«Gutun bat Kottori» filma: «Gazteon lana da gai hau bertze modu batera lantzea»
Joan den urriaren 31n hogei urte bete ziren Jose Angel Altzuguren Perurena «Kotto» beratarra Soriako kartzelan hila agertu zenetik, eta urteurren borobila baliatu du Espidobaita Elkarteak “Gutun bat Kottori” dokumentala aurkezteko. Beran eta Maulen estreinatu ondotik, Lesakan, Igantzin eta Saran emanen dute hurrengo egunetan.

“Gutun bat Kottori” dokumentalak Jose Angel Altzuguren Perurena Kotto beratarraren bizia kontatzen du, eta, aldi berean, Euskal Herriko milaka pertsonarena. Espidobaita Elkarteak ekoitzi du, finantzaketa kolektiboko kanpaina arrakastatsu bati esker, beratarra Soriako zelda batean hila agertu zenetik hogei urtera, gertatu zena transmititzeko eta jendeak gertatu zena zergatik gertatu zen ulertzeko helburuarekin. Gazteek egin dute filma, eta erantzun ona izan du gazteen artean. Belaunaldi berriek urtetako borroka honi zenbat ematen dioten aldarrikatu dute.
Beran eta Maulen estreinatu eta gero, emanaldiak antolatzen hasi dira herriz herri: urtarrilaren 4an Lesakan, 18.00etan Harriondoan; 9an, Igantzin, 19.00etan; eta 16an Saran, hemen ere 19.00etan. Zabalik daude deiak jasotzeko.
Garazi San Martin Solano da dokumentalaren zuzendaria eta Ekhiñe Zapiain Arlegi, zuzendari laguntzailea eta testigantza ematen dutenetako bat. Pelikula eginez ezagutu dute Altzuguren, eta hurbil sentitzen dute.
ZAURGARRI
Zapiain: «Nik uste nuen banekiela nor zen, baina dokumentala egin ahala ohartu naiz ezetz. Gure etxean beti egon da presente, baina bitxia da, ze presente egon den bezala isildu den gai bat izan da; ez nahita, baizik eta ez zegoelako indarrik horri buruz solas egiteko. Kotto gurasoen hagitz hurbileko laguna zen eta ttikitatik joan gara bere urteurreneko ekitaldietara. Baina ez nuen erabat ulertzen ez bere heriotza, ez zergatik bizi zuen jendeak Kottorenganako harremana modu horretan. Aunitz galdetzen nuen zergatik hila zen, baina ez nuen erantzun zehatzik jasotzen».
Falta zituen erantzun guziak eman dizkio beratarrari dokumentalak.
San Martin: «Ni Iruñekoa naiz, ez neukan harremanik ez bere senideekin ez lagunekin. Pertsona bat horrela ezagutzea, elkarrizketen bitartez, oso polita da. Batzuetan ez dugu hainbeste sakontzen nolakoa izan zen borroka emozionalki. Zati hori falta izan da eta oso garrantzitsua da. Alde emozionalak asko laguntzen du pertsona bat sakonean ezagutzen. Horrela ezagutu nuen, zaurgarritasun osoz. Bere ingurukoek ere hauskortasun hori erakutsi zidaten eta niretzat hori opari bat izan zen».
TERAPIA
Ariketa «potentea eta beharrezkoa» izan da San Martinentzat. Eta, agian, elkarrizketak ezezagun batek egitea tekla egokia topatzea izan da.
Jose Angel Altzugurenen heriotzaren urteurrenean, urriaren 31n, asteburu osoko programazioa egin zuten Beran: ortziralean filmaren aurrestreinaldia partaideentzat, larunbatean herriarentzat, eta igandean omenaldia Otsandako parajean. «Terapeutikoa izan zen, jendearen harremantzeko moduan ikusten zen. Bazkarian, Kottoren kuadrillakoek erraten zuten sekula ez ziotela elkarri hainbertze besarkadarik eman», kontatu du Zapiainek.
Hogei urteko isiltasuna bat-batean eta publikoki puskatu da. Ederra da, eraginkorra da, baina gogorra ere bada. «Min horren bitartekari» izan dira San Martinen hitzetan. Zapiainen ustez, dokumental honen aberatsena da Altzugurenen orain arteko figura militante horretatik harago zegoen pertsona ikusten dugula, borrokatzeko grina guziarekin baina aldi berean min guziekin, hagitz sentikorra baitzen. «Kotto ezagutzen dugu, baina mila pertsona diferenteren kasua izan daiteke, garaian zegoen estrategia bat zelako pertsona batzuei min egitea eta min hori ingurukoengana hedatzea».
TRANSMISIOA
Zapiain da filmeko elkarrizketetan agertzen den gazte bakarra, baina Kottoren kuadrillakoen bertze seme-alabak ere inplikatuta egon dira omenaldi-zikloan. San Martinek azpimarratu du hagitz garrantzitsua dela belaunaldi berriek gai honetan beren lekua hartzea. «Bestela ahaztu egiten da eta errepikatzeko arriskua dago. Batzuetan beldur gara: ‘Ez dakit ezertaz’. Baina zure testigantza, Ekhiñe, gakoa da. Beharrezkoa da guri ere hitz egitea».
Gazte beratarrak nabarmendu du erantzun handia izan duela ziklo guziak gazteen artean. «Beran presente egon da Kotto, eta zerbait jakinen zuten. Eta gehiago ezagutzeko interesa izateak pila bat poztu nau».
Hogei urte eta gero, «solastatzen ez zekitenei solastatzen erakusteko modu bat» izan da dokumentala, «minari lekua egiten hasteko era bat». Baina, aldi berean, «beraiek dena modu batean bizi izan dute eta ahal dutena eginen dute. Agian bertze batzuei dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea, justizia eginen bada bideak irekitzea. Beraien babesarekin, baina lehen lerroan bertze batzuek egon behar dugu», aldarrikatu du Zapiainek.
Bere iritziz, militantzian badago lehengo garaiak idealizatzeko joera bat. «Lehen dena gogorragoa zen eta egiten genuen, orain ez duzue deus egiten», erraten da etsipenez. Omenaldi-zikloan egin zen bertso saioan, Julio Sotok bukaerako agurrean hala bota zuen: «Zenbat zor diegun belaunaldi...»; ematen zuen «zaharrei» erran behar zuela eta «berriei» erran zuen. «Munduko egoera ez dago erraz, baina ari gara. Gauza txarrak ere pasatzen dira, baina onetan ere ari gara».
EUSKARA
Filmaren gai nagusietako bat euskara eta euskararen borroka da. Gazteei ere jakin-mina sorrarazi die eta iruindarrak uste du horregatik dela, herri sentimendu hori berriz piztea behar dutelako, lagunduta sentitzea. «Dokumentala ikustean euskararekiko halako sentimendu bat pizten zaizu gordeta zeneukana».
Euskaltzalea zen Altzuguren eta euskaraz beregatik hasi ziren lagun taldean. San Martinen iritziz, hori da gaur falta dena: «Euskararekiko aurreiritziak alde batera utzi eta erabiltzea». Zapiainek oroitu du orduan Bera hagitz erdalduna zela. «Sekulako apustua da herri euskaldun bat nahi badugu guk ere euskaraz hasi behar dugula erabakitzea».
BEGIAK IREKI
San Martinek artxiboaren balioa azpimarratu du: «Kotto hitz egiten entzutea shock bat izan zen, orduan ikusten duzu nor zen benetan. Lehenengo atxiloketa eta kartzelaldia eta gero itzuli zenean, omenaldian, aurpegian ikusten zaio jada aldatuta dagoela». Aunitzek erraten dute torturatu zuten egun horietan hil zela.
«Hori hagitz gogorra da. Urte hauetan guzietan Otsandan aipatzen zenarekin pentsatzen nuen: denek erraten dute Kotto alaia zela, hagitz irekia zela, beti lanerako prest. Dokumental honekin ezagutu dudanean, ikusi dut egia zela. Torturatu aitzineko bere bizitza horretan energia positibo bat zuen, argia zen. Eta gero pun, bat-batean itzaltzen da», adierazi du Zapiainek.
Begi aunitz ireki zituen. Egoeraz kontziente ez zen jende bat gertatzen ari zenaz ohartu zen. «Poztu nau dokumentalaren erreakzioa gure jende horretatik harago joateak. Heriotza gertatu zenean jende batek begiak ireki zituen bezala, dokumental honekin gazteek ere ireki dituzte».
GUTUNAK
Altzugurenen gutunek bera modu hagitz pertsonalean ezagutzeko ahalmena eman zioten filmaren zuzendariari, idazterakoan biluztu egiten garelako. «Intruso bezala baina errespetu osoz ikusi nuen nola idazten zuen, zein zen bere jarrera, nolako txantxak egiten zituen... Berarekin batera atxilotu zuten Imanolek ere esaten zuen bere gutunen bidez informazio latza jaso zuela, erruaren sentimendu hori. Erru sentimendu hori da bere historiaren nukleoa. Pertsona asko horrela sentitu ziren. Estrategia bat zen».
«Kottok bihotzez idazten zuen, ez buruz; solasean ariko balitz bezala», gaineratu du zuzendari laguntzaileak.
Zurgina zen, eskuekin abila. Gutuna apaintzen zuen, bihotza bertan jartzen zuen eta maitasun osoz lagunei helarazten zien. Hori ere adierazgarria da San Martinen irudiko: «Batzuetan, misoginia horretan, halako sentikortasuna baduzu ematen du ez zarela hain sendoa». Ingurukoak pila bat zaintzen zituen. Hagitz jendezkoa zen eta hori zen bere bakartasun guzian zaintzeko modua: sormena.
MUGAZ GAINDI
Kottok mugaz gaindiko herrian sinesten zuen. Berak hala bizi zuen eta hala jokatzen zuen. Zehazki, izugarrizko lana egin zuen Beraren eta Sararen artean hain hurbil izanda ere zegoen distantzia handi hori puskatzeko. Herri libre eta euskaldun batean sinesten zuen eta, batez ere, jendezko herri batean.
Larhunen hasten da dokumentala. Kirolaria zen Altzuguren; futbolean aritzen zen, baina mendiak ematen zion askatasun sentsaziotik hurbil egotea. «Mendi gailur bat igotzen duzunean, bide bat da, maldaz malda eutsi behar diozu. Herrigintzarekin eta Kottoren izaerarekin lotura handia du. Gainera, lagunekin joaten zen eta bertan harrapatzen zuen barrena husteko lekua», azaldu du beratarrak.
Lauburuaren lau elementuetan banatu dute bere bizia: lurra, sustraiak, haurtzaroa, sormena; sua, pasioa, borrokarako grina, mina, tortura, errepresioa; ura, heriotza, barealdia, bidea, dolua; eta haizea, transmisioa, oihartzuna garraiatzen duen elementua.
IÑAKI GOGORTZARI
Elkarrizketatuez gain, hainbat partaide izan dituzte: musikariak eta gibeletik lan handia egin duen jendea. «Jende bat arduratu da zaintzeaz, zaurian behatza sartzea izan baita elkarrizketa bakoitza. Beharrezkoa zen hain zaurgarri agertu diren pertsona horiei goxotasuna eskaintzea», adierazi du Zapiainek. Baieztatu du partaideak gustura gelditu direla eta hau egin izana eskertu dutela.
Iñaki Gogortzari eskainia dago dokumentala. «Ideia sortu zenean Iñaki bizi zen eta berak garrantzi handia ematen zion egiteari. Prozesuan hil da eta berari eskaintzea erabaki genuen hein batean martxan jarri zuelako eta hogei urteotan Kotto zenaren memoria transmititzen eta herrigintzan lanean aritu delako. Aunitzek alderatzen dute Kottorekin: nekaezina, beti hor. Ez zen sekula haserretzen, bideratzaile bezala balio zuen. Kottok hutsunea utzi duen bezala, Iñakik ere handia utzi du», nabarmendu du beratarrak.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
