Jon GARMENDIA
Idazlea

Fagoaga

Pedro Axular, Euskaldun iskribatzalletatik iztun ederrenari, Ni, Luis Luziano Bonaparte, euskarazaleak au ipiñi nion. Ez dago atsedenik ta odei gabe egunik zeruetan baizik. 1865». Halaxe errezatzen du ehortzia dagoen elizan euskalkien lehen sailkapen zientifikoa egin zuen Bonaparteren oroitarriak. Idazle aparta bai, baina Pedro Agerre hiztun ona zenik ez nekiela pentsatu nuen Bonaparteren idatzia irakurtzen ari nintzen bitartean, agian erretore izateak eta elizako sermoiak egiteak ekarri ziola trebetasun hori. Horrekin izan nuen pentsamendua Jean Fagoaga Legasse agurtzen ari ziren bitartean Sarako elizan. Meza-emaile asiar jatorriko apaiza, Vietnameko Van Ngoan Uy Bui, euskaraz hizketan eta kantatzen dotore.

Eta bitxikeriak diren arren, garrantzirik gabeko detaileak dira horiek gizon handi bat agurtzeko. Eliza mukuru betea pilotaria, medikua, Sarako auzapeza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta euskal errefuxiatu politikoak lagundu eta babesteko Anai Artea elkartearen sortzaileetakoa zenaren eguzkia distiratzeko. Zaila da ia ehun urtera ailegatu den gizonaren obra itzalaren ahanzturak estaltzea, baina betiko memoria merezi du. Euskal nortasunaren eta kulturaren iraunkortasuna halako pertsonen lan isil eta publikoari esker lortzen dela sinistuta bainago. Ez naiz meza-zale, baina Fagoagarenak eliza katolikoak markatutako liturgia zurrunak hautsi zituela ulertu nuen, kantuak, ohorezko aurresku bat zenduaren aitzinean, Telesforo Monzonek duela urte ainitz igorritako gutun baten irakurketa… Zinez ederra. Bizi dadila etxekoengan.