Jankovic azaldu da Gernika Europan aurrera joan dadin
Reisingerovaren eskutik, Universitas Pecs taldeak kanporaketa berdintzea erdietsi zuen azken segundoetan, baina hegaleko serbiarraren ausardia lagun, final-zortzirenetan izango dira bizkaitarrak.

Mundua ausartentzat dela dio atsotitzak. Bada, nor da mundu honetan ausartagoa Masa Jankovic Lointek Gernika Bizkaia taldeko hegalekoa baino? Partida 78-59 ezartzea lortu zuen Julia Reisingerova Universitas Pecs taldeko izarrak; hau da, gernikarren aurkako kanporaketa 131na berdintzea erdietsi zuen. Luzapena jokatu beharra ezin saihestu, itxura batean, bost segundoren faltan jabetza bizkaitarrentzat izanda. Aurrez Ane Olaetak eta Joy Adamsek tinko eutsi zioten Gernikaren errentari, baina Reisingerovak ia bere kabuz erabaki zuen kanporaketa.
Ez, ordea! Jankovic erosoago sentitzen da barneraldietan kanpotik jaurtitzen baino eta barneraldi «suizida» bati esker ikusi zuen tunelaren amaieran ei dagoen argia; eta hori ez zen gauerdiko espresoa Jankovic aurretik noiz eramango, final-zortzirenetako ate zabala baino. Beldurrik gabe sartu zen saskipera eta bikain utzi zuen baloia uztaitik barneratzen. Kirolean «mendekua» eta «errebantxa» hitzetik hortzera erabiltzen diren arren, egiaz, ez da existitzen, baina ikusita talde hungariarraren aurka birritan azken orduko saskiratzeen erruz burumakur joan behar izan direla bizkaitarrak, onar diezaiogun Jankovicen saskiratze honi nolabaiteko «errebantxa» tankera. Bere aurkaria Estatu frantseseko Veiieneuve d'Asq izango da, urtarrilaren erdialdean.
HEROIEN ORDUA
Partida oso luzea izan zen, ia amaiezina. Hirukoetan tematuta eta punteriarik gabe ekin zioten gernikarrek demari. Alabaina, Malosteko belarrondokoa ahaztu nahian edo, gogotsu eta abiada bizian hasi ziren hungariarrak, 19 puntuko aldea minutu erdian irauli nahiko balute bezala, beren zaleek hauspotuta.
Punteriarik gabe eta defentsara korrika jaisteko arazoekin, baina erasoko errebotean fin hasi ziren bizkaitarrak eta gaitz erdi, errebote horiei esker lortu baitzituzten aurreneko puntuak. Hirukoak ere iritsi ziren, tantaka bada ere, Ane Olaetaren bitartez.
Atzoko Reisingerova ez zen Malosten ezinean aritu zena, ordea. Zortzi puntu sartu zituen pibot txekiarrak aurreneko laurdenean, eta batik bat berari esker jarri zen Pecs 21-16 aurretik, Torok eta Toth ere bikain aritu ziren arren. Gernikarrek duin jokatu bazuten ere, ez zuten asko asmatu, eta tarte batzuetan barneraldiak bilatzea ere ahaztu zitzaien.
Reisingerova geldiarazi nahian edo, «zutabe hirukoitza» bilatu zuen Lucas Fernandezek, Polleros, Bessoir eta Krnjic elkartuz. Alabaina, Joy Adams eta Jankovic aulkian direla, erreboteko ahalmena galdu zuen talde bizkaitarrak eta Pecs-ek markagailuan aldea hartzeko baliatu zuen: 27-19. Ondorioz, hutsartea eskatu behar izan zuen gernikarren entrenatzaileak, irtenbideren baten bila.
Atsedenaldira emaitza oso arriskutsua lortuta iritsi ziren, ordea: 41-29. Malosten lorturiko 19 puntuak, ia akabo. Nolanahi ere, Lointek Gernika Bizkaiak laurden guztiak galdu zituen arren, une oro aurretik izan zen kanporaketan; atzetik ez bederen. Alde horretatik, Masa Jankovic eta Ane Olaetaren ekarpena itzela izan zen.
Hala, akatsak akats, kanporaketa berdinean zela iritsi zen dema azken segundoetara. Kale edo bale, azken barneraldia Jankovicek egin zuen, eta bere ausardiak ordaina izan zuen.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
