Sagardo Foruma, ekoizleen eta adituen nazioarteko elkargunea
Azaroan egindako VI. Sagardo Forumeko jardunaldiek sagarra, sagardoa eta horien inguruko kultura, ondarea eta turismoa izan zituzten ardatz. Nazioarteko lehiaketan, Weidmann & Groh alemaniarra izan zen irabazle nagusia eta, euskaldunen artean, Zapiainek eta Kuartangok txapel bana lortu zuten.

Sagar urteekin gertatzen den bezala, Sagardo Foruma ere bi urtetik behin antolatzen den nazioarteko ekitaldia da. Sagardoaren Lurraldeak antolatua (babesle eta laguntzaile ugari tartean: Astigarragako Udala, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, Fruitel sagargile elkartea, Fraisoro laborategia…), hiru zutabe ditu oinarri: jardunaldi teknikoak, sagardo lehiaketa eta azoka. Lehenengo aldiz, lehiaketa eta azoka Donostiako Basque Culinary Centerren egin ziren.
Guztira, mundu osoko 17 herrialdetako ekoizleek parte hartu zuten, eta 204 sagardo aurkeztu ziren. Epaimahaia ere ez zen nolanahikoa izan, nazioarteko 30 dastatzailek osatu baitzuten, tartean ziurtagiridun adituak, jatetxe garrantzitsuetako sommelierrak, enologoak eta ekoizleak.
Aurkeztutako berrehun sagardoak bederatzi kategoriatan sailkatu ziren. Sagardo naturalaren kategorian Astigarragako Zapiain izan zen puntuazio altuena lortu zuena, “Zapiain Euskal Sagardoa Premium 2024” produktuarekin. Euskal Herritik kanpoko beste sagardo naturalekin lehiatu zen, hala nola Asturiastik, AEBtik, Galestik eta Kanarietatik etorritakoekin.
Beste euskal upategi batek ere lortu zuen txapela, kasu honetan kategoria irekian, non Kuartango sagardotegiaren “Bermuta sagardoarekin” produktuak lortu zuen puntuaziorik altuena.
Lehiaketako sari nagusia, ordea, Alemaniara joan zen, zehazki Frankfurt eskualdean dagoen Friedberg hiriko Weidmann & Groh upategira, bertan eginiko “Cydonia” sagardoak lortu baitzuen “Best of show” sari nagusia, mistoen edo zaporetakoen kategorian irabazita. Produktu hori eskualde hartako sagar tradizionalekin eta irasagar birrinduarekin egina dago.
Gainontzeko kategorietan, upategi hauek izan ziren irabazleak: Letoniako Mr. Plume Cidery, garraztasuna nagusi kategorian; AEBko South Hill Cider, mikaztasuna nagusi eta Premium sagardo aparduna kategorietan; Alemaniako Gutshof Kraatz, udardoak kategorian; Asturiasko Sidra el Gaitero, sagardo modernoenean; eta Gironako Mooma Obrador, postrerako sagardoak kategorian.
Jardunaldi teknikoetan, lehen aldiz kultura eta ondarea ere izan zituzten hizpide, Leire Alkorta Sagardoaren Lurraldeko kudeatzaile berriak azaldu digunez: «Argi daukagu sagardoaren kultura ez dela produktua bakarrik, baita horren inguruan dagoen guztia ere: kultura, ondarea, arkitektura, tradizioa… Hala, museo eredu berriak ezagutu ditugu, gure Sagardoetxean ere aplikatzeko eta kultur transmisioa bide horretatik gauzatzeko».
MERKATUAREN ERRONKAK
Sagardoaren merkaturatzeak ere garrantzi berezia izan zuen jardunaldietan. Upategiak enpresa familiarrak izanik, beste sektoreetako esperientziak ere ekarri zituzten Forumera, Martiko, Goenaga eta Artadi enpresetako ordezkariekin.
Azokari dagokionez, ekitaldi hori ere Basque Culinary Centerren egin zen lehen aldiz. Publiko orokorrari nahiz profesionalari zabalik egon zen eta 23 ekoizlek parte hartu zuten. Sagardoaren Lurraldeko kudeatzailearen esanetan, «egoitza berria oso aproposa da, ez bakarrik Culinaryrekin sortzen dituen sinergiengatik, baita bertako ikasleen formakuntzan sagardoaren gaia lantzen dutelako ere».
Azokaren beste alderdi garrantzitsu bat, Leire Alkortaren iritziz, ekoizleak berak Euskal Herrian elkartzea da: «Egunerokoan ez dugu izaten mundu osoko sagardoak ezagutzeko aukerarik, baina, kasu honetan, ekoizleak berak ere bertan egoteak produktuaren atzean dagoen prozesu eta historia guztia ezagutzeko aukera ezin hobea ematen digu».
Foruma bi urtez behin egiten bada ere, datorren urtean sagardoaz mintzatzeko aukera ere izango da, “Cider Week” ekimenaren bitartez. «Gure helburua da azaroan beti egon dadila sagardoarekin lotutako hitzordu bat», azaldu digu Alkortak. Hain zuzen, ekimen horren barruan, hainbat bazkari antolatzen dira jatetxe desberdinetako menuak sagardoarekin dastatzeko.
Horren aurretik, apirilaren 16tik 18ra, “Ciderworld’26” nazioarteko azoka egingo da Alemaniako Frankfurt hirian eta bertan Euskal Herria izango da herrialde gonbidatua.
«Euskal Herrian egiten den sagardoa munduko ekoizleen mapan kokatu da»
Hainbat urte Sagardoaren Lurraldean lanean aritu ostean, 2025eko udaz geroztik erakunde horretako kudeatzaile dugu Leire Alkorta. Astigarragan egoitza duen Sagardoetxea dela-eta ezaguna bada ere, Sagardoaren Lurraldeak hainbat eta hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar sagardoaren kultura ezagutzera emateko. Bi urtetik behin, Sagardo Foruma antolatzen dute.
Zer garrantzi du Forumak Euskal Herriko sagardoarentzat?
Sagardo Forumari esker, Euskal Herrian egiten den sagardoa munduko ekoizleen mapan kokatzea lortu dugu. Gure artean sagardoaren kultura oso errotuta dago, baina baita ere garrantzitsua da munduan zehar zabaltzea, ez bakarrik sagardoa produktu bezala, baita lurraldea bera ere. Horrela, Forumera etorri diren nazioarteko eragileek gure sagardoaren inguruko kultura, ondarea, gastronomia eta errituak ezagutzeko aukera izan dute.
Hala ere, seigarren edizioa izan izan da 2025ekoa eta dagoeneko oso ezaguna egin da nazioartean…
Bai, sagardoa ekoizten duten herrialde askok erreferentziatzat hartzen dute Sagardo Foruma eta jada bere tokia egin du mota honetako ekitaldien artean, baina baita gure sektoretik kanpo ere. Izan ere, beste edarien inguruan dabiltzan profesionalei sagardoaren mundua ezagutzera emateko ere balio izan du. Forumean antolatzen dugun lehiaketara dastatzaile adituak etortzen dira, horietako asko beste sektore batzuetakoak -garagardoa, ardoa…- eta gure xedea da profesional horiek ere sagardoaren mundura erakartzea, askotan sektore ezezagunena delako gurea. Gainera, sagardoak aukera asko eskaintzen ditu gastronomiaren arloan, edozein plater mota lagundu dezakeelako eta otorduetatik kanpo ere kontsumi daitekeelako, adibidez edari freskagarri gisa.
Geurea kanpoan ezagutzeaz gain, kanpokoa ere hemen ezagutzea da beste helburuetako bat ezta?
Bai, kanpoko ekoizle eta aditu asko etortzen direnez, horrek aukera ematen digu ezagutzeko zer den kanpoan egiten dena. Azken finean, ezagutza bat zabaltzen da eta horrek inspiratzeko ere balio digu, batez ere sagardo naturalaz gain beste sagardo motak egiten hasteko.
Zein dira urte berri honetarako dituzuen asmo eta proiektu nagusiak?
Sagardoetxea museoa ireki zenetik hogei urte bete direla ospatzeko, ekitaldi berezi batzuk prestatuko ditugu udazkenean, uzta garaiarekin lotuta. Horrekin batera, museoaren jarduera dinamizatu nahi dugu eta beste mota bateko proiektuak lantzen hasi, beste herrialdeetan ikusten ari garen museologia eredu berriak kontuan hartuta.
Sagardoaren kultura gizarteratzen ere jarraituko dugu, betiko moduan, urtaro bakoitzari lotutako ekitaldiak antolatuz. Eta azkenik, sagardoaren inguruko ondarea berreskuratzeko eta mantentzeko abian jarritako proiektuekin jarraituko dugu, tartean “Dolareak” proiektuarekin.
Zer da zehazki «Dolareak» proiektua?
Pasa den udazkenean hasi genuen proiektua da, dohaintzan jaso ditugun piezak zaharberritzeko. Lehenbiziko lana Erbetegi-Etxeberri baserriko dolarea zaharberritzea izan da. 400 urte baino gehiago ditu eta badu berezitasun nabarmen bat, alegia, ardatz bikoitzekoa dela eta animalien indarraz mugitutako matxaka duela, orain arte gorde den mota horretako bakarra. Egitasmoa Peio Martikorena Fundazioak sustatu du, Astigarragako Udalarekin eta egurra lantzen duten hiru hezkuntza zentrorekin lankidetzan, eta Euroeskualdeak emandako dirulaguntzari esker jarri da abian. Lehenengo dolare hau amaitzen dugunean, jasota ditugun beste piezekin jarraituko dugu datozen urteetan.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
