Markel GARZON GOITIA
SUPERKOPAREN AJEA

«Pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori»

Athleticek azken urteetako porrot mingarrienetako bat jaso zuen Saudi Arabian. Bartzelonak aurretik eraman zuen talde bilbotarra lehenengo zatian lau gol sartuz. Jarrera eta harrotasuna, Bilbon gutxienez exijitzen dena, ez zen nabaritu lehoiengan. Gauzak horrela, zaleen kezkak areagotzen ari dira urte hasiera honetan. Kopako eta Txapeldunen Ligako partida erabakigarriak dituzte aurrean.

(Marisol RAMIREZ | FOKU)

Superkopa batean erdietsitako gol kopuru handiena; hori ikusi zen Saudi Arabian joan den asteazken gauean. Egun, talde katalanak beste kirol batean jokatzen du. Atsedenaldirako 4-0 erakusten zuen markagailuak. Partida erabakita zegoen. Okerrena, ordea, Bartzelonak ia izerdirik egin gabe hartu zuela mendean Athletic. Demaren emaitza: 5-0. Alarmak pizteko modukoa, batez ere emandako irudiagatik.

Dena den, urtea amaitu zen ildo beretik ekin dio 2026ri talde zuri-gorriak. Ourense hirugarren mailako talde galiziarra kanporatzeko larri-larri ibili zen; Celtak aurrenekoz irabazi zuen Balaidosen lehoiak mendean hartuz; eta Espanyolek hiru puntuak eskuratu zituen urteko azken hitzorduan San Mamesen.

Datuek errealitate gordina islatzen dute: Athleticek 13 porrot jaso ditu denboraldiko lehen 27 partida ofizialetan, historiako markarik txarrena berdinduz. Superkopatik umiliatuta itzuli dira Bilbora eta Kopan arazo handiak izan zituzten hurrengo kanporaketan egoteko. Ligan bederatzi porrot jaso dituzte orain arte; joan den denboraldian, aldiz, sei galdu zituzten, guztira. Txapeldunen Ligatik oharkabean pasatzen ari da talde zuri-gorria, eta mirari bat beharko du hurrengo fasera igarotzeko.

Gauzak horrela, asteazkenean, zale batek baino gehiagok itzaliko zuen telebista dema amaitu orduko. Ez da gutxiagorako; Hansi Flicken taldeak baloiaren jabetza monopolizatu zuen, eta bigarren zatiko uneren batean %81a izatera heldu ziren.

Aitortu beharra dago lehenengo hamar minutuak positiboak izan zirela talde zuri-gorriarentzat, aurkariari tinko eutsi eta haren zelaira iritsi baitzen. Haatik, lehoiek Bartzelonako jokalarien itzalari jarraitzen igaro zituzten gainerako minutuak. Lehenengo golarekin Bartzelonaren festa lehertu zen eta Athletic erabat hondoratu zen.

DESASTRE HUTSA

Hortik aurrera, talde katalanak birrindu egin zuen Athletic. Jostailu apurtu bat zirudien. Arima barik, energia barik eta planteamendurik gabe. Laburbilduz, atzaparrik gabeko lehoi bat. Ez zen amorrurik ere ikusi lehoien aurpegietan, eta txartel horia ikusi gabe eta soilik zazpi falta eginda amaitu zuten norgehiagoka.

Fisikoki zein mentalki guztiz erori den taldea da Athletic, eta ez du ematen Valverdek egoera irauli ahal izango duenik. Zalantza eta kezka ugariz beteriko itsaso batean urperatuta dago Txingurri. Zertara jokatzen du taldeak? Ez da beste alternatibarik bilatuko? Ez da sistema aldatuko? Zergatik ez da Lezaman fidatzen? Gol falta ikusita, zer gertatzen da Izetarekin? Zergatik jokatzen du Nicok lesionatuta?

Ukaezina da Valverdez hitz egiten ari garenean Athleticeko historiako entrenatzaile garrantzitsuenetako bati buruz hizketan ari garela. Baina, ezinbestean, futbola ez da iraganetik bizi.

Gezurra dirudien arren, joan den denboraldian Europa Ligako finalerdietarako eta Txapeldunen Ligarako txartela eskuratu zuen talde bera da Athletic. Sasoi honetan, ordea, erori egin da lehiakortasun mailari dagokionez, eta ez da ageri betiko talde zuri-gorriaren arrastorik ere.

LERRO GUZTIAK AHULDUTA

Eraso-lerroan, gol bat sartzeko itzelezko arazoak izaten ari dira taldeko aurrelariak. Estatistikak hor daude: Guruzetak 5 gol sartu ditu; Navarrok, 4; Nicok, 3; Berenguerrek, 2; eta Sancetek eta Iñaki Williamsek, bana.

Atzeko lerroan, joan den denboraldiko sendotasuna galdu dute lehoiek. Are gehiago, Ligan gol gutxien jaso zuen taldea izan zen Athletic. Sasoi honetan bost gol sartu dizkio Bartzelonak; lau, Borussiak; beste lau, Bartzelonak ligan; hiru, Madrilek; eta hiru, Realak. Hori aski ez eta Simonek beste akats larri bat egin zuen Superkopan, Osasunaren aurka bezala.

Bartzelonaren kontra emandako irudi lotsagarriaren ondoren, Williamsek, Sancetek eta Vivianek barkamena eskatu zieten zaleei. Valverdek, ordea, hurrengoa bota zuen prentsa-aretoan: «Nik ez dut barkamenik eskatzen, ez zaidalako gustatzen».

Era berean, orain astebete, Williams kapitainak, ahoan legarrik gabe, adierazi zuen oso desegokia dela Superkopa hain urrun jokatu behar izatea. Valverdek, aldiz, esan zuen taldeko kapitainaren hitzak ez zirela «hitz egokiak» izan. «Hauxe da dagoena, eta errespetatu egin behar dugu», bota zion Iñaki Williamsi. Adostasunik ez aldagelan, erreakziorik ez 2026 honetan.