatu da, ez bakarrik gauean kontzertu-aretoan gertatzen denagatik, baita eraiki dituzten euskararen aldeko ekimen guztiengatik ere.

1978an sortu zen Gabriel Aresti euskaltegia, Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian. Euskal Herria Francoren diktaduratik irteten ari zen, eta euskara ikasteko interesa bazen. Hala ere, ikaskuntza horren emaitzak ez ziren kalean antzematen. Egoera hori ikusita, Gabriel Aresti euskaltegiari «beste zentzu bat» ematea erabaki zuten Teo Etxaburu eta Jabi Lauzirika euskaltzaleek, besteak beste, eta Zenbat Gara elkartea sortu zuten 90eko hamarkada hasieran. «Gure helburua zen euskaltegia hartzea eta ‘aburretegi’ eredutik ateratzea, didaktikoago bihurtuz, harremanak landuz eta euskara kalera ateraz. Baina ez genuen lortzen euskaltegitik kanpo, ikasleak beren bizitzara joaten zirenean -etxean, lantegian, auzoan...-, euskara erabiltzea, euskal gunerik ez geneukalako. Eta euskararekin kontaktua galtzen zuten», gogoratu du Etxaburuk. Hausnarketa prozesu horri esker jarri zen martxan Kafe Antzokia sortzeko egitasmoa.

Behin Kafe Antzokia sortu zelarik, euskara kalera ateratzeko asmoz, beste pauso bat eman zuten Zenbat Gararen sortzaileek eta, Etxabururen hitzetan, «talde eraginkorra» sortu zuten «erantzunak emateko»: Jose Maria Sanchez Carrion “Txepetx” hizkuntzalaria, Juan Antonio Urbeltz euskal dantzaren ikertzailea, Jose Angel Irigarai Ez Dok Amairu taldearen sortzaile eta kidea, Siadecoko Iñaki Larrañaga, Errobi taldea, Hertzainak taldeko Josu Zabala, Fermin Etxegoien kazetaria, Jon Sarasua bertsolaria... Diziplina anitzeko ekipoa, kultura-korronte eta belaunaldi desberdinak batzen zituena.

Done Bikendi Martiri elizaren ondoan zegoen San Vicente zinema izan zenari bizitza berri bat eman zioten: azkenean, euskaldunek leku fisikoa zeukaten euskaraz normaltasunez aritzeko, baita euskaltegiko ikasleek eskoletan ikasitakoa praktikan jartzeko ere.

1995eko abenduaren 15ean inauguratu zen Kafe Antzokia. Arratsaldeko ospakizunaren ondoren, gaueko festa hasi zen, hainbat musikari eta abeslarirekin; hor izan ziren Txomin Artola, Da capo Laukotea, Anje Duhalde, 7 Eskale, Gari, Kepa Junkera, Maskarada, Sarasua anaiak eta Amaia Zubiria, esaterako. Aretoan, lehen lerroan, artista eta musikari ugari, eta hori guztia errealitate bihurtu zuen «talde eraginkorreko» kideak, haien artean Etxaburu bera: «Gogoratzen dut ni oso urduri nengoela. Jendetza sartu zen, ezin sartuta. Kristoren inpaktua izan zuen Bilbon».

Kafe Antzokiaren irekierak euskal kulturako ordezkaritza zabala bildu zuen, beraz, baina inor ez politikatik, ordezkariek horrela erabakita. Horrela justifikatzen du Etxaburuk: «Ez genuen gonbidapen ofizialik egin, ez zen inor etorri ez ezker abertzaletik, ez EAJtik, ez Udaletik. Etorri ahal ziren herritar moduan, kargurik gabe, Kafe Antzokia herriarena delako, eta herriaren zerbitzuan gaude».

ORAIN BAI, 30AK OSPATUKO DIRA

Ibilbide luzea egin ondoren, Kafe Antzokiak 30 urte beteko ditu gaur, abenduaren 15ean, baina irailaz geroztik dabiltza ospatzen. “Belaunaldiz belaunaldi” lelopean, azken hilabeteetan hainbat talde igo dira Done Bikendiko agertokira ekitaldiz betetako egutegiaren parte gisa: Ekiza, Fermin Muguruza, Txuma Murugarren, Gorka Urbizu, Anari, 48280, Errobi, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin eta McEnroe, besteak beste. Bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte; horien artean, Argia dantza taldearen emanaldia, “Kantagintza” saio berezi bat Anje Duhalde, Josu Zabala, Amultsuki eta Jon Maiarekin, eta kontzertuak. Festa bikoitza, batez ere kontuan hartuta covid-19aren pandemiak 25. urteurrena zapuztu zuela eta Kafe Antzokia urte eta erdiz giltzatuta egotera behartu zuela.

Gaur egun, Kafe Antzokia oraindik ere «euskal kultura eta aisialdiaz gozatzeko eta komunitatea trinkotzeko» espazio hori da. Horrela adierazten du Mikel Urbeltz Kafe Antzokiko kudeatzaileen lantaldeko kideak, duela 30 urte egindako apustu sendoaren garrantzia azpimarratuz: «Hizkuntza, kultura, egunero landu beharrekoak dira; erabilerak bizigarri egiten ditu, sendotzen eta elikatzen. Belaunaldi berriak daude eta harremanen sareak zaindu, birsortu, berrindartu behar dira, herritarrak lotuz, harilkatuz». Nahiz eta garai hartako arazo eta kezkak «desagertu ez diren», Antzokiak bere aletxoa jarri du euskaldun guztiok parranda egin ahal izateko geure hizkuntzari uko egin gabe: «Gure pertsonala euskalduna da, dudarik gabe, eta jendeak parranda egiten duenean euskaraz bizi den espazio bat aurkitzen du».

Urte hauetan, euskal musikari askok hartu dute Kafe Antzokia erreferente gisa. Partaidetza horri dagokionez, Urbeltzek nabarmendu ditu artisten eta ikusleen artean sortu ahal izan dituzten loturak, «pertenentzia-sentimendua» indartuz. «Bat-egite» horren indarra ez da lantzen bakarrik zuzeneko kontzertuan, baizik aisialdian ere bai. Modu horretan, «euskal musikak presentzia handia dauka, talde eta proposamen berriak uztartzen ditugularik gaueko doinuetan», Urbeltzek esan duenez, «gaueko aisiak» garrantzi handia daukalako Antzokiko kideentzat.

EUSKALTEGIA BAINO GEHIAGO

Kafe Antzokiaren proiektuaz gain, beste ekimen batzuk ere martxan jarri ditu azken hiru hamarkada hauetan Zenbat Gara elkarteak. Etxabururen gogoetarekin bat eginez, Isabel Isazelaia kideak oroitu du nola euskaltegiko irakasle talde batek sortu zuen egitasmoa euskal kulturaren gabezia-garai haietan: «Ikasleak euskaltegira hurbiltzen ziren euskalduntzeko, eta ikusten genuen euskaltegian egiten zen lana ez zela nahikoa, horrek behar zuela segida bat». Gaur egun, Zenbat Gara elkartea kooperatiba da, eta 90 kide baino gehiago dauzka.

Alde horretatik, Isazelaia kritiko agertzen da orain arte gobernuek eta erakundeek mantendu duten jarrerarekin, batez ere hezkuntzan. Horrela, deitoratu du euskararen presentzia eskasa umeei eta nerabeei zuzendutako hainbat esparrutan, hala nola eskolaz kanpoko ekintzetan eta kirol espazioetan. Gauza bera gertatzen da, Zenbat Garako kidearen iritziz, euskaltegiko ikasleekin. «Helduek izugarrizko ahalegina egiten dute guregana etortzeko, bai ekonomikoki, bai denbora aldetik, eta kalera irteten direnean topatzen dutena erabat erdalduna da. Guk pentsatzen dugu euskaltegian egin behar dela prozesuaren zatitxo bat baina gero kalean bukatu beharko litzatekeela. Hor egon beharko litzateke, alde batetik, babes instituzionala eta, bestetik, eragile askoz gehiago», aldarrikatu du. Horrek ez du esan nahi Gabriel Aresti euskaltegitik ez denik lantzen euskaltzaletasuna ikasleen artean. Ezagutza praktikoaz gain, ekintzak antolatzen dituzte eskolan zein kalean urte osoan. «Kultur programazio txukuna daukagu, azken urteetan garatu dena. Saiatzen gara astero-astero ikasleek eduki dezaten klasetik kanpoko hitzaldi, dinamika, txango, bisita edo zerbait. Hizkuntza naturalizatzen hasteko. Euskara bada bizitzea, bada ikastea, bada entzutea, bada gozatzea, bada ondo pasatzea...», esan du Aritz Estibez Gabriel Arestiko didaktikariak. Gaur egun, euskaltegi horretatik 2.000 ikasle baino gehiago pasatzen dira ikasturte bakoitzean, eta 65 irakasle ditu eskaera horri erantzun ahal izateko.

ASTE NAGUSIAN, EUSKARAZ ERE BAI

Estibezek aipatutako festa-egutegi zabal horretan sartzen dira egun seinalatuetan euskaltegitik antolatutako festak: Santa Ageda, inauteriak, Santo Tomas, baita Udaberri jaia ere. Hala ere, euskara irakasleak gogoratu du prozesua hor amaitzen dela; «kanpoan ez dago ezer». Euskararen bideari jarraitzeko asmoari eusten dioten ikasleei Algara konpartsan aritzeko aukera ematen zaie, jaia eta aisialdiaren ingurukoa taldean.

1994an sortu zuten Algara konpartsa, euskaltegitik antzematen zituzten gabeziak ikusita eta ikasleentzat aisialdiak daukan garrantzia kontuan izanda, eta ordutik euskara ardatz duten jarduerak antolatzen ditu Aste Nagusian. Azken urteetan euskara hutsezko programazioa proposatzen du Algara konpartsak, Jone Fernandez konpartsakideak azaldu duenez. Konpartsa Concordia geltokia aurrean kokatzen da, Abandoko zubiaren goiko aldean. Horrek aukera ematen die programazioa %100 propioa izateko eta, euskaraz izateaz gain, musika aukera berriak ere entzun ahal dira. «Talde txiki eta gogotsu asko izan ditugu, beste leku batzuetan plaza ez daukatenak. Saiatzen gara haiei ere aukera ematen», esan du Fernandezek Algararen kontzertu eskaintzari buruz.

Aste Nagusian ohikoa da Algararen txosnatik Bilbo Hiria irratia festaren jarraipena zuzenean egiten ikustea. «Hiriko euskaldunen arteko harremanak bideratzeko eta euskara eta euskal kultura sustatzeko» helburuarekin jaio zen 1997an Bilbo Hiria, hiri mailan lehen euskara hutsezko irratia izan zena, baita aitzindaria multimedia arloan ere, Ane Zabala kazetariak oroitu duenez: «Aitzindariak izan ginen Interneten. Bilbo Hiria izan zen Euskal Herriko lehen irratia podcastak Internetera igo zituena». Hala ere, «apustua» uhinetan emititzea da oraindik ere, Bilboaldean FM 96.0 frekuentzian: «Ezinbestekoa da hurbileko informazioa, Bilbo euskaldun bat nahi badugu».

Hala, Kafe Antzokiko azken solairutik, Bilbo Hiria irratiak euskaraz hutsezko programazioa eskaintzen die bilbotarrei: albistegiak, magazinak, zuzeneko saioak, kulturakoak... Hori guztia, bertoko kazetariei zein kolaboratzaileei esker.

Horregatik guztiagatik, Kafe Antzokia Bilbon erreferente da euskaldun guztientzat, zahar zein berrientzat; bertan topatu ahal dute leku bat euskara ikasteko, normaltasunez hitz egiteko, gozatzeko eta ondo pasatzeko... Azken finean, euskaraz bizi ahal izateko. Urte askotarako, Kafe Antzokia!