ALAIA SIERRA
GASTEIZ

Pentsamendu dekolonialaren beste begirada bat eskainiko du Artiumek

Hogei artista eta kolektiboren baino gehiagoren lanak bildu ditu Artium museoak abuztura arte ikusgai egongo den erakusketa berrirako. “Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean” izeneko esposizioa pentsamendu dekolonialaren, zibernetikaren eta feminismoaren eragina jaso duten praktiken genealogia da.

Hogei artistak eta kolektibok baino gehiagok hartu dute parte erakusketan.
Hogei artistak eta kolektibok baino gehiagok hartu dute parte erakusketan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

“Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean” izeneko erakusketa berria inauguratu du Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artiumek, iragan ostiralean. Catalina Lozano komisario lanetan eta hogei artista eta kolektiboren baino gehiagoren ekarpenarekin, mugimendudun irudiak bestetasunaren kontakizunaren eta irudikapenaren eraikuntzan izan duen rola aztertzen du esposizioak.

Ostiralean izan zen irekiera, 18.00etan, komisarioak museoan eman zuen hitzaldi baten ostean. Goizean aurkezpena egin zuen Catalina Lozanok, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariarekin, Louidgi Beltrame artistarekin eta Ana Maria Millan Kolonbiako Helena Producciones kolektiboaren ordezkariarekin batera. Abuztuaren amaierara arte egongo da ikusgai.

Aurkezpenean azaldu zutenez, erakusketa proiektua osatzen duten lanek askotan deseraiki egiten dituzte finkatutako metodologiak edo zalantzan jartzen dituzte irudiak ekoizteko teknologiak, baina «kamera autoirudikapenaren zerbitzura jartzen dute orobat».

Lozanok adierazi zuenez, proiektu «kolosal» honen abiapuntuak Maya Deren XX. mendeko zinemagileak Haitin egindako lana eta hari buruzko hausnarketa dira. Uhartera egindako bidaietan, erritualetako dantzen munduan sartzeko, ohartu zen bere kamera ez zela nahikoa bertan ikusi zuena irudikatzeko eta hausnarketa prozesu bat hasi zuen, artista izatetik aldentzeko.

Erakusketaren izenburua Trinh T. Minh-ha zinemagile eta teorialari feminista vietnamdarraren “Reassamblage” filmetik hartutako aipua da. Senegalen filmatua, lan hori beste errealitate bat irudikatzeko asmotik urruntzen da, zinemaren teknologiaren bidez irudi batzuk filmatzeko ekintzari berari buruz hausnartzeko. Eta hau dio egileak: «Bizitza ikusten dut niri begira. Zirkulu batetik begira nago begiraden zirkulu batean».

BIDEOAK, MARGOLANAK ETA MARRAZKIAK

Bestalde, mugimendudun irudiez gain, Vilem Flusser pentsalariak «irudi tekniko» izena eman zien horien eta beste jardunbide artistiko batzuen artean proposatutako loturak erreproduzitzen dituzten beste lan batzuk biltzen ditu erakusketa honek.

Honako hauek dira erakusketan parte hartu duten artistak eta kolektiboak: Sammy Baloji, Louidgi Beltrame, Minia Biabiany, Edgar Calel, Lastenia Canayo, Raymonde Carasco, Los Ingravidos kolektiboa, Maya Deren, Juan Downey, Sheroanawe Hakihiiwe, Aida Harika, Edmar Tokorino eta Roseane Yariana, Helena Producciones, Hector Hyppolite, Morzaniel Iramari, Franz Jacques Guyodo, Karrabing Film Collective, Sarah Maldoror, Sueli Maxakali, Beatriz Santiago Muñoz, Rosalind Nashashibi, Deborah Stratman, Trinh T. Minh-ha eta Santiago Yahuarcani.