Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Batetik bostera

Zinema kritikari izateak, besteak beste, pantailan bizitako emozioei eta esperientziei puntu bat edo kalifikazio bat jartzea dakar. Pelikula bat 1etik 5era kalifikatzeak erraza dirudi, baina dilemaz beteriko ekintza da. Ikus-entzunezko bakoitza mundu bat da, eta zenbakizko eskala baten bidez iritzi bat irudikatzea batzuetan ezinezkoa da. Nola baloratu antzezpen lan magistral bat gidoi ahul baten erdian? Edo istorio bat, akats teknikoak gorabehera, emozioak eragiten dituenean? Nola bildu irribarre, beldur eta lilura guztiak zenbaki bakarrean?

Hala, orrialde hauetan egunero ematen dudan nota irakurlea orientatzeko ariketa apala besterik ez da, urtean zehar estreinatzen diren filmen ozeano zabalean pizten den itsasargi xume bat. Baina kalifikazioa ematen dudan bakoitzean beti galdera bera izaten dut buruan dantzan: justua naiz obrarekin? Eta irakurlearekin?

Benetako dilema sortzen da jakitean kalifikazio horrek irakurleengan eragina izan dezakeela: film jakin batera erakartzea edo urruntzea. Puntuatzea arduraz eta apaltasunez egiten den ekintza da; esanezina dena besteek uler dezaketen modu batean adierazteko saiakera bat besterik ez.

Horregatik da garrantzitsua bost puntutxo horiez harago begiratzea, eta egunero apalki idazten ditudan lerroak irakurtzea. Horiek emango dizkizuete obrari buruzko pistarik zintzoenak.