GARA
GASTEIZ

Oionen abiatu eta Gasteizen amaituko da Arabako Bertsolari Txapelketa

Arabako Bertsolari Txapelketa otsailaren 7an abiatuko da Oionen eta martxoaren 28an amaituko da, Gasteizen. Hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte eta sei saio jokatuko dira orotara; aipatutako bi lekuez gainera, Laudiok, Izarrak, Aramaiok eta Dulantzik ere hartuko dituzte saioak. 2024. urteko finalean izan ziren Manex Agirrek eta Paula Amilburuk ez dute txapelketan parte hartuko.

Txapelketaren parte izango diren bertsolari, sustatzaile eta antolatzaileetariko batzuk, atzoko aurkezpenean.
Txapelketaren parte izango diren bertsolari, sustatzaile eta antolatzaileetariko batzuk, atzoko aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean aurkeztu zen atzo 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Bertsozale Elkarteko Egoitz Iradier eta Uxue Diaz de Cerio izan ziren xehetasunak ematearen arduradunak eta, zehaztu zutenez, txapelketako lehen saioa otsailaren 7an jokatuko da, Oiongo Bazterra aretoan, eta finala, berriz, martxoaren 28an egingo da, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Almudena Cid aretoan.

Lehen fasean hiru saio jokatuko dira, Oionen, Laudion eta Izarran; ostean bi finalaurreko izango dira, Dulantzin eta Aramaion hartuko dituztenak, eta finala, esan bezala, Gasteizen jokatuko da.

Txapelketan hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte, 2024ko finalean kantatu eta izena eman duten lau finalistek gehi 2025eko udazkeneko sailkapen fasean saio bakoitzeko irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatu diren gainerakoak: Aitor Ugarte Eriz, Andere Arriolabengoa Bengoa, Aroa Arrizubieta Barredo, Asier Otamendi Alkorta, Danel Herrarte Nafarrate, Ekaitz Samaniego Curiel, Eli Zaldua Barquin, Felipe Zelaieta Txurruka, Hegoi Amabizka Gamiz, Iñaki Viñaspre Simon, Maddi Agirre Epelde, Manu Bendala Garcia-Donas, Martin Abarrategi Sarrionandia, Peru Abarrategi Sarrionandia, Rikardo Gonzalez de Durana Alzola, Sabin Abarrategi Sarrionandia, Unai Anda Delika eta Xabi Igoa Eriz. Guztiak arituko dira kantuan lehen fasean, hamabi sailkatuko dira finalaurrekoetara eta finalera sei iritsiko dira.

Elkartetik zehaztu zutenez, 2024ko finalista izan ziren Manex Agirrek eta Paula Amilburuk ez dute parte hartzeko izenik eman, eta 2024an parte hartu ez zuten lau bertsolari daude aurtengo edizioan: Andere Arriolabengoa, Hegoi Amabizka, Manu Bendala eta Sabin Abarrategi. Hegoik eta Sabinek sailkapen fasean parte hartu zuten 2024an lehen aldiz eta aurten sailkatu dira lehenengoz Arabako Bertsolari Txapelketara.

Aroa Arrizubieta izan zen 2024ko txapelduna eta Manex Agirre bigarrena.

Bertsolaririk gazteena Hegoi Amabizka da, hogei urterekin: 2024ko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapelduna izan zen eta 2024an Imanol Lizardi Bertsolari Gazteen Sariketa irabazi zuen. Zaharrena, berriz, Rikardo Gonzalez de Durana da. 67 urteko oreitiarra Gasteizko bertso eskolako sortzaileetariko bat da, eta 1982an, 1992an eta 1995ean Prudentzio Deuna Sariketako irabazlea izan zen.

Txapelketan Arabako bederatzi epaile arituko dira. 11 gai jartzailek taldean sortuko dituzte gaiak eta horietako bost izango dira saioak eta finala aurkeztuko dituztenak.

SUSTAPENA ETA TRANSMISIOA

Aurkezpenean gogora ekarri zutenez, 1982an jokatu zen lehen Arabako Bertsolari Txapelketa, orain 42 urte, Aiaraldeko eta Gasteizko bertso eskolak sortu zirenean, hain zuzen ere. Urteotan Arabako bertsogintzak egin duen bidea nabarmendu zuten aurkezpenean, izan ere, gaur egun, «herrialde osoan lantzen da bertsolaritza ikastetxez ikastetxe, hainbat herritan bertso eskolak daude, eta bertsolaritzaren lanketa, sustapena eta transmisioa eskualde guztietara zabaldu da», ospatu zuten.

2026ko txapelketan ere «elkarrekin eraikitzen» jarraitu nahi dela nabarmendu zuten, txapelketaren helburuak baitira, besteak beste, bertsolaritzaren erakusleiho izatea, bertsolariek beren jarduna hobetzeko duten grina sustatzea eta ekosistema kulturala indartzea. Arabako Bertsolari Txapelketarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean jarriko dira eskuragarri urtarrilaren 22tik aurrera.