Hegoi BELATEGI - Iraia CAMBRA

Gutxieneko soldata propioa eskatu du LABek Nafarroan duin bizi ahal izateko

LAB sindikatuak txosten batean azaldu du Nafarroan prekaritatea areagotzen ari dela eta soldatek ez dutela bizitza duina bermatzen. Imanol Karrera bozeramailea NAIZ Irratian izan zen atzo elkarrizketan eta aipatu zuen aberastasuna handitu arren banaketa gero eta bidegabeagoa dela eta horrek lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) beharra erakusten duela.

Imanol Karrera, atzo NAIZ Irratian elkarrizketan.
Imanol Karrera, atzo NAIZ Irratian elkarrizketan. (GARA)

LAB sindikatuak Nafarroako lan egoeraren inguruko kezka plazaratu du berriki Ipar Hegoa fundazioarekin egindako “Ikusmiran” azken txostenaren bidez. Datuen arabera, gero eta langile gehiago daude egoera prekarioan, eta horrek zuzenean eragiten dio herritarren bizi kalitateari.

Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramaileak atzo NAIZ Irratiko elkarrizketan azaldu zuenez, «bi nafarretik bat egoera prekarioan bizi da», diru sarrera eskasekin. Bere hitzetan, soldaten maila da arazo nagusietako bat, eta ohartarazi du «1.500 eurora iristen ez diren soldatekin oso zaila dela Nafarroan baldintza duinetan bizitzea».

«Horrekin oso kezkatuta gaude. Nafarroako Gobernua beti Espainiari begira jartzen da, hemen oso ondo bizi garela esateko, baina argi dago ez dugula diru sarrera nahikorik ongi bizitzeko. Datu honek erakusten du Gobernuari errealitatea gainetik pasatzen zaiola».

POBREZIA, NORMALIZATUTA

“Ikusmiran” txostenaren arabera, 24 eta 65 urte bitarteko pertsonen %48k ez dute behar adina diru sarrera bizitza duina izateko, nahiz eta lana izan eta lan hori egonkorra izan. Horrek paradigma sozial berri baten aurrean gaudela erakusten duela adierazi zuen: «Langile pobreen errealitatea normalizatu egin da».

Txostenak pobrezia arriskuaz datu kezkagarriak ere jaso ditu. LABen arabera, «Nafarroan pobrezia arriskua ia %18koa da, eta 115.000 pertsonari eragiten die».

Karrerak egoera hori «onartezina eta guztiz dramatikoa» dela nabarmendu zuen, eta salatu zuen errealitate hori askotan instituzioek ezkutuan edo bigarren planoan uzten dutela.

Sindikatuaren ustez, arazoaren muinean aberastasunaren banaketa bidegabea dago. «Aberastasuna langileok sortzen dugu, baina ez da modu justu batean banatzen», adierazi zuen Karrerak. Fiskalitatearen bidez egoera zuzentzeko aukera badagoela gogorarazi zuen, baina gobernuek, tamalez, ez dute bide hori hartzen.

AGENDA POLITIKOAREN ERDIAN

Horren aurrean, LABek gutxieneko soldata propio baten aldeko aldarrikapena agenda politikoaren erdigunean jarri du. Karreraren esanetan, «gutxieneko soldata ezinbestekoa da lan- eta bizi-baldintzak duintzeko», eta gazteei etorkizuna bermatzeko tresna nagusietako bat da.

Negoziaziorako bideak itxita daudela salatu du LABek, eta greba orokorrerako deia egin du 2026ko martxoaren 17rako. LABen ustez, «presio soziala da geratzen den tresna bakarra» gutxieneko soldata propio baten aldeko borrokan aurrera egiteko.