Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren edertasunak

Leihotikan taldeko Gorka Armendarizek esan zidan ez dagoela perfekziorik, eta egotekotan pare bat kantu daudela biribiltasunaren pare (kantuen izenburuak isilean gorde zituen). Batbederak, bere ustez, izango ditu abesti perfektuak. Beraz, norbanakoak kontuan hartuta, milioika izan daitezke perfekzioaren zerrendan daudenak. Perfekzio gehiegi, ene iritziz. Existitzen al da, dena den, perfekzioa? Edozein ataletara jo eta makina bat detaile txiki dago biribiltasuna lauki formako zerbaitetara urrunarazten dutenak. Hor dago norberaren gogoetarako kantuen edertasuna.

Etxetik gertu dudan eskolan kantu bat errepikatzen dute gelara sartzeko, atsedenaldirako, jolas unearen amaiera adierazteko. Ez dakit kopuru zehatza, baina egunean hamar bider entzungo dira bozgorailuetatik Sorotan Beleren “Arratsalde honetan” abestiaren lehen 23 segundoak. Ikasturtean zehar, eta urteetan zehar, pentsa zenbat aldiz entzungo duen horko ikasleak zorioneko kantu hori. Kentzen al dio kopuruak edertasuna ekintzari? Edertasuna perfekzioarekin bakarrik neurtzen duenak itsustu egiten du bizitzaren muina. Gogaituko al dira ikasleak, irakasleak eta alboko bizidunak? Bederen eta zalantzarik gabe, kulturaren transmisioa egingo duelakoan nago, aspertu gabe. Dena den, kantu horrekin, gutxienez, ez naiz sentituko aloktonoa Euskal Herrian.