Hormak
Angelicaren bizitza bat-batean gelditu zen 2017an, errepideko bizikletatik erori eta auto batek harrapatu zuenean. Ordutik, lesio axonal difusoarekin bizi da, garuneko kalte batekin, zorabio kronikoa, nekea, eguneroko gorputz-mina eta motrizitate finaren mugak eragiten dizkiona, baita antsietatea, usaimen-galera (anosmia), eta arreta- eta memoria-arazoak ere. Munduan egoteko zuen modua betiko aldatu zen. Ordutik aurrera, eutsi egiten dio, bere burua berreraikitzen saiatzen da. Eta, hala ere, behin eta berriz hormekin topo egiten du.
Angelicak hiru aldiz eskatu du bere desgaitasunaren balorazioa. 2019an %22 eman zioten. 2021ean, %27. Eta 2025ean, dokumentazio mediko eta diagnostiko gehiago aurkeztu arren, berriro ere portzentaje bera eman diote. Ezer aldatu ez balitz bezala. Bere kalte kronikoa existituko ez balitz bezala.
Administrazio Publikoa herritarrak zerbitzatzeko existitzen da. Horixe da bere izateko arrazoia: eskubideak babestea, duintasuna bermatzea, laguntza behar duenari laguntzea. Ez laguntza eskatzen duen pertsona sistematikoki zalantzan jartzeko, ezta prozedurak nekatzeko lasterketa bihurtzeko ere. Herritarrek beren partea betetzen dute -zergak ordaintzen dituzte, sistema sostengatzen dute- eta trukean erantzun bidezkoak eta errealitatearekin bat datozenak espero dituzte.
Hala ere, askotan jasotzen dutena txosten, baremo eta ebazpenen nahaspila bat da, agerikoa dena aitortzen ez duena. Kalte kronikoa ez da beti ikusten, baina existitzen da: gorputzetan irauten du, eguneroko bizitzan, ikusezina denari eusteko etengabeko ahaleginean. Angelicak badaki hori, bere gorputza bera baita bizi duena, egunero sentitzen baitu zorabioa, esnatzen denetik oheratzen den arte. Kaltea medikoki aitortuta dago; aitortzen ez dena Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen interpretazioan dago: haren benetako irismena eta ondorio metatuak ez ditu baloratzen.
Paradoxikoa da, testuinguru honetan, adimen artifizialak -emozio gabeko tresnak- egitura administratibo askok baino hobeto ulertzea justiziaren zentzua. AAk segundo gutxian irakur ditzake Espainiako Konstituzioa, desgaitasunaren balorazioari buruzko 888/2022 Errege Dekretua eta aplikatu beharreko gainerako arauak; inkoherentziak detekta ditzake, datuak alderatu, ebazpen batek indarrean dagoen legea betetzen duen ala ez aztertu. Ez du aurreiritzirik, ez da nekatzen, ez du inertziaz edo komenentziaz jarduten.
Horregatik, agian, deserosoa da. Bere logikak askotan hizkera burokratikoak estaltzen duena agerian uzten duelako. Erabaki askok irizpide tekniko inpartzialak baino gehiago abiapuntu bakar bat dutela erakuts dezakeelako: ezezkoa. Justifikatzen ez den ezezkoa, errepikatzen dena, arau bihurtzen dena.
Administrazioa makina akastuna da, sarritan oker jokatzen duen eta kaltea eragiten duen makina bat. Indarra, baliabideak edo insistitzeko gaitasuna duenak eutsi egiten dio; ez duenak amore ematen du. Horrela, zerbitzu publikoa izan beharko lukeena horma bihurtzen da.
Administrazio batek kalte kronikoa duen pertsona bat agerikoa behin eta berriz frogatzera behartzen duenean, ez du bere egoera ebaluatzen: ukatu egiten du. Eta eskubideen ukazio sistematikoa, txosten tekniko baten itxura hartuta ere, ez da neutraltasuna. Indarkeria instituzionalaren forma bat da.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
