«Bertsolaritza: zonbait behako» erakusketa, Donibane Lohizunen
Xilaba txapelketako finalerako atzera-kontuan sarturik dela, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak «Bertsolaritza: zonbait behako» erakusketa jarri du Pavlovsky etxean; final handiaren egunera arte, hilaren 31ra arte, bertsolaritza gertutik ezagutzeko gonbita.

Bertsolaritza munduan barneratzera gonbidatzen duen multimedia erakusketa landu du Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta hori ikusgai jarri du Donibane Lohizunen Herriko Etxeak.
Bertsolaritza ezagutzen ez duten herritarrei «ahozko arte honen ulertzeko zonbait gako» emanen dizkie urtarrilaren 31ra arte Pavlovsky etxean irekia den erakusketak. Bertsozaleek, berriz, erakusketak bildu dituen lekukotasun eta ezohiko artxibo-irudiekin gozatzeko parada ukanen dute.
Bertsolaritzari buruzko «Iparraldeko behakoa» hobetsi dute erakusketaren sustatzaileek. Bi oren inguruan lau ikus-entzunezko ikusteko parada emanen du erakusketak. Lehen atala ‘‘What is bertsolaritza? - Zer da bertsolaritza?’’ da, bertsolaritza nazioartean ezagutzera emateko xedea duen ikus-entzunezkoa. Bertsolaritzaren testuingurua azaldu eta berau deskribatzeaz gain, bertsoaren sorkuntza prozesua bera ere azaltzen du Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak 2019an ekoitziriko 20 minutuko ikus-entzunezkoak.
Bigarrenik, ‘‘Ikuska 18: Xabier Amuriza’’ (Antxon Ezeiza, 1984). 1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean Xabier Amuriza txapeldunak ‘‘Aita izena kanta beharrak’’ bertsoak nola asmatu zituen erakusten du lanak, 1980ko hamarkadan bertsolaritzaren berritzaile izan zenari omenaldi ederra egiten dion hamar minutuko dokumentalak.
Hirugarren ikus-entzunezkoa ‘‘Maite Barnetche kazetariaren artxiboak’’ da. Maite Barnetche (1941-1986) urteetan euskarazko telebistaren aitzindari izan zen. France 3 frantses telebista katean “Euskal Herria orai eta gero” emankizuna zuzendu eta aurkeztu zuen 1971tik 1986ra bitartean.
«Egiazko altxorrak» daude Estatu frantseseko ikus-entzunezkoen erakundearen jabegoan (INA) diren dokumentu horietan. Bertsolaritza aipatzen duten hiru hautatu ditu EKEk erakusketa honetan emateko.
Azkenik, ‘‘Eleketa’’: bertsolaritzaren Ipar Euskal Herriko ahozko memoria. 2007az geroztik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obralaritzaren pean, EKEk ‘‘Eleketa’’ izeneko Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketa programa handi bat aitzina eraman du. Bertsolaritzari buruzko 30 lekukotasun zati hautatu ditu, Ipar Euskal Herriko zenbait behako ematen dituztenak. Badihardugu elkarteak ‘‘Ahotsak’’ programaren baitan grabatu testigantzak dira.
LEKUKOTASUNAK ETA XILABA
Entzungai diren lekukotasunen artean daude antolatzaile edo epaile lanetan aritu diren hainbat lagunenak (Beñat Soule, Pierre-Arnaud Idieder, Jean-Louis Harignordoquy, Mixel Itzaina eta Emile Larre), bertsolarienak (Txomin Ezponda, Jesus Arzallus, Sustrai Colina, Maddi Ane Txoperena, Michel Aire, Jean-Louis Harignordoquy, Odei Barroso eta Alexandre Etcheberry), baita bertsolarien hurbilekoenak ere (Petra Ibarra, Marie - Christina Oçafrain eta Anttonie Sein).
Azkenik, neurri handiko bederatzi argazkiren laguntzaz, Bertsularien Lagunak elkarteak iaz antolaturiko Xilaba txapelketa ere gogora dakar erakusketak. Horretarako Baionako Bernat Etxepare lizeoko bertso eskolako ikasle batek, Johane Larrek, eginiko argazki-erreportajea baliatu dute antolatzaileek.
Modu horretan, erakusketak begi kliska egiten dio hilaren 31n Donibane Lohizuneko Jai Alain iraganen den Zuberoa, Lapurdi, eta Nafarroa Behereko bertsolari txapelketako finalari.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
