«Kandida»-n, arte munduaren onkeria ispilu aurrean jarri du Patxo Telleriak
Klara Balzes egile hasiberriak arrakasta handia lortu du lehen eleberriarekin. Fikzioan, emakume etxegabetu bati, Kandidari, bizitza nola aldatu zitzaion kontatzen zuen. Baina benetakoa ez da Kandida, Manuela du izena. Patxo Telleriak astindu bat eman dio gure onkeriari “Kandida” bere azken antzezlanean.

Bilboko Arriaga antzokiko aurtengo denboraldiko estreinaldiak abiatuko ditu, otsailaren 3an eta 4an (19.30ean), Tartean Teatroa konpainiaren euskarazko azken proiektuak, “Kandida” lanak. Patxo Telleriak idatzi eta zuzendu du, eta antzerkigile oparo honek berezko duen tonu tragikomikoan gai sakonak, are deserosoak, landu ditu lan honetan. Aurrez aurre, bi emakume, adin eta jatorri desberdinetakoak; ondoan, gizon bat, artearen munduko paternalismoaren adierazle. Erdian, kontraesanak eta gezurrak.
“Ai gure juaneteak” lanarekin Pabiloi 6 aretoan izan ondoren eta “Kortxoaren dilema”-k herriz herri jarraitzen duen bitartean, Bilbon “Kandida” lan berria estreinatuko dute eta horren osterako ere hitzordu batzuk lotuta dituzte: Eibar (otsailak 18), Legazpi (martxoak 13)...
Atzo Arriagan bertan egin zuten prentsaurrekoan, Patxo Telleriak azken lan honen berri eman zuen: «‘Kandidak’ bi emakumeren ibilbidea kontatzen du; batetik, idazle gazte-gazte batena (Nerea Mazo) eta, bestetik, andre etxegabetu batena (Miren Gaztañaga). Klarak bere lehen nobela argitaratu du, eta bertan kontatzen du nolabait autofikziotik abiatzen den istorio bat. Arrazoi batzuengatik etxegabetuen aldeko elkarte batean lan egitera behartuta egon zen, epaileak zigorra ezarri ziolako; nahiko galduta zebilen garai hartan, eta esperientzia horrek nolabait bizitza aldatu zion; alde batetik, emakume berezi bat ezagutu zuelako, Kandida, eta, bestetik, bere lehen nobelarako ideia handik hartu zuelako».
GURE KONTRAESANAK
Emakume etxegabetu hori desagertu eta hiltzat eman zuten, baina idazleak bere nobelan imajinatu zuen etxean hartu zuela eta bizimodu bat eta etorkizun bat bilatzen lagunduko ziola. «Esperantzaz, elkartasunez eta maitasunez beteriko nobela idatzi du Klarak -egileak-. Gertatzen dena da, nobela aurkezten den egun berean, emakume honek irrati batean-edo entzun duela nobela horren berri, eta halako batean konturatu da berari buruz hitz egiten ari direla. Eta orduan, nobela aurkezten den egun berean, Klararen etxean agertuko da eta esango dio etorri dela nobelan egin zuena egitera; hau da, bere etxean har dezan».
Errealitatearen eta fikzioaren arteko kontraste latza plazaratu du lan honetan egileak, eta hipokrisiaz eta oportunismoz jositako mundu baten geruzak agertzen ditu; arte munduko oportunismoa ere bai, hirugarren pertsonaia bat baitago tartean: «Editorea (Mikel Martinez), Manuela etxean hartzera behartzen duena arrazoi materialengatik: onartzen ez badu eta hori jakiten bada, Klararen prestigioa eta bere nobelaren egiazkotasuna kolokan geratuko dira», kontatu zuen egileak.
Duela pare bat urte idatzitako ipuin batean du abiapuntua antzezlan bihurtu denak. Han, “mena” bat zen gatazka sortzen zuena; “Kandida”-n, emakume etxegabetu bat. Baina, kontuz, denok ditugu gure kontraesanak; inor ez da hain ona, inor ez da erabat txarra. «Gaur egun askotan artean oso inportantea da ez bakarrik produktua, baizik eta produktuaren inguruan doan hori guztia.
Idazlea ere produktu bilakatu du editoreak. Nik esango nuke gu guztiok garela neurri batean oso borondate onekoak eta oso gure baitakoak aldi berean; batzuek segur aski gehiago izango dute batetik edo bestetik. Gizarteak askotan elkartasun erakustaldiak egiten ditu, eta askotan baita bidegabekeria eta egoismo erakustaldi latzak ere. Batzuetan ematen du oso eskuzabalak garela, eta beste batzuetan sekulako zekenak gara», azaldu zuen Telleriak.
Nerea Mazo sartu da buelta asko ematen dituen pertsonaia honen azalean: «Kontraesanez josia dago eta gero editoreak ere kontraesan horiek eragiten dizkio, nolabait», esan zuen. Miren Gaztañaga, berriz, euskara batuaren (Kandidak hitz egiten duena) eta bizkaieraren artean (Manuelak egiten duena) dantzan ari da.
«Nik esango nuke Patxo hemen, Euskal Herrian, daukagun harribitxia dela. Oso ondo idazten du, sentsibilitate eta inteligentzia handiarekin», esan zuen Mikel Martinezek Patxo Telleriaren antzerkigintzaz galdetuta.
«Niretzat plazer handia izaten ari da -esan du Miren Gaztañagak-, agian lehen aldia delako autore-zuzendari batekin lan egiten dudana.
Ofizio handiko dramaturgo, gidoilari eta zuzendaria da eta hori oso nabaria da. Oso polita da bere lan egiteko modua ikustea, berak oso presente duelako nola eraiki duen bere bidaia guztia eta nola idatzi duen esaldi bakoitza, eta zein ñabardura dauden».

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
