Espantsionismoaren zergatiak
Komeni da kalifikazioak alde batera utzi eta ulertzen saiatzea. Eta ulertzen jarrita, esan behar da Estatu Batuek (bai, AEBk; trenaren makinista oihukaria besterik ez da Trump) Groenlandiaz jabetzeko abiarazi duten ofentsiba ulergarria dela. Oso ulergarria. Bestelako kontua da espantsionismo horretatik eratortzen dena gustagarria izango ote zaigun.
Groenlandiaz jabetzea, erraza izateaz gain, biziro interesgarria da oraintxe bertan Estatu Batuentzat. Utz ezazu hemendik hamarkada askotarako, hoberenera jota, hango ondasun naturalen ustiapena. Utz itzazu urte eta ustekabe askotarako Artikoan barreneko itsasbideak. Oraintxe bertako hitz magikoa «geoestrategia» da. «Geo» aurrizkitik hartuta, jakina.
Groenlandiaz jabetzeak berehalako ondorio geoestrategikoa du. Maparik ere ez da behar ohartzeko, hartara, Estatu Batuek hiru aldetatik inguratzen dutela... Kanada. Kasualitatea dela iruditzen al zaizu Trumpek orain arte Groenlandiari buruz hitz egin duen ia guztietan Kanada ere aipatu izana? Ezetz esango nizuke. Izan ere, Groenlandiari esleitzen dizkioten onura guztiak, biderkatuta, eta askoz eskurago, ditu Kanadak AEBrentzat. Korapiloa da Kanada ez dela mortu hotz bat. Horregatik doitu behar da estrategia.
Zertarako den estrategia hori? Bere burua defendatzeko dela esaka ari zaizkigu. Golden Shield eta gisakoak aipatuko dizkizute... lehen «defentsa» zioen lekuan orain «gerra» diotenek. Ez da ñabardura hutsala, baizik oinarri-oinarrizkoa. Artiko aldearen kontrolak ezer gutxi balio du misilak atzemateko. Asko, ordea, halakoak jaurtikitzeko. Mapa tentuz aztertzea nahikoa da egitate asko eta erabakigarriak izan daitezkeenak kausitzeko.
Duela zazpi aste Estatu Batuek beren Segurtasun Nazionaleko Estrategia argitaratu zutenean, batzuoi iruditu zitzaigun dozenaka orrialde, kapitulu osoak, falta zitzaizkion dokumentu inkoherente bat irakurtzen ari ginela. Ezabatutako zati batzuk ikusten hasi garela ulertzen dut nik.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
