Asier AIESTARAN
PILOTA

Artolak «turboa» sartu du azken txanpan Atanoko dema erabakitzeko

Urdinek azken bost tantoak jarraian egin zituzten Altuna eta Ezkurdia 16-22 menderatzeko, eta azken bost kintze horietatik lau alegiarraren merituzko jokaldiak izan ziren. Donostiako pilotalekua bete zuten zaleek gozatu egin zuten partidarekin.

Iñaki Artolak erabaki zuen Atanoko partida azken txanpa ikusgarri batekin.
Iñaki Artolak erabaki zuen Atanoko partida azken txanpa ikusgarri batekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Iñaki Artolak eta Ander Imazek hirugarren garaipena eskuratu zuten atzo Binakako Txapelketaren ligaxkan. Baikokoek 16-22 menderatu zituzten Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, azken txanpan aurrelari alegiarrak erabaki zuen neurketa parekatu eta bizian. Urdinek jarraian egin zituzten azken bost kintzeak eta horietatik lau Artolaren jokaldi ikusgarriak izan ziren.

Giro aparta larunbat arratsaldez Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Ez da ohiko ordutegia izaten Gipuzkoako hiriburuan jokatzen diren partidetan, eta jendeak bikain erantzun zuen, Altuna eta Artola kantxan izanda espero zen bezala. Eta partidak ere ez zuen huts egin. Lau pilotariak erritmo ikaragarrian jokatu zuten lehen pilotakadatik, nahiz eta Ezkurdia aurreko hitzordu batzuetan baina patxada apur bat gehiagorekin sumatu genuen lehen tantoetan, noizbehinka pauso bat atzera eman eta botera jokatuz.

Kolpe trukaketa bizi horretan, gorriek lortu zuten lehen abantailatxo aipagarria, beste mundukorik ez. 8-5 aurreratu ziren Altunak airez atzera jotako pilotakada bikain batekin. Aurrez ere, gorriek txalo zarta dezente jasoak zituzten amezketarrak txokoan utzitako pilota batekin (3-4) eta Ezkurdiak egindako bi tanto bikainetan: 4-5ekoa urrutitik botatako dejada batekin eta 5-5ekoa pilota luzean irekiz.

Baina urdinak ez ziren atzera gelditu. Ander Imazek airez txokoan egin zuen dejada ere harrigarria izan zen, eta Artolak lau perla sinatu zituen ia jarraian. Bikain gurutzatutako bolea, txokoan airez egindako bi jokaldi... Gehitu tartean Ezkurdiak ere boleaz sekulako horma-bikoa egin zuela, eta ederki ulertuko duzue jendearen zoramena.

EMOZIOA, NOIZ ARTE?

Ikuskizuna, gainera, emozioak jantzi zuen. Berdinketak 8an, 10ean, 11n, 12an, 13an, 14an eta 15ean. Partida gogortzen joan zen, pilotakada kopuruari erritmoa batu zitzaion, eta pentsatzekoa zen soka nonbait apurtuko zela. Altunari ez zitzaion beste zenbait egunetako inspirazioa nabaritzen, Ezkurdiak ere nekea sumatzea normala... 15-17an sake eroso bat eraman gabe utzi zuen, adibidez.

Baina benetan neurketa erabaki zuena Artolaren erauntsia izan zen. Aurkarien nekeak lagunduko zuen, baina azken bost tantoak jarraian egin zituzten urdinek eta horietatik lau alegiarraren jokaldiak izan ziren. Horma-biko on baten ostean atzera jotako pilota, zorte apur batekin txokoan utzitako bat, atzera jotako pilotakada eta sake-errematean sartutako gantxoa. Amaierako txalo zaparrada entzuteko modukoa izan zen.