GARA
BILBO

Manuel Leon Gomezen gorpuzkiak jaso ditu familiak, 85 urte igarota

1941ean Urduñako espetxe frankistan hildako Manuel Leon Gomezen familiak haren gorpuzkiak jaso zituen atzo Valenzuela de Calatravako udaletxean (Ciudad Real) Lakuako Gobernuko ordezkarien eskutik. 200 preso baino gehiago hil ziren Urduñako espetxean.

Manuel Leon Gomezen familiak haren gorpuzkiak jaso zituen atzo.
Manuel Leon Gomezen familiak haren gorpuzkiak jaso zituen atzo. (IREKIA)

Manuel Leon Gomez, Valenzuela de Calatravakoa (Ciudad Real), 1939ko maiatzean atxilotu zuten frankistek, matxinadarekin bat egitea egotzita. Epaitu, 30 urteko espetxe zigorra ezarri, eta 1939ko abenduaren 7an Urduñako espetxera eraman zuten. Bertan hil zen 1941eko apirilaren 19an, 57 urte zituela, garuneko odoljario baten ondorioz, heriotza ziurtagiriak jasotzen duenez. 200 preso baino gehiagoren gorpuekin egin bezala, hobi komun batean lurperatu zuten.

73 urte geroago, 2014an, Urduñako hilerrian Aranzadik egindako lehen desobiratzean berreskuratu ziren haren gorpuzkiak, beste batzuenekin batera. Identifikatu ezin zutenez, 2022an Urduñako Duintasunaren Kolunbarioan hilobiratu ziren gorpuzkiak. Joan den udan, ordea, haren birbiloba bat Gogora Institutuarekin harremanetan jarri zen eta lagin genetikoak hartzeko eta erkatzeko prozesuari ekin zioten. Horri esker, azkenean identifikatzea lortu dute.

Atzo, familiak Manuel Leon Gomezen gorpuzkiak jaso zituen Valenzuela de Calatravako udaletxean egindako ekitaldian. Bertako alkatearekin batera, ekitaldian parte hartu zuten Lakuako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Alberto Alonsok.

Gogora Institutuak gerran eta diktadura frankistaren lehen urteetan hildakoak bilatzeko, berreskuratzeko eta identifikatzeko abian duen “Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programa”-ren emaitza berri bat da.

24 PERTSONAREN GORPUZKIAK IDENTIFIKATU DIRA DAGOENEKO

Behin desobiratze lanak amaituta, 93 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira guztira, denak Urduñako espetxe frankistako biktimak. Horietatik 24 identifikatzea lortu da orain arte, eta, horiei begiratuta, identifikatzeko dauden 72 gorpuzkiak 1941eko martxotik ekainera bitartean hildako presoenak dira.

Kasu honetan, jakina da gutxienez 225 pertsona hil zirela espetxe horretan, guztiak gizonezkoak eta espainiar Estatuko hainbat lurraldetatik Urduñara eramandakoak. Erdiak baino gehiago, 127, Extremadurakoak ziren, eta beste 41 Gaztela-Mantxakoak (Ciudad Realekoak, 4 Toledokoak eta 3 Albacetekoak), 22 Malagako espetxetik eramanak, 7 Tarragonakoak eta gainerako 28ak Estatuko beste probintzia batzuetakoak.

«Ekimen honek desagertutako pertsonen senideen sufrimendua orbaintzen laguntzen du, identifikatuz eta gorpuzkiak familiei itzuliz, eta gizarte osoa duintzen duen prozesua da, biktima horiei egungo gizartearen memoria kolektiboan merezi duten lekua ematen baitie», adierazi du Gogorak.