Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
Ganbarako gaiak «onena zara» zioen atzokoan, eta horixe zen zortzi bertsolarien helburua, beren bertsiorik onena izatea oholtzan. Aitor Etxebarriazarragak eskuratu zuen txapela, buruz burukoa Onintza Enbeitarekin jokatu ostean; puntu erdia atera zion gernikarrak, baina txapelak buru bakarra estali dezake, eta atzokoan, onena Etxebarriazarraga.

Bizkaiko txapeldunak badu burua: Aitor Etxebarriazarraga. Lehia estua izan ohi da bertsolari txapelketetan; bada, atzokoa horren erakusgarri izan zen, puntu erdira geratu baitzen txapeldunordea, Onintza Enbeita. Ezereza da alde hori, baina aldea markatzen du. Halere, hilabete gutxi barru eraistekoak diren Casilla pozez lehertu zen atzo.
Etxebarriazarragari Arantza Plazak jantzi zion txapela, eta transmisioaren garrantzia azpimarratu zuen oholtzan. Txapeldunak, berriz, mundu hobe baten alde lan egiten dutenei eskaini zien txapela, eta ekiteko deia zabaldu zuen lau haizeetara: «...Behingoz sortzeko mundu/ bat danon neurrira/ hori ez da lortuko/ egonda begira/ ta soilik ametsak ez/ heltzeko utopira/ ekiteko unea/ hau dala argi da/ biharrak marrazteko/gaurrak behar dira».
Bero zegoen Casilla, eta behin baino gehiagotan lortu zuten plaza lehertzea. Buruz burukora giroa ezin beroago iritsi zen. Etxebarriazarraga eta Enbeitaren izenek lehertu zuten ordea; eskualdekoak eta gertukoak izanik elkarri eman zioten besarkada beroa gogoratzekoa izango da. Zortziko txikian umorez aritu ostean iritsi zen seiko motza, eta bertsoaldi ederra osatu zuten. Idoia Anzorandiak jarri zien gaia: «Pertsona bera zarete, Aitorrek 18 urte ditu eta Onintzak 40; Aitor, Onintzari esan diozu kritikatu izan duen guztia egiten ari dela». Koherentzia gainbaloratuez aritu ostean, Enbeitak esan zion teoriatik praktikara bide bat dagoela, «gehiengoaren barruan bide /hori adina da». Etxebarriazarragak errebeldia eskatu zion: «Buruaz joten pareta/ galdu zenduan oreka/ ta gazteoi kritikau guran/ zabiltza zer gerta/ baserria ez, txaleta/ ta hedabidetan beteta/ errebeldia apur bat ere/ atara tarteka». Enbeitak berak ekarri ditu bere kontraesanak oholtzara, dotore: «Feminismoa ta zera/ klase borroka topera/ gaur familia nuklear baten/ bizi naz ostera/ jan dodaz hainbeste berba/ jan dodaz danak batera/ bihotzerrea gainditu neban/ ta orain, aurrera».
ONENA ZARA
Handik gutxira iritsi zen ohiko tentsiozko isiltasuna eta ganbarako gaia: «Begietara begiratu eta horrela esan dizu: onena zara». Etxebarriazarragak maitasun istorio bat kontatu zuen, nola pertsona batekin elkartzen den, eta berak esan dion onena dela, baina beti dela bigarrena, izatez beste bikote bat baitu, garden azaldu du lehen bertsoan: «...gaur onena zara esanez/ laztandu deustazu azala/ guzurra dala jakinda/ ta egia balitz bezala». Bigarrenean, beraien harremana deskribatu zuen: «Bikotea euki dozu/ urte honetan barrena/ ez, edonolako be/ ahalik ta estandarrena/ eta guk ondo dakigu/ zer dan horrek dakarrena:/ ni nazela noizbehinkako/ bera doala aurrena/ neronek onartua da/ eroan dodan kondena/ gaur be zirriak amaitu/ ta esan dozu zeu onena/ nahiz jakin begiek bere/ guzurra esaten dabena/ hemen ni naz begi horiei/ sinistu gura deutsena». Hirugarrenean harreman hori utzi eta bere burua maitatzen ikasi behar duela kantatu zuen.
Enbeitak txapelketan ere eusten dionari kantatu zion, lehen bertsoan beraien harremana hasi zenetik atzo goizera artekoak kontatu zituen: «Bost urte dira Tinder bitartez/ ezagutu zintudala/ ta zenbat aldiz uleak puntan/ jarri deustazun azala/ goizean oso estu egon naz/ badakit normala dala/ ‘onena zara’ esan deustazu/ zuretzako naturala/ badakit lehen bertsolaritza/ urruti xarmar zeunkala/ ta orain toma, txapelketa bat/ udagoienero hala/ nahiz eta jakin zu ez zarela/ nigazko inpartziala/ igarri dozu momentu hortan/ horixe behar nebala». Eta azkenekoan, oholtza gainera igotzen direnei ingurukoek eusten dietela gogoratu du: «...bakardadeak edonor hilko/ leuke hemen aldiz aldi/ gura ez arren sarri besteek/ ein behar deuskue argi/ eta holantxik hoba begitu/ gure txikitasunari/ esan nahi deutsut jende aurrean/ ta esan deutsut garbi/ ingurukoek eutsi ezean/ inor be ez da hain handi».
HAUSNARKETAK ZEIN UMOREA
Hirugarren Txaber Altubek egin zuen, fin aritu zen hasieratik abadiñarra, bakarkako esanguratsua osatu zuen, eta zortziko txikian Enbeitarekin batera, umore eta ironiatik txalo zaparrada ere jaso zuen. Mundu osoan bidaiatutako lagunak izan ziren, aurtengoan Euskal Herria aldez alde zeharkatzea erabaki zutenak. Casillako aulkietan eserita zeharkatu genituen Larhun, Karrantza eta Cintruenigo, Altuberen bigarren bertsoak lehertu zuen ofizioa, topikoak muturrera eramanez: «Eta zeinen ederrak/ mugaz gaindikoak/ nahiz ez diren bizitza/ ritmo bizikoak/ euskaldun sudur luze/ prototipikoak/ ta beraien hizkuntzak/ ze exotikoak».
Aitor Bizkarrak eskuratu zuen laugarren postua, bere bakarkakoa izan zen lan puntuatuena ariketa horretan. Familia aberats batean jaio zen, eta herentziari uko egitea erabaki zuen. Betelan ederrak egin zituen, bere estiloan, lehen kolpean aitaren enpresa jaso zuela kontatu zuen, eta bigarrenean uko egingo ziola, «...diruak badu nahiko delitu/ bultzatzen ditu, mantentzen ditu/ behean daudenak berantz/ ta aberatsak aberats». Senideei jakinarazi zien azkenekoan: «...Guztia eman behar dut aizue/ badakit zuek ez daukazue/ printzipio aldagaitzik/ ez jainkorik, sosa baizik».
Galletebeitia eta Uria puntutan pare geratu ziren, akaso ez zuten egun borobilena izan, baina beti bezala, beren marka utzi zuten atzokoan ere. Galletebeitia ohi bezain zehatz ibili zen bakarkakoan, sare sozialetan bere unibertsitateko irakaslearen mezu transfoboak irakurri dituen gaztearen gorputzetik. Lehenengoan, EHUn gertatu dela gogorarazi zuen, eta bigarrenean sakondu: «...egun batetik harago baina/ faxismoaren zingira/ osatzen duten modu mordoan/ ta era horren homofoboan/ ez zaitez joan urrutira/ geutarikoak baitira».
FIKZIOAN ERREALITATEA
Uriarentzat bakarkako gaiak horrelaxe zioen: «Gernikako bonbardaketako biktima zara, gaur Gernikara etorri da Alemaniako presidentea, besteak beste, barkamena eskatzera, oraingoan ere ez zaituzte gonbidatu». Hiru kolpe eman zituen, lehenean bizitakoak gogoratu zituen eta berak ez zuela deirik jaso kantatu zuen, bigarrenean nor zegoen azaldu zuen: «... enautela gonbidatu/ eta mina eman dit, ai/ ta gainera pentsatu dut/ gero ikustean, karai/ ni enaute gonbidatu/ ta Espainako erregea bai». Hirugarrenarekin lehertu zuen plaza: «... protesta egin nahi nuke/ ahal dudan gisan hemendik/ nahiz eta adin honekin/ ia ez dudan kemenik/ orduan egin zenutenak/ berez ez dauka izenik/ ta gaur egin duzuenak/ ere ez du barkamenik».
Zazpigarren egin zuen Oihana Bartrak, eta zortzigarren Gorka Pagonabarragak. Elkarrekin aritu ziren hamarreko txikian, politikagintzan aritutakoak izan ziren biak, Pagonabarragak kargua utzi berritan Bartrak enpresa bateko administrazio kontseiluan lana topatzen lagunduko diola esan zion. Durangarrak beraien lehengo bizitza definitu zuen lehen bertsoan: «Nola gu alderdiko/ konbentzitu garen/ etorkizuna beti/ daukagu hain garden/ Parlamentuan lehen/ ahalik gustoren/ baina bertako lanak/ ahaztu ondoren/ Oihana zure mezu/ honen zain nengoen». Eta Bartrak errealitatera ekarri eta zehaztu zuen nor zen kantukidea: «... bueno hor daude Petronor/ BBK zein nonahi/ horrexegatik trankil/ egon zaitez Unai/ Josu Jon sartu gendun/ eta zu ere bai».
Transmisioa aipatu zuen Arantza Plazak, eta atzokoan ere argi geratu zen bertsogintzak eskaintzen duela hori, publikoari begiratu besterik ez dago.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
