Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, isildutakoa argitaratuko duena»
Hunkigarriak eta indartsuak izan ziren atzo Mikel Zabalza Garateren omenezko memoriaren autobusaren ibilbideko azken metroak. Guardia zibilen torturek hildako Orbaizetako gaztearen gorpuak duela 40 urte egindako bide bera egin zuten Donostian, Dbuseko langileekin, familia eta lagunekin, jendetzaren babesa jasoz. Egia osoa jakiteko garaia dela aldarrikatu zuten.

Donostiako Bulebarreko errepidearen bi bazterrak herritarrez beteta zeuden, pasillo bat osatuz, Mikel Zabalza Garate gogoan Dbuseko langileek erakusketa gisa atondutako autobusari harrera beroa egiteko. 12.30 pasatxoan, lore sorta bat gidariaren lekuan eta txalo zaparrada artean iritsi zen memoriaren autobusa, hogei egunean Orbaizeta, Agoitz, Iruñea, Lesaka, Bera, Altza eta Errenteria bisitatu eta gero. Ibilgailuaren ondotik zihoazen Dbuseko langileak, laneko arropa soinean. Batzuk Mikelen lankide izan ziren eta orain erretiratuta daude, Mikelek egon behar zuen bezala.
Orbaizetako gaztearen argazki handi bat jarri zuten Bulebarreko plazatxoan. Bertan bildu zen jende guzia, 40 urte igarota Mikelekin gertatu zenaren egia osoa, justizia eta erreparazioa exijitzeko.
JARRAITZEKO BEHARRA
Dbuseko langileak goititu ziren lehenbizi oholtzara. Haietako batek baieztatu zuenez, arrakasta handia izan du erretiratzear zen autobus bat moldatuz hasi zuten ekimen honek. «Harrera oso beroa egin digute herriz herri, eskertuz. Adineko jende ugari ere hurbildu zaigu, gertatu zena ondo gogoan duen jendea».
Langileak kontatu zuen handia dela Orbaizetako Olako familia. Mikel eta haren aita artzainak ziren. Oihu berezi batekin komunikatzen ziren eta ez zuten mugarik Donibane Garazin gasna saltzen zutenean. Orain 40 urte, ordea, mugak jarri, eta sufrimendu latza eragin zieten. Mikel bezala, haren bi anaia ere torturatu zituzten eta mina isilik eta bakardadean jasan behar izan zuten, bertze torturatu ugariren gisan.
Erran zuen autobusaren erakusketa ezin dela hemen gelditu. «Akatsa litzateke; memoriak eta torturaren aurkako salaketak ibilbide luzeagoa eskatzen dute. Beraz, lanean jarraitu beharra dugu, erakusketa honek martxan jarrai dezan eta belaunaldi berriek gertatutakoaren berri ukan dezaten».
GERTAEREN ONDORIOAK
Ainhoa Aierbe aktoreak hartu zuen gero hitza, eta eskerrak eman zizkien Dbuseko langile guziei. Adierazi zuenez, hagitz garrantzitsua da egunotako ekimena, ezinbertzekoa baita orain 40 urte gertatu zena ez ahanztea. «Nik 11 urte nituen eta etxea hankaz gora jarri zen aitak kutuna zuen lehengusina, Idoia Aierbe, atxilotu zutenean Mikelekin eta Ion Arretxerekin batera».
«Gertaerek ondorioak dituzte eta horregatik ez da ahaztu behar. Elkartasunak eta babesak mina aritzen lagundu digu, baina oraindik erantzunak falta zaizkigu».
BASOILARRAK KANTATZEN DIZU
Poesiaren bidez, gertaeren kontakizun gogor eta ederra egin zuen jarraian Jon Maia bertsolariak, musika lagun. «Basoilarrak kantatzen dizu Iratiko basoan», hasi zen.
«Zure hiletaren isiltasun mingarriaren ostean, Ariben traktore eta autoekin antolatu ziren zure herritarrak, eta zure etxe ondotik pasatzean oihuka oihaneratu zen barne mina. Zure lankideek ere berehala eman zuten zure ausentziaren berri, eta esaten da gidaririk gabeko autobus batek zeharkatu zuela Donostia».
«Berehala Euskal Herri osoan zuk ezagutu ere egiten ez zenituen milaka eta milaka herritar aterako ziren kalera, etxeetatik zure izena esatera: Mikel Zabalza».
«Iratiko basoan ere mezua zuhaitzetik zuhaitzera pasa zen. Ez dago haizea geratzerik. Harpeako leizetik belatz bat aireratu zen Aezkoako mendi gainetara, Goi eta Behe Nafarroako zerua josiz, Olaren arkupeetaraino, uretan goiti iritsi omen ziren izokinak, behetik zekartenaren berri ematera».
«Hasieran, soilik amorruz esaten genuen zure izena (...) Baina zauriaren transformazioa hasi zen. Zu, Mikel Zabalza, torturatuaren eta desagertuaren izen-abizen zinena, bertso berri eta eder askoren errima bihurtzen hasi zinen (...) Zu pelikula, zu kantu, zu horma-irudi, zu poema, zu etorkizuneko torturatuentzat babes harresi. Zer ez zara bihurtu, Mikel? Nork esango zien zure borreroei, horrenbeste edertasun bihurtuko zinenik? Eta, hala ere, lortutako guztia aldatuko genuke zu gurekin izatearen truke».
«Baina zuk sortu dituzu milaka eta milaka memoria zaintzaile; aparteko kontzientzia eman diezu hainbat belaunaldiri. Mikel, sinesten duzu? Zuri esker bihurtu da amorrua antolakuntza, isiltasuna oihu, tortura besarkada, asfixia biderako arnasa. Zu eta milaka torturatuei esker dugu hobeak egiten gaituen justizia gose hau».
«Mikel Zabalza handia, Mikel Zabalza ederra, Mikel Zabalza Orbaizetako semea, Endarlatsako lorea, egiaren izen eta abizen, Euskal Herri berriaren zimendu, zuri zor dizugu Pirinioetatik itsasoraino zabaltzen den elkartasunezko, maitasunezko Irati hau. Endarlatsa, Altza, esperantza, Mikel Zabalza, maitea. Gaur ere Bidasoa iritsi da itsasora, eta basoilarrak kantatzen dizu Iratiko basoan».
Mikel desagertu eta hogei egunera hilik agertu zenetik hona atsekabea, amorrua, ezintasuna eta etsipena sentitu dituztela adierazi zuen familiak. Mikel tortura kasu guztien isla dela azpimarratu zuen, «modu batera edo bestera hilik ateratzen direlako torturatu guztiak». «Ilea urdintzen ari zaigu jakin gabe ea inoiz egia eta justizia lortuko ditugun, baina eutsiko diogu, zuen indarrez».
MEMORIAREN HERRIA
Kantu baten ondoren, oholtzara igo ziren autobusaren ekimeneko kideak, eta hitz saioa egin zuten haietako bik, Aezkoako herri ekimeneko Ainhoa Buenok eta Altzako herri ekimeneko Garazi Castañok.
«Memoriaren haria gara. Memoriaren herria. Egin digutena ahaztu nahi ez duen herria. Ezkutuan mantendu nahi dutena argitara eramango duena», nabarmendu zuten. Horretarako egin dute ibilbide hau guztia. Mikel Zabalzaren, harekin batera atxilotutakoen eta tortura pairatu duten herritar guztien «egia bizirik mantentzeko, eta aldarrikatzeko egia osoa jakiteko garaia dela».
Erran zuten «espainiar Estatuak zor bat» duela «auzi honekin eta herri honekin», eta, Nafarroako eta Lakuako gobernuei eta parlamentuei zuzenduz, herri honen ordezkari gisa, espainiar Estatuari urratsak egiteko unea dela erreklamatzeko eskatu zieten.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
