GARA
GASTEIZ

U12ko operatiboa ez ikertzeko erabakia errekurritu dute elkarteek

Hamalau elkarte memorialista pozik agertu dira Gogorak bere gain hartu duelako urriaren 12an Gasteizen izandako protesta faxistetan Memoria Historikoaren legea urratu izanaren ikerketa; ez daude ados, ordea, hura ahalbidetu zuen polizia-operatiboa ez ikertzearekin.

Falangeren ekitaldia, urriaren 12an.
Falangeren ekitaldia, urriaren 12an. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Gogora Institutuak erabaki zuen ez ikertzea urriaren 12an Gasteizen izandako mobilizazio faxistak galarazi ez zituen polizia-operatiboa; orain, erabaki horren aurka errekurtsoa aurkeztuko dutela iragarri dute hamalau elkarte memorialistak.

Zehazki, Goldatu, Intxorta 1937, Sanfermines 78 gogoan, Martxoak 3 Elkartea, Gernika Batzordea, Juan Gabriel Rodrigo Knaforen martxoaren 6ko Elkartea, Ateneo Republicano de Alava -Eraiki- Arabako Errepublikar Ateneo Elkartea, Gogoan Sestao Elkartea, CNT Euskadi Memoria Historikoaren Batzordea, Nicolas Guerendiain Irungo Elkarte Errepublikanoa, Kepa Ordoki MHB Elkartea, Bidasoaldeko elkarte memorialista, Oroituz Andoainen Elkartea, Cecilia G. de Guilart Tolosako Foro Errepublikanoa eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia (GEBehatokia) elkarteak dira Lakuako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordetzaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dutenak, ohar bidez jakitera eman dutenez.

Gogoratu dute urriaren 24an salaketa aurkeztu zutela, Gasteizen izan zen eskuin muturreko mobilizazioan 9/2023 Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen aginduak urratu zirela iritzita.

Bi eskaera egin zituzten bertan: alde batetik, ekitaldiaren antolatzaileak ikertzea; bestetik, gertaera horiek ahalbidetu zituzten polizia-operatiboen arduradunak ere ikertzea. Halakorik ezean, azken arduradunak, hots, Gasteizko Udaleko Segurtasuneko zinegotzia eta Lakuako Segurtasuneko sailburua ikertzeko eskatzen zuten.

Nabarmendu dutenez, lege horrek dio «arau-haustearen egiletzat» joko direla hura gauzatzen laguntzen dutenak, «bai eta beste pertsona batek arau-haustea eragozteko lege-mailako arau batek ezarritako betebeharra betetzen ez dutenak ere». Hala, azaroaren 22an Gogorako zuzendari Alberto Alonsok sinatutako administrazio-ebazpenean lehen eskaera egiteko eskumena bere gain hartzen duela adierazi dute elkarteek, baina bigarrenean, aldiz, «ez dela sartzen», eskumenik ez daukala argudiatuta.

Agintari politiko eta polizialek esandakoa eta «herritar guztiek ikusi ahal izan zutena» ez datozela bat nabarmendu dute: «Operatiboa antifaxisten aurka zuzendu zen neurriz kanpoko indarkeria erabiliz, eta erabateko permisibitatea eta lankidetza erakutsi zituen faxistekin, frankismoaren apologian eta biktimen umiliazioan jardun zezaten».

Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordetzaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa jarri dute, «Gogoraren eskumenak erabaki ditzan, edo, hala badagokio, Euskal Administrazio Publikoen zigortzeko ahalmenari buruzko 1/2023 Legeari jarraituz, horretarako eskumena duen organoari jakinarazi diezaion, erabakia hartzeko egunera arte egindako guztiaren berri ematearekin batera».