GARA
GASTEIZ

Etxea lortzeko laguntza gehiago eskatu dio Arartekoak Lakuari

Arartekoaren ustez, etxebizitza bat eskuratzeko 300 euroko laguntza ematea ez da aski Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatuko prezioak ikusita. Horregatik, dirulaguntza handitzeko eskatu dio Lakuako Gobernuari, beste gomendio batzuk ematearekin batera.

Lakuako Gobernuko Etxebizitza sailburu Denis Itxaso, Juan Maria Aburto Bilboko alkatearekin batera, ekitaldi batean.
Lakuako Gobernuko Etxebizitza sailburu Denis Itxaso, Juan Maria Aburto Bilboko alkatearekin batera, ekitaldi batean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Etxebizitza eskuratzeko ematen dituen dirulaguntzak etxebizitzaren merkatuko benetako prezioetara egokitzeko eskatu dio Arartekoak Lakuako Gobernuari. Izan ere, herriaren defendatzaileak argi du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan alokairurako batez besteko errentak 750 eurokoak izanik, orain banatzen diren 300 euroak eskas gelditzen direla.

Horixe da berriki kaleratu duen “Euskadiko familiei laguntzeko politikak” txostenean jasotzen den gomendioetako bat. Aurreko txostena eguneratu dute, hobetzeko arlo batzuk identifikatu dituztelako.

Horietako bat etxebizitza merkatuarekin lotuta dago. Arartekoak aitortu du, EAEn marko legal aurreratu bat badago ere, etxebizitza parke publikoa ez dela behar den bezain zabala eta erreminta legalak ez direla «eragingarriak». Horren ondorioz, ez dago etxebizitzen kostuaren igoera gelditzeko modurik, ezta etxebizitzen eskaintza eskasa zabaltzeko biderik ere.

PARKE PUBLIKO ESKASA

Arartekoak oroitu du duela hamar urtetik etxebizitzarako eskubide subjektiboa onartuta dagoela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta badaudela babes ofizialeko etxeetara bideratutako hirigintza estandarrak. Hala ere, orain arte ez da emaitza eraginkorrik lortu etxebizitza eskuratzeko dagoen arazoa konpontze aldera.

Horren arrazoia, hein batean, etxebizitza parke publiko eskasa dela esan du, aktore pribatuekin kudeaketa arazoak daudelako neurri batean, eta prezioen gorakada eta etxebizitza merkatuaren tentsionamendua geldiarazteko tresna legalak falta direlako ere bai.

Egoera horren aurrean alokairurako etxebizitzen parke publikoa «nabarmen» handitzea aholkatu du Arartekoak, seme-alabak dituzten familiei eta guraso bakarreko familiei lehentasuna emanez. Premiaz etxebizitza bat behar duten sendiei bideratutako «erreserba berezi bat» sortzea ere gomendatu du.

TOPEAK MALGUTU

Legeak etxebizitza bat izateko eskubide subjektiboa aitortu arren administrazioak etxebizitzarik eskaini ezin badu, gaur egungo 300 euroko dirulaguntza handitzeko eskatu dio Arartekoak Lakuako Gobernuari, baita Gaztelagun eta Emantzipa gazteentzako programen errenten eta alokairuen gehienekoak malgutzeko ere.

Etxebizitza bat izateko eskubidearen markoan, egoera zaurgarrian dauden familien babesa indartzea ere gomendatu dio Pradalesen Gobernuari. Eta «behar bereziko» kolektiboaren barnean sartu ditu guraso bakarreko familiak, familia ugariak, eta bananduak ere bai.

LAGUN BAKARREKO FAMILIAK

Txosten honetan azken hamarkadan gertatutako aldaketei erantzuten die Arartekoak. Adibidez, familiak gero eta txikiagoak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta gero eta gehiago dira lagun bakarreko familiak eta 65 urtetik gorako pertsonek osatutakoak. Umeak dituzten familiak, aldiz, behera egiten ari dira.

75.000 etxe gehiago daude orain EAEn duela hamar urte baino, nahiz eta biztanleria ez den apenas hazi. Horrek etxeetan bizi diren familiak «sakonki aldatu» direla esan nahi du.

Familien erdiak pertsona bakarrekoak eta umerik gabekoak dira. Gainera, lagun bakarreko familien artean zahartze progresiboa gertatzen ari da. Hala, gehien ugaritu den familia mota jubilatuena eta jubilaziotik hurbil daudenena da.

Hori dela eta, familiei zuzendutako politikak birbideratzea aholkatu du, «bizi ziklo osoa» aintzat hartuz, denbora luzeko zaintzei ematen zaien laguntza ere politika horien barnean sartuz, zerbitzu sozialetatik harago. Zaintzak «familiatik ateratzearen» alde agertu da, etxez etxeko zaintza zerbitzuak eta eguneko zentroak bultzatzearekin batera, hori arnasa baita zaintzaileentzat.

Hurbileko zaintza komunitarioko sareak zabaltzea planteatu du Arartekoak, udalekin koordinatuz.

Bere gomendioa pertsona nagusi bakar batek osatutako etxebizitzei zuzendutako neurri espezifikoak diseinatzea da. Nahi gabeko bakardadea arintzeko formulak pentsatzea planteatu du, baita etxebizitza errazago lortzea bultzatzea, arrakala digitalari aurre egitea eta tramite administratiboak kudeatzeko laguntza eskaintzea ere.