«PP zuritu» eta EH Bildu lokazteko saiakera ikusten du Otxandianok
Hauteskunde interesak lehenesten ari direla uste du Pello Otxandianok, eta horren adibide jarri zuen atzo «PP zuritu eta EH Bildu gertakari ilunekin lotzeko» dinamika. Estatuarekiko «harreman eredua aldatzea» ezinbestekotzat jotzen du, egungoak «ez baitarama inora».

Azken asteotan jazotakoa ikusita, kezkatuta mintzatu zen atzo Pello Otxandiano Euskadi Irratian. Besteak beste, Legebiltzarrean gertatutakoari erreparatu zion: «[Javier] De Andresen adierazpenen aurrean erreakziorik ez egoteak pentsarazten dit hemen beste interes batzuk daudela. Interes elektoralak pisu handia hartzen ari dira. PPren babesa beharko dute, EH Bildu gobernuetara ez heltzeko. Hau oso larria da herri honen interesentzat. Horregatik ari dira PP zuritzen eta EH Bildu gertakari ilunekin lotzen», salatu zuen EH Bilduko Gasteizko Parlamentuko eledunak.
Otxandianok azpimarratu zuen PP «bloke erreakzionarioaren parte» dela Voxekin batera, eta, ildo horretan, Ararteko berriaren izendapenaren eta beste gai batzuen inguruan EAJk eta PSEk alderdi horrekin lortu dituzten akordioak salatu zituen. Parla- mentari abertzaleak zehaztu zuen EH Bilduk ez duela harremanik PPrekin, «bloke erreakzionario bat eta proiektu autoritario bat ordezkatzen duen» alderdia delako.
Estatu mailan gerta litekeen irauliak ezaugarritzen du egungo agertoki politikoa. Bere hitzetan, «ez dirudi epe laburrean [Pedro] Sanchezek hauteskundeak deituko dituenik. Irekia dago egoera. Sanchez ahaleginduko da ezkerraren alternatiba irudikatzen, ultraeskuinaren ofentsibaren aurrean Europan eta munduan». Testuinguru honetan, EH Bilduko eledunaren ustez, badirudi «batzuek», baita Euskal Herrian ere, «amesten» dutela PSOEk bere abstentzioarekin PPren behin-behineko gobernu bat erraztea, Voxen menpe egon ez dadin. Bide horrek Euskal Herriarentzat «etorkizunik» ez dakarrela nabarmendu zuen; besteak beste, PPk «nazio aniztasuna» errefusatzen duelako.
Horren harira, PSOEk hartutako «konpromisoak» bete ez izana deitoratu zuen Otxandianok, baina gaineratu zuen EH Bilduk ez duela «mehatxura» joko auzi honetan presioa egiteko. Edonola ere, galdetu zuen PSOEk zein «etorkizun» izan dezakeen, baldin eta PPk eta Voxek gorpuztutako ereduari «kontrajarrita» Estatuaren plurinazionaltasuna aitortzearen bidetik eta printzipio demokratikoetan sakontzearen bidetik jotzen ez badu.
AUTOGOBERNUAREN AUZIA «EZIN DA ATZERATU»
Bitartean, estatus berriaren gaineko elkarrizketak diskrezio osoz aurrera egiten ari dira. Ildo horretan, EH Bilduko ordezkariak beharrezkotzat jotzen du «jokoaren arauak» eta Estatuarekiko «harreman eredua aldatzea», egungo dinamikak «ez baitarama inora». Bere ustez, Estatu espainolaren eta EAEren arteko harreman eredu berria «aldebikotasun eraginkorreko» sistema batean oinarritu behar da. «Etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko behar dugun autogobernua ere erabaki beharra dago», gaineratu zuen, eta eztabaida hori 2026an konpondu behar da, bere esanetan, «ezin baita gehiago atzeratu».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
