«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
Berrogei urte igaro dira “Goonietarrak” (“The Goonies”) filmak lehen aldiz argia ikusi zuenetik. Lau hamarkada igaro diren arren, zazpigarren artearen ezinbesteko erreferente izaten jarraitzen du, belaunaldi oso baten oroimenean iltzatuta dagoen film magiko eta berezia. Geure bihotzeko ganbaran gordetako altxorra.

Han egoten ziren beti. Hiri-altzari ikusgarriak edo markesinak baino askoz lehenago. Hiriek filmen kartelak erakusten zituzten erdialdeko toki onenetan. Aretoek, gehienak egun ditxosozko merkataritza-guneek ordezkatu dituztenek, fatxadetan filmen eszenen mural handiak jarri ohi zituzten. Izan ere, Internet gabeko mundu batean eta trailerretara, eta oro har informazio zinematografikora, sarbide mugatua zegoen garaian, kartelak ziren fantasiazko eta abenturazko munduen atariko azken gotorlekua.
1985eko udan gehien distiratu zuenetako bat Drew Struzan hil berriak diseinatutako poster eder bat izan zen. Bertan, behean altxorraren mapa zutela, estalaktita batetik zintzilik zazpi lagun agertzen ziren. Askorentzat euren bizitzako filmetako bat izango zena iragartzen zuen poster hark: “Goonietarrak” (“The Goonies”). Aurten 40 urte bete ditu pelikulak, eta, urteurren horren harira, zaharberritutako bertsio bat estreinatu dute zenbait zinematan.
1985EKO UDA EUSKAL HERRIAN
Funtsezkoa da filma zein garaitan estreinatu zen agertzea, urteen poderioz izan duen eragina apur bat ulertzen saiatzeko. 1985eko uztailaren 7an Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko espetxetik ihes egin zuten, Imanol kantariak bertan emandako kontzertuaren ondoren taldeko bozgorailuetan ezkutatuta. Euskaldunon oroimenean zizelkatuta geratu den efemeride horretatik bi aste eskasera estreinatu zen Euskal Herrian “Goonietarrak”; uztailaren 24an. Urte hartan bertan eman zuten Donostiako Zinemaldian Juan Bautista Berasategiren “Kalabaza tripontzia” ahaztezina. Azaroan, Kortatu taldeak bere lehenengo diskoa aurkeztu zuen eta Guardia Zibilak Mikel Zabaltza atxilotu zuen Donostian.
Zinemetara “Goonietarrak” filmaren gaztelerazko bertsioa iritsi zen, baina euskaraz bikoiztutakoa eman zuten telebistan handik hilabete batzuetara. “ET”, “Etxean Bakarrik”, “Gremlins”, “Mamu-harrapariak”, “Indiana Jones”, “Hook”... EITBk garaiko film garrantzitsuenak euskaraz bikoizten zituen garaia zen hura; zoritxarrez, nola aldatu diren gauzak, ezta? Geroago “Inception”, Batman-en “Zaldun Iluna” filmak eta beste batzuk ere bikoiztu zituzten. 2010. urte inguruan utzi zion EITBk Hollywoodeko film garrantzitsuak bikoizteari.
Berrogei urte igaro dira pelikula gurera iritsi zenetik, eta garai hartan zerion espiritu abenturazalea orduan bezain indartsu taupaka ari da gaur egun ere.
Mapa zaharrak, tunel sekretuak eta ahaztutako altxorrak aurkitzearekin amestuz hazi ginenontzat kapsula emozional moduko bat bihurtu da filma: haurtzaroko zirrara gordetzen duen altxor kutxa txiki baina sakona.
Garai zehatz hartan estreinatu izanak berebiziko garrantzia du: film bat eta bakarra egin zen, eta hori izan zen bere eragina hain sakona izateko gakoetako bat. Gaur egun sortu izan balitz, automatikoki frankizia amaigabe bihurtuko litzateke, eta, “Stranger Things” eta antzeko ereduei jarraiki, porrotaren kale ilunean amaituko luke. Orduko magia eta ausardia ezin dira berriz sortu, eta horixe da “Goonietarrak”-ek historian betiko lekua izateko duen sekretua.
80ko eta 90eko hamarkadan jaio ginenontzat, ziurrenik, hau da film ikoniko eta maitatuena -“Stand by Me”, “Indiana Jones”, “Back to the Future” eta beste zenbait ere maite ditugu, baina ez hainbeste-. Ez zen gazteentzako abentura soila, belaunaldi oso baten oroimenean iltzatuta geratu den kultur fenomenoa baizik.
HOLLYWOODETIK POP KULTURARA
Spielberg-en Amblin zigilupean eta Richard Donner-ek zuzenduta, adiskidetasunaren esentzia, abentura espiritua eta ohiko egunerokoan ohiz kanpokoa deskubritzeko zirrara harrapatzen jakin zuen. Garai hartako haur eta nerabe askorentzat -eta geroago telebistaren eta VHSren bidez hazi zirenentzat- lagun talde hark altxorraren bila egindako ibilbidea beren amets eta irudimenaren isla bihurtu zen.
Protagonista gazteak ez ziren heroi perfektuak; baldarrak ziren, leialak eta oso gizatiarrak eta milaka haur eta nerabek beren burua islatuta ikusi zuten. Tunel bakoitzak, mapa bakoitzak, tranpa eta aurkikuntza bakoitzak publikoari xuxurlatzen zion munduan oraindik bazirela sekretu magikoak, haurren bihotzak eta irudimenak bakarrik ulertzen dituen horietakoak.
Arriskuaren eta dibertsioaren arteko oreka, errugabetasuna, misterioa eta emozioa -80ko hamarkadako zinema familiarraren ohiko osagaiak- nahasiz, eszena bakoitza ikuslea harritzeko diseinatuta zegoen bidaia bihurtu zen. Tonuen dantza horretan musikak orkestra zuzendari baten modura funtzionatzen zuen: Dave Grusin-en “Fratelli Chase” abestiaren melodiak entzuten ditugun bakoitzean AEBko Astoria herrixkara bidaiatzen dugu.
Tentsioa, umorea eta adrenalina uztartzen dituen konposizio zirraragarria da, jazarpen zinematografiko baten espiritu abenturazale eta kaotikoa ezin hobeki harrapatzen duen abestia.
Fratelli familiak, Willy Begibakarraren mapa zaharrak, Sloth-ek, Andreak, Datak, Michaelel, Gordik eta konpainiak gure iruditeria kolektiboan betiko lekua dute; haien esaldi eta eszenek gaur egungo film eta telesailetan ere oihartzuna izaten segitzen dute. «Goonies never say die» («Gooniek ez dute inoiz ‘hil’ esaten») belaunaldi oso baten lelo bihurtu da.
Lau hamarkada igaro diren arren, filmak hasieran bezala dir-dir egiten du, 1980ko hamarkadako zinemaren xalotasuna, ausardia eta magia berezi hura gogoraraziz, inoiz itzaltzen ez den kandela baten moduan.
Denborak aurrera egin ahala, “Goonietarrak” pop kulturako ikono bihurtu da. Bere eragina nabarmena da, esaterako, “Stranger Things”, “Super 8” eta “It” ekoizpen modernoetan, zeintzuetan ume kuadrilla batek ezezaguna edo misteriotsua den zerbaiti aurre egin behar dion.
Esaldi ikonikoak, musika eta retro estetika berrinterpretatu dituzte bideojoko, telesail, merchandising, komiki eta ekitaldietan. Astoria hiria (AEB), pelikulan leku garrantzitsua zena, mundu osoko zaleentzako erromes-leku bihurtu da, bereziki urtero ospatzen den “Goonies Day” ekitaldiaren bitartez.
Aurten, 40. urteurrenaren harira, “Goonies Weekend” ospatu dute udan eta ehunka jarraitzaile elkartu dira bertan; astebetean filmaren inguruko ekitaldiak izan dituzte.
INOIZ ITZALI(KO) EZ DEN TXINPARTA
Gaur egun film bat baino askoz gehiago da: dagoeneko desagertua den zinema egiteko modu baten sinboloa. Haurren irudimenaren alde egiten du, baina hauek gutxietsi gabe. Haurtzaroarekiko nostalgia, ezezagunarekiko zirrara eta adiskidetasunaren balioa erakusten ditu, baina sermoirik jaurti gabe. Heldutasunera iritsi arren, haur ilusio horri ahalik eta gehien eutsi behar zaiola aldarrikatzen du.
Berrogei urte geroago, umetan ikusi zuten ikusle askok orain seme-alabekin partekatzen dute, txinparta bizirik mantenduz.
Filma kultuzko zinemetan, jaialdietan eta ekitaldietan proiektatzen jarraitzen dute, eta teoriak, eztabaidak eta omenaldiak sortzen dira honen inguruan. Herri-kulturan oihartzuna izaten jarraitzen du, eta abentura handiak ganbara zahar batean has daitezkeela gogorarazten du. Eta, horrela, filma umetan ikusi genuenok harekin batera zahartzen hasi gara.
Denborak gupidarik gabe aurrera egiten duen bitartean, pelikula oraindik ere herdoildu ez den altxor zinematografikoa da.
Izan ere, bere arrakastaren benetako sekretua ez da soilik abentura bat kontatzea, gu ere haren parte izan gaitezkeela iradokitzea baizik.
Eta sentimendu hori bizirik dagoen bitartean… goonietarrak ez gara sekula hilko!

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
